Albisteak

BERRIA

Erabaki hobeak hartu nahi dituzu? Ikas ezazu mikrobiologia

3 ekaina 2020

Erabaki hobeak hartu nahi dituzu? Ikas ezazu mikrobiologia

COVID-19 pandemiaren ondorioz, gizarteak oro har, eta hedabideek partikularki, interes handia erakutsi dute birologiaren inguruan. Mikrobiologiaren adar hori, bakteriologia, mikologia eta parasitologiarekin batera, saiatzen ari da egunerokoan gurekin bizi diren izaki ñimiño horiei buruz oraindik ere dauden misterio ugariak argitzen.

Baina errealitate ankerrak erakusten digunez, mikrobiologiak ohiz kanpoko arreta eskaintzen badie ere, oraindik oso hedatua dagoen iritzia da organismo ñimiño horietako gehienak (bakterioak, onddoak, birusak, protozooak, etab.) osasunerako mehatxu beldurgarria eta iraunkorra direla. Eta horren arrazoia da guri gaixotasunak, hainbat hilgarriak, eragiteko duten gaitasuna.

Hala ere, planetako alde guztietatik alderrai dabiltzan mikroorganismo horietako gehienek ez digute kalterik egiten eta, gainera, Lurrean bizi diren gainerako izaki guztien euskarri sistema garrantzitsu eta indar eragile gisa dihardute.

Mikroorganismoek moldagarritasun metaboliko harrigarria dute, malgutasun genetiko harrigarria, eta bizirauteko eta elastiko izateko gaitasun paregabea – planeta honetan agertu ziren lehen izakiak izan ziren eta, ziur aski, bertan biziko diren azkenak izango dira -. Horregatik, gure garaiko erronka askoren aurka borrokatzeko aliatu boteretsuak dira. Horien artean daude klima aldaketa, kutsadura, elikadura alorreko segurtasuna, edateko uraren hornidura eta, paradoxikoki, antimikrobiano berrien bilaketa.

Aro horretan aurrerapen ikaragarriak egiten ari gara giza mikrobiomaren ezagutzan, oraindik nabarmenki nahikoak ez badira ere, eta gure gorputzaren eta, ondorioz, gure osasunaren funtzionamenduan horrek duen egiteko funtsezkoa aurkitzen ari gara.

Inplikazio mikrobiologikoak dituzten erabakiak

Baina gure asmoa ez da organismo mikroskopiko eta harrigarri horiek ulertu eta eurekin lankidetzan aritzetik ateratzen ditugun eta atera ditzakegun onura ugariak zerrendatzea. Gure asmoa da herritar guztiak mikrobiologian alfabetatzeko dagoen premia larri eta ezinbestekoaren gainean arreta jartzea.

Gure gizarteak, horren errudun ez bada ere, ezjakintasun maila nabarmena erakusten du mikrobiologiari dagokionez. Hori ez da, inondik inora ere, desiragarria. Finean, bakarka edo kolektibo gisa, egunerokoan egiten ditugun jarduera eta hartzen ditugun erabaki askok mikrobioen munduarekin dugun interakzio estutik eratorritako inplikazioak eta ondorioak dituzte. Hona hemen zenbait adibide:

  • Elikaduraren esparruan: jaten ditugun zuntz edo azukreak, hartzen ditugun esneki eta probiotikoak (kefirra, jogurta, etab.), jakien manipulazioa eta kontserbazioa, eta daramagun dieta mota (begetarianismoa, beganismoa, etab.).<0}
  • Osasungarritasun eta higiene esparruan: erabiltzen dugun xaboia, hartzen ditugun dutxen maiztasuna, hortzak garbitzeko era, urak arazteko teknikak eta etxean erabiltzen ditugun garbiketa produktuak (lixiba, amoniakoa, fosfatodun edo gabeko detergentea, etab.).
  • Gure ohiturei dagokienez: ditugun maskotak, bisitatzen ditugun herrialdeak, erabiltzen ditugun garraio motak, sarri bisitatzen ditugun parkeak eta natur guneak, bainatzen garen ibaiak eta itsasoak, eta fauna basatia zeinarekin interakzionatzen dugun. Baita elkarri ematen dizkiogun besarkadak eta musuak ere: musu sutsu batekin milioika bakterio trukatzen ditugu.

 

  • Osasunaren esparruan: hartzen ditugun txertoak eta antibiotikoak, erditzeko era (erditzean milioika bakteriok kolonizatzen gaituzte) edo edoskitze mota.

 

Gure bizitzetako alderdi askotan mikroorganismoek duten presentziatik eta egitekotik eratorritako inplikazioak guztiok hobeto ulertuko bagenitu, aipatu ditugun esparru guztietan erabaki asko irizpide hobeagoekin eta egokiago hartu ahal izango genituzke.

Zentzu horretan, bereziki desiragarria izango litzateke osasun, ekonomia, gizarte edo ingurumen arloetan eragina duten erabakiak hartzen parte hartzen duten pertsonek oinarrizko ulermena izatea neurri horiek mikrobioen munduarekin duten harremanaren inguruan. Horrela, kostua edo denbora alderdiak kontuan hartzeaz gain, baloratu ahal izango lukete – logikoki, mikrobiologian adituak direnen laguntzarekin, horrela dagokionean – ea arazo jakin baten azpian dauden sorburuek, eta baita bere balizko soluzioek ere, mikrobioen alorreko jatorria izan dezaketen.

Urrutirago joan gabe, mikrobiologian oinarrizko prestakuntza izateak eta horrelako analisi batek COVID-19a, SARS-CoV-2 birusak sortutakoa, hobeto kudeatzen lagundu ahal izango zuten. Iristear dauden beste pandemia batzuen zain gaudela, arrazoiak sobera ditugu mikrobiologian alfabetatzeko erronkari ekiteko.

Mikrobiologia gehiago gelen barruan eta kanpoan

Ez da harritzekoa, hortaz, sona handiko zientzialari talde batek mikrobiologian alfabetatzeko beharraren inguruan arreta jarri berri izana. Hona hemen hori lortzeko proposatu dituzten zenbait estrategia:

  • Ikasgai hori hezkuntza programetan sartzea, bereziki lehen eta bigarren hezkuntzan. Halaber, metodologia erakargarriak erabiltzea planteatzen dute, prestakuntza lan emankor horretan arin eta eraginkorrago aurrera egin ahal izateko.
  • Mikrobiologian alfabetatzea, hizkuntza eta informatika ezagutzak bezala, oinarrizko osagai gisa sartzea lanpostuen deskribapenean.

Azken helburua da herritar guztiei mikrobioen munduari buruzko oinarrizko ezagutza egokia ematea, guztion artean, gure bizitza kalitatean hobekuntzak lortzeko eta planetaren zaintzari aurre hobeto egin ahal izan diezaiogun. Izan ere, beharbada, planetari buruz mikroorganismoek gizakiok baino gehiago izango dute esateko.

Carlos Garbisu, NEIKEReko arduradun zientifikoa

Itziar Alkorta, UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko Saileko irakaslea eta UPV/EHU-CSIC Biofisika Institutuko ikertzailea

Testu hau The Conversation medioan argitaratu zen lehen aldiz.