BERRIA
Animalia-nutrizioaren bikaintasunaren saria NEIKER, AZTI eta IRTA taldeentzat
19 urtarrila 2026
- Saritutako artikulua AZTIk zuzendu du NEIKER eta IRTArekin lankidetzan, eta agerian uzten du kafea, mahatsa eta halako azpiproduktuak balio handiko osagai funtzionalak izan daitezkeela.
- Sariak NEIKER taldearen ibilbidea babesten du abeltzaintza-sektorearen ingurumen-inpaktua murriztera bideratutako proiektuetan, hala nola ECOFFEEDen eta NEWFEEDen.
Elikatze-katea jasangarritasun handiagoko ereduetara eraldatzeko apustuak bultzada handia jaso du sektorean. Nekazaritzako elikagaien azpiproduktuen balorizazioari buruzko artikulu zientifikoak –AZTIk NEIKER eta IRTArekin lankidetzan garatutakoak– «Nutrizioa eta jasangarritasuna» kategoriako saria beretu du CESFAC Fundazioaren Miguel Ángel Díaz Yubero Sarien XII. edizioan.
Espainiako Albaitaritza Zientzien Errege Akademiak ematen du saria, CESFAC Fundazioak (Animalientzako Elikagai Konposatuen Fabrikatzaileen Espainiako Konfederazioa) babestuta dago eta orientazio aplikatu argiko lanak aitortzen ditu. Edizio honetan, epaimahaiak David San Martínek (AZTI) aurkeztutako ikerketa bat saritu du. Ikerketa horretan, orain arte hondakintzat jo izan diren materialak hausnarkarien, untxien eta arrainen dietan arrakastaz nola txerta daitezkeen aztertzen da. NEIKER taldearen aldetik, Aser Garcíak, Idoia Goirik eta Mounir Medjadbik osatu dute ikertaldea; izan ere, animalien nutrizioari buruzko ezagutza teknikoa eta esperientzia eman dute ikertzaile horiek.
Lankidetzaren balioa: ECOFFEED eta NEWFEED
NEIKERrek artikulu saritu honetan izandako parte-hartzea ez da isolatua izan; aitzitik, ekonomia zirkularreko ikerketa-lerro sendo baten –ECOFFEED, NEWFEED eta halako proiektu estrategikoen medioz garatutakoaren– emaitza da. Azterlanen arabera, animalia-dietan azpiproduktuak sar daitezke, hala nola kafe-hondarrak edo mahats-txortenak, ekoizpen-errendimenduari eragin gabe eta, zenbait kasutan, are azken produktuaren kalitatea hobetuta.
Sektorea eraldatzen duten emaitzak
Aintzatespen horrek balioa ematen die talde-lanari eta ikerketaren ikuspegi aplikatuari, eta agerian uzten du erreferentziazko zentroen arteko lankidetza (AZTI, NEIKER eta IRTA) funtsezkoa dela sektoreari benetako irtenbideak eskaintzeko. Lortutako emaitzek ebidentzia erabilgarriak eskaintzen dituzte pentsuen industriak lehengai konbentzionalekiko mendekotasuna murriztu dezan eta lehen hondakin soiltzat jotzen zen horretarako balorizazio-aukera berriak ireki daitezen.
Lankidetza horrekin, NEIKER taldeak euskal nekazaritzako elikagaien sektorerako aliatu estrategiko gisa sendotzen jarraitzen du, errentagarritasun ekonomikoa bioekonomiako estrategia europarrekin lerrokatzen duten irtenbideak bultzatuz, jasangarritasuna eta efizientzia eskutik joan daitezkeela agerian utzita.


