Albisteak

BERRIA

Euskadik aurrea hartu dio EBren Lurzoruaren Legeari, monitorizazio-sare aitzindari bati esker

4 abendua 2025
  • NEIKERek, OpenGeoHub fundazioarekin elkarlanean, 400 kontrol-puntuko sare bat diseinatzea sustatu du. Sareak DNA aztertzeko teknikak baliatzen ditu biodibertsitatea ebaluatzeko, estandar kimiko tradizionalak atzean utzita.
  • Lurraren Nazioarteko Egunaren bezperan (abenduak 5), NEIKERen monitorizazio-sare horrek funtsezko baliabide hori babesteko premia azpimarratzen du, lurreko ekosistemen osasuna bermatzeko NBEren helburu globalekin bat eginez.

 

Lurzorua funtsezko baliabidea da elikagaien ekoizpenerako, biodibertsitatea zaintzeko eta ingurumen-prozesuak erregulatzeko (esaterako, karbonoaren zikloa edo ur metaketa). Hala ere, Europan lurzoruaren osasunak narriadura-zeinuak ditu, higaduraren, materia organikoaren galeraren, kutsadura lausoaren edota erabilera jakin batzuen intentsifikazioaren ondorioz. Horri guztiari gehitu behar zaio ez dagoela informazio homogeneorik, eskualdeak konparatzea ahalbidetzen duenik, eta, ondorioz, zaila da arazo horien tamaina zehatz jakitea eta kudeaketa jasangarriko politika eraginkorrak bideratzea.

Horren aurrean, Europar Batasuneko Kontseiluak arau-esparru komuna ezarri du estatu kide guztietako lurzoruaren egoera ebaluatzeko. Lurzoru Zaintzarako Zuzentarau berriak hainbat alderdi zehazten ditu; adibidez, laginketa-puntuak hautatzeko modua, zein deskriptore neurtu behar diren eta zer metodologia aplikatu behar den, europar eskalan konparagarriak diren datuak lortzeko. Horren guztiaren helburua da aurrera egitea zaintza-sistemaren eraikuntzan, gai izan dadin diagnostiko fidagarriak eman, eta EBko lurzoru-ekosistema guztiak 2050. urtea baino lehenago osasun-egoera onean daudela bermatzeko.

Erronka horri aurre egiteko eta EAEko egoera erreala ezagutzeko, eta arauaren transposizio ofizialaren zain ez geratzeko, NEIKERek aurrea hartzea erabaki du, eta Bruselak proposatutako esparru metodologia aplikatzen hasi da. Monitorizazio-sare hori 2024an diseinatu zen OpenGeoHub fundazioarekin elkarlanean, eta aukera eman dio zentroari estrategikoki kokatutako 400 puntu identifikatzeko. Horri esker, EAEko eskualde-aldakortasuna hauteman dezake, klima-aldagaiak, aldagai edafikoak eta paisaia-aldagaiak kontuan hartuta.

Hedapenari dagokionez, lehen urratsa udazken honetan egin dugu; 60 punturen laginketa pilotua egin da labore-lurretan, gehienbat zereal soroetan, mahastietan eta baratzetan, jabeen laguntzari esker. Hala, metodologia lurrean bertan baliozkotu ahal izan dugu”, azaldu du Pilar Merino NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbazio Sailaren arduradunak.

 

Biologia, adierazle gisa

Araudi horren berritasun nagusia, eta zentroak hedatu duen sarearena, hauxe da: lurzoruaren osasuna ez da gehiago ebaluatuko parametro fisiko eta kimikoak bakarrik kontuan hartuta, eta deskriptore biologikoak ere nahitaez kontuan hartuko dira.

Ikuspegi horren bidez, biodibertsitate edafikoak —besteak beste, onddoak eta bakterioak— zeregin funtsezkoa duela aitortzen da, ingurumen-aldaketei bizkor erantzuten dielako eta bizi-funtzio hainbaten (hala nola mantenugaien eskuragarritasuna, materia organikoa deskonposizioa eta kutsagaien degradazioa) erantzulea delako.

Biodibertsitate ezkutu hori aztertzeko, NEIKERek teknika aurreratuak erabiltzen ditu, hala nola amplicon sequencinga edo metabarcodinga. Horren bidez, lurzoru-laginetako DNA atera eta sekuentziatzen da, lurzoruan dauden organismoak identifikatzeko, eta ohiko laborategi-kultiboen bidez identifikatu daitekeen espezie kopurua baino askoz ere handiagoa den espezie kopurua identifikatzea lortzen da.

Neurketa horiek eskala handian aplikatzeko garaian, erronka handienetako bat da biodibertsitatea ebaluatzeko metodo estandarizaturik ez dagoela. Ez da halakorik gertatzen analisi fisiko-kimiko tradizionaletan, protokoloak estandarizatuago daude eta. Aldakortasun-arazo hori konpontzeko, eta datu harmonizatuak sortu ahal izateko, zentroak JRCren (Europako Batzordearen Ikerketa Zentro Erkidea) egoitzan (Ispra, Italia) egingo den bilera estrategikoan parte hartuko du datorren otsailean. Bertan, estatu mailan erabili ahalko den metodologia adosten ahaleginduko dira.

 

Tresna estrategikoa sektorearentzat

Zaintza-lan horrek ez dakar betebehar eta zama administratibo gehigarririk nekazaritza-sektorean; izan ere, sarea laguntza-zerbitzu gisakoa izango da, diagnostiko jarraitu eta fidagarria emango duena EAEko lurzoruen bilakaeraren gainean.

“Informazio hori edukita, erabakiak ebidentzian oinarrituz hartuko dira, eta nekazaritza-politikak eta landa-garapenekoak zehaztu ahal izango dira, baita klima-aldaketa apaldu eta aldaketara egokitzekoak eta giza osasunari buruzko politikak ere, eta horien eraginkortasun-analisia egin ahal izango da”, adierazi du Lur Epelde NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbazio Saileko ikerlariak.

Halaber, zentroak bildutako datuek ikerbide berriak irekitzeko eta sinergiak sortzeko balioko dute, esaterako, kutsagai sintetiko iraunkorrei (PFAS) buruzko lantaldeari informazioa emanda edo antibiotikoekiko erresistentzia-geneak monitorizatzeko proiektuak garatuta.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.