Albisteak

BERRIA

NEIKERek segurtasun goreneko laborategia berritu du, eta animalien osasunari buruzko ikerketa indartu

5 azaroa 2025

 

  • Teknologia-zentroak gaur goizean inauguratu ditu Derioko instalazio berriak. Instalaziooi esker handitu egin du hegazti-gripea eta Q sukarra patologiak, besteak beste, aztertzeko ahalmena.
  •  Berrikuntzak 900 m²-ra arte handitu du eremua, eta barne hartzen ditu bost laborategi independente, espezie txikientzako lau gelako animaliategi bat eta animalia handientzako lau box.
  •  Beste ikerketa-zentro eta enpresa batzuek jo ahal izango dute instalazio horietara saiakuntzak segurtasunez eta kontrolpeko egoeretan egiteko.

 

Hegazti-gripea, Q sukarra edo tuberkulosia animalia-jatorriko patologia batzuk baino ez dira, eta arriskutsuak dira hala aziendarentzat nola osasun publikorako. Bereziki diseinatutako instalazioak behar dira gaixotasunak aztertzeko, ahalik eta segurtasun handiena bermatzeko, eta pertsonentzat nahiz ingurunearentzat izan litekeen ondorio oro eragozteko.

Agenteen ikerketa bultzatzeko asmoz, NEIKER teknologia-zentroak, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko erakundeak, 3. mailako bioeuspen-laborategiko (NCB3) instalazio berriak inauguratu ditu gaur goizean Derioko egoitzan. Hala bada, erabateko berrikuntzaren ondoren, 900 m²-ra handitu du azalera, segurtasuna sendotu du eta eraginkortasun energetikoa hobetu du.

Berrikuntzan bost milioi euro inbertitu dira. Gehienbat Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak finantzatu du, eta, neurri batean, Estatuko Ikerketa Agentziak. Arrisku biologiko handiko patogenoekin lan egiteko diseinatutako abangoardiako espazioa izan da emaitza, non segurtasuna erabatekoa den bai ikertaldearentzat eta bai ingururako.

«Instalazio aparta da, gaixotasun zoonotikoentzako konponbideak bilatzeko sortua. Gaixotasun zoonotikoak pertsonei zein animaliei eragiten dietenak dira, eta haien artean nabarmentzen dira, besteak beste, tuberkulosia, hegazti-gripea, behien entzefalopatia espongiformea eta Q sukarra», adierazi du teknologia-zentroko Animalien Osasun Saileko arduradun Joseba Garridok.

 

200 m2 gehiago eta lankidetza berriak

Birmoldaketak 200 metro koadroko handitzea ekarri du. Halaber, eremuak berrantolatu egin dira honako hauek sortzeko: bost laborategi independente, espezie txikientzako lau gelako animaliategia, animalia handientzako lau box, nekropsia-gela bat eta gune teknikoak, guztiak animalien ongizatearen azken estandarretara egokituak.

Konfigurazio berriari esker handitu egin dira beste ikertalde eta enpresa batzuekin lankidetzan aritzeko aukerak. «Instalazio horiek bereziki baliotsuak dira albaitaritzaren sektoreko farmazia-enpresentzat; izan ere, neurri handiko animaliengan prototipoak baldintza seguruetan probatu behar dituzte», nabarmendu du Garridok.

Era berean, egindako hobekuntzen artean daude sistema kritiko erredundante eta optimizatuak, eragiketen segurtasuna eta fidagarritasuna handitzen dutenak, bai eta klimatizazioan geotermia sartzea ere. Horrek eraginkortasun energetikoa hobetzen du, eta instalazioaren funtzionamendu jasangarriagoa lortzen laguntzen du.

Lanei esker, instalazioak ikerketarako eta lankidetzarako gaitasuna handitzeaz gain, indartu ere egiten du Euskadik animalien osasunean eta biosegurtasunean duen tokia. Inaugurazio-ekitaldian islatu da erakundeen babesa, bertan parte hartu baitute Imanol Pradales lehendakariak, NEIKEReko zuzendari nagusi Olatz Unamunzagak, erakunde zientifikoetako ordezkariek eta Euskadiko abeltzaintza-sektoreko eragile nagusiek.

Lehendakariak bere hitzaldian adierazi duenez, «Euskadin horrelako laborategiak izateak indartu egiten du komunitateak gaixotasunak zaintzeko eta prebenitzeko Europako sarean duen tokia, eta lagundu egiten du bai abereak bai pertsonen osasuna babesten».

Bestalde, zentroko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, «instalazio horiek aukera ematen digute garrantzi sanitario handiko animalien gaixotasunen ikerketan aurrera egiteko, irtenbide berriak garatzeko eta beste zentro eta enpresa batzuekin lankidetzan aritzeko, nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorearentzat zein gizarte osoarentzat onuragarriak izango diren emaitza zehatzak sortzeko».

Modernizazio horri esker, NEIKERek indartu egiten du Europako erreferentziazko bazkide gisa duen erakargarritasuna, finantzaketa bide berriak irekitzen ditu, eta zientziarako nahiz osasun publikorako azpiegitura estrategiko baten erabilera optimizatzen du.

 

Motzean

  • Arrisku handiko agente patogenoen azterketan segurtasun eta efizientzia handiagoz lan egiteko instalazioa.
  • 900 metro koadroko bioeuspen-eremua, Derion kokatua eta honela banatua:
    • Bost laborategi.
    • Animaliategia, animalia txikientzako lau gelakoa.
    • Animalia handientzako lau box.
    • Nekropsia-gela.
    • Eremu teknikoak.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.