Albisteak

BERRIA

2024ko memoria: NEIKERek nekazaritzako elikagaien berrikuntza bultzatzen du, soluzio estrategikoekin eta konpromiso berrituarekin

1 uztaila 2025

 

2024an, NEIKERen berretsi egin dugu nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren euskal sektorearen garapen jasangarriarekin gudun konpromisoa, eta sendoturik gelditu da egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko funtsezko eragile gisa dugun eginkizuna. Jakintza zientifikoan oinarritutako soluzio baliotsuak sortzen jarraitu du, helburu gisa harturik, batetik, gizarte-ongizatean laguntzea eta, bestetik, enpresen eta administrazio publikoen lehiakortasuna indartzea.

Aurreko ekitaldian, NEIKERek 15.634.606 €-ko jarduera-bolumena izan zuen guztira diru-sarreretan, eta 3.241.362 €-ko inbertsioa egin genuen.

 

NEIKERen aurrerapen garrantzitsuak bultzatu ditugu gure ardatz estrategikoen esparruan. Berrikuntza-motor gisa finkatu gara, eta aktiboki parte hartu dugu estatuko eta nazioarteko proiektuetan, ardatz gisa harturik klima-aldaketa, lurzoruaren osasuna eta sortzen ari diren gaixotasunak. BALTSAN sarea abian jartzea izan da nabarmentzeko moduko mugarri bat: ekimen horren bidez, epe luzerako nekazaritza-saiakuntzak egiten dira labore estrategikoetan (zerealak, fruta-arbolak, mahastiak eta larreak). Haren bidez, Europako erreferentzia gisa posizionatu nahi dugu Euskadi nekazaritzako I+G+Ban.

Funtsezkoa izan da nekazaritzako teknologiaren eta bioekonomia zirkularraren aldeko apustua. NEIKERen aurrera jarraitu dugu lurzoruek karbonoa bahitzeko gaitasunaren inguruko jakintzan. Hala, karbono-mapa eguneratu dugu, bai eta haren potentziala modelizatu ere. Horretaz gainera, doitasunezko nekazaritzan sakondu dugu, nekazaritza-intsumoak optimizatzeko (ongarriak, pestizidak, ureztapena) eta berotegi-efektuko gas-emisioak modelizatzeko. Labore bertikalak garatu ditugu elikagaien ekoizpen jasangarria optimizatzeko, eta karbono-nekazaritzako merkatua ezartzeko gakoak identifikatu dira. “One Health” estrategiaren testuinguruan, animalien osasunerako txertoak diseinatu ditugu, bai eta zoonosia prebenitzeko eta kontrolatzeko estrategia integralak ezarri ere. Bi patente berri eskaturik, bikaintasuna ere izan da: batetik, ganaduak paratuberkulosiarekiko duen erresistentzia aurreikusteko metodo bat, eta, bestetik, birusekiko erresistentea den piper-barietate bat, INDARTSU izenekoa. Era berean, 2024ko Eskualdeen Bioekonomia Gailurrean ere parte hartu genuen Bruselan, eta Euskadik basogintza-bioekonomian egindako apustua azaldu genuen.

Jasangarritasunarekin duen konpromisoaren ildotik, NEIKERek energia-kontsumoa % 14 murriztea lortu du 2015 eta 2023 artean, eta, 2024an, orotara baliaturiko energiaren % 31 iturri berriztagarrietatik sortua izan da. Gainera, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak Jakintza Transferitzeko Bulego gisa aitortu gintuen, eta, hala, indarturik gelditu zen zientziaren eta sektorearen arteko zubi gisa dugun egitekoa.

 

Giza taldea, hazten eta etorkizuneko ikuspegiarekin

Aurrerapen hori guztia NEIKEReko giza taldeari esker egin da. Orotara 203 profesionalek osatua da, eta haietatik % 57 emakumeak dira. Nabarmen inbertitu dugu bere langileen garapenean eta ongizatean, eta 5.622 trebakuntza-ordu eskaini ditugu 128 prestakuntza-ekintzaren bidez —hau da, 2023an baino % 38 gehiago—. Orotara, 92.530 euroko inbertsioa egin dugu ildo horretan. Nabarmentzekoa da, orobat, soldaten ekitatea: % 3,3ko arrakala ageri da ordainsarietan emakumeen alde. Era berean, emakumeen presentzia nabarmena da lidergo-postuetan (% 55), baita hizlari gisa ere transferentzia-jardunaldietan (NEIKEReko hizlarien % 67). Carlos Garbisu, Inma Estevez, Ramón Juste eta beste zenbait ikertzailek Stanfordeko ranking ospetsuan jarraitzen dute.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero, gonbidaturik zaude NEIKERen 2024ko Memoria Korporatiboa kontsultatzera.

 

 

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.