Esnea ekoizteko sistema jasangarriak: trantsizio agroekologikoranzko ikuspegi osoa abeltzaintzan eta eskualdeetan
- Proiektuaren hasiera: 2025/05/01
- Proiektuaren amaiera: 2028/04/30
- Ikertzaile nagusia: Roberto Ruiz
- Finantzatzailea: Europar Batasuna
- Programa: Agroecology Partnership
- Deialdia: 1ST Co-funded call (2024) – Theme1: Enhancing agroecology at farm level
- Erreferentzia: TEDY
- Akronimoa: TEDY
- Guztizko aurrekontua: 3.406.000 € (NEIKER: 410.000 €)
- Finantzatutako ehunekoa: 2.786.000 €, % 80 (NEIKER: 162.000 €, % 40)
- Bazkideak: Uni. Bolzano, Teagasc, R+D Inst. for Bovine, Agroscope, CITA-Aragón, FeedInov CoLAB Research & Innovation, Research Institute for Agriculture, Fisheries and Food, NPPC, Natural Resources Institute Finland, Çanakkale Onsekiz Mart University Animal Science, Lithuanian Research Centre for Agriculture and Forestry, Georg-August-Universität Göttingen, South Tyrolean Farmers’ Association, INAGRO
Helburu orokorra:
Proiektuak lagundu nahi du Europako esne-behien abeltzaintza-sistemek egin dezaten ekonomikoki bideragarriak eta ingurumenaren aldetik jasangarriagoak diren ekoizpen-jardunbideetarantz, eta era horretan, onuragarriak izan daitezen parte hartzen duten herrialdeentzat, eta munduko beste eskualde eta herrialde batzuetan esne-ekoizpenaren jasangarritasunerako erreferentzia-eredu gisa balio dezaten.
Helburu zehatzak:
- Esne-behien abeltzaintzarako Trantsizio Agroekologikoaren (TA) kontzeptua definitzea: Trantsizio Agroekologikorako esparru zehatza garatuko dugu esne-ekoizpenerako sistema jasangarriak eta erresilienteak indartzen dituzten funtsezko terminoak, printzipioak eta jardunbideak definituz. Hartarako, lehen fasean, azterketa bibliografiko handiak egingo ditugu, sektoreko eragileei kontsultatuko diegu eta bazkide diren herrialde guztietako adituekin eztabaidatuko dugu Trantsizio Agroekologikoa argi eta garbi uler dadin, eta askotariko eskualdeetako oraingo egoeraren berri jasotzeko, bai eta etorkizuneko helburuak eta mugarriak ezartzeko ere.
- Erronkak eta aukerak identifikatzea honako hau zehatz-mehatz ebaluatuz: esne-ekoizpeneko oraingo jardunbideak, ingurumenean zer eragin duten eta faktore sozioekonomikoak. Eragile interesdunak parte hartzeko ikuspegien bitartez barne hartzeak bermatuko du erronka eta aukera identifikatuak bideragarriak eta nabariak izatea, eta horren ondorioz, eragina duten esku-hartzeak egongo dira.
- Jardunbide agroekologikoak garatzea eta aplikatzea: Jardunbide berritzaileak garatu eta probatuko dira, hala nola hobekuntza genetikorako programekin lotutakoak (esate baterako, metanoa ekoizteko balio genetikoak estimatzea), izurrien kudeaketa integratua , txandakako larratzea eta doitasun-teknologiak. Ikuspegia baliteke pixka bat aldatzea bazkide diren herrialdeen artean. Merkataritza-abeltzaintzetako saiakuntzak, Living Labs edo agroekosistemen laborategi biziak (ALL) eta parte hartzeko ikerketa erabiliko ditugu askotariko testuinguru agroekologikoetan jardunbideon efikazia eta eskalagarritasuna ebaluatzeko. Zenbait bazkidek lehendik dauden abeltegi esperimentaletan lan egingo dute.
- Trantsizio agroekologikoak ekonomian, gizartean eta ingurumenean zer eragin duen ebaluatzea. Barne hartzen du jarraipen-esparru sendoak erabiliz adierazleak ebaluatzea, hala nola intsumoen kostuak, produktibitatea, lan-karga, ekoizleen ongizatea, komunitateen erresilientzia, berotegi-efektuko gasen emisioak, uraren kalitatea eta biodibertsitatea.
- Jardunbide jasangarriak orokorrean ezar daitezen erraztea abeltzainen prestakuntzarako programen bitartez, lekuan bertan egindako demostrazioen bidez eta jakintzak elkarri trukatzeko sareen bitartez. Komunikazio-materialak, lineako baliabideak eta politiken laburpenak egingo dira, emaitzen berri emateko, eta tokiko mailan, estatuetan eta nazioartean elkarrizketa politikoa sustatzeko.
Emaitzak:
EAEko laborategi bizietan garatzen diren luzetarako azterketen barruan, NEIKERrek bere jakintza transferituko dio sektoreari, esne-behien abeltzaintza kudeatzeko orduan berrikuntzak ezar daitezen.
Oro har, espero izatekoa da TEDY proiektuak eragin adierazgarria izatea esne-behien sektoreko jasangarritasunaren ingurumen-alderdian, alderdi ekonomikoan eta alderdi sozialean:
- TEDYk esne-ekoizpeneko sistemen bideragarritasun tekniko-ekonomikoa bultzatuko du; izan ere, hobetuko du baliabide-erabileraren efizientzia eta animalien osasuna (bizitza-luzera handiagoa), eta murriztuko du intsumoen kostua. Proiektuak prestakuntza praktikoa eta gaikuntza emango dizkie abeltzainei, eta horrek lagunduko die jardunbide jasangarriak ezartzen, abere saldoaren kudeaketa optimizatzen eta errentagarritasun osoa hobetzen. Laguntzeko mekanismoek barne hartuko dituzte aholkularitza finantzarioa, teknologia berritzaileetarako sarbidea eta merkatua hedatzeko estrategiak, eta era horretan, epe luzeko egonkortasun ekonomikoa eta esne-sektorearen hazkundea bermatuko dira.
- Esne-ekoizleen komunitateetan kohesio soziala indartuko du ekimen zehatzen bitartez, hala nola lidergoari, ustiategi-kudeaketari eta trebetasun teknikoei buruzko prestakuntza, eta tutoretza nahiz babes finantzarioa, negozioak abian jartzen eta handitzen laguntzeko, bereziki emakumeen kasuan, anima daitezen elkarteetan eginkizun aktiboagoa betetzen eta sektorean duten eragina areagotzen. Gazteentzat, TEDY enplegu-aukerak sor daitezen sustatzen saiatuko da ikasketa, praktika eta hezkuntzako programen bitartez. Programak sektoreko erakundeekin eta bazkideekin elkarlanean diseinatuko dira. Ahaleginok helburutzat dute gazteei trebetasun praktikoak ematea eta profesional kualifikatuen beste belaunaldi bat sustatzea, esne-behien abeltzaintzan berrikuntza eta jasangarritasuna bultzatzeko. Gainera, ustiategien emaitza ekonomiko orokorren emaitzak hobetzeari esker, gazteek motibazio hobea izango dute ganadutegiak etorkizunerantz eramateko.
- Ingurumenaren ikuspegitik, TEDYk jardunbide agroekologikoak bultzatuko ditu, hala nola abeltegian eta tokiko mailan elikatzeko baliabideen ekoizpenaren hobekuntza, hazkuntza-estrategia optimizatuak, ekoizpen ekologikoa eta izurrien nahiz energiaren kudeaketa integratua. Ahaleginok esne-behien abeltzaintzaren ingurumen-aztarna murriztuko dute, berotegi-efektuko gasen emisioak gutxitzeko, uraren kalitatea hobetzeko eta paisaietan biodibertsitatea bultzatzeko.