Albisteak

BERRIA

NEIKERek Euskadik baso-bioekonomian egindako apustua azaldu du, 2024 Bioeconomy Regions Summit-ean

28 azaroa 2024
  • European Forest Institute (EFI) erakundeak antolatutako Eskualdeen Bioekonomia Goi-bileraren lehen edizioa ospatu da Bruselan
  • Bertan, Leire Barañano NEIKEReko zuzendariak Euskadiko Baso Bioekonomiaren Estrategia eta Enkarterriko Bioeconomy Hub-aren papera aurkeztu ditu
  • Euskadik NEIKERen bidez parte hartzea trantsizio honetan duen lidergoaren isla da, baita eragin globala duen tokiko ikuspegitik irtenbide berritzaileak emateko duen ahalmenarena ere

Bioekonomia zirkularra irtenbide estrategikoa da Europa karbono gutxiko ekonomia lehiakor eta iraunkor baterantz joan dadin. Europako eskualdeek, Euskadik adibidez, funtsezko zeregina dute aldaketa horretan, tokiko baliabideetan oinarritutako irtenbideak inplementatzen baitituzte, berrikuntza eta lankidetza publiko-pribatua sustatzen baitituzte, eta baliabide naturalen iraunkortasuna bermatzen baitute.

Euskadi, NEIKERen bidez, Bioregions plataformako kide aktiboa da. Plataforma hori European Forest Institute (EFI) erakundeak sustatzen du, eta Europan baso-bioekonomiaren ezarpena bizkortzeko lan egiten du. Foro honek eskualdeak aldaketaren eragile gisa duten posizioa indartzeaz gain, lurraldeen arteko lankidetza eta ezagutza trukea ere sustatzen du.

Testuinguru horretan, Bioeconomy Regions Summit (Eskualdeen Bioekonomiaren Goi-bilera) ekitaldiaren lehen edizioa egin da gaur Bruselan. European Forest Institute (EFI) erakundeak antolatu du ekitaldia, Euskadi, Katalunia eta Ipar Renania-Westfaliako gobernuekin batera, Europako eskualdeek baso-bioekonomiaren ezarpenean duten eginkizuna balioan jartzeko. Topaketa horretan, Europako erakundeetako ordezkariak, eta adituak elkartu dira.

Europako ekonomia zirkularrerako funtsezko ekosistema

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Leire Barañano NEIKEReko zuzendari nagusiak (Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko erakundea) “Realising place-based bioeconomy ambitions” izeneko panelean parte hartuko du. Hitzaldian, Euskadiko Baso Bioekonomiaren Estrategiaren aurrerapenak eta erronkak aurkeztu ditu Barañanok, baita Enkarterriko Bioeconomy HUBak Europa hegoaldean ekonomia zirkularra bultzatzeko duen funtsezko zeregina ere.

Leire Barañanoren hitzaldian, Euskadik baso-bioekonomiaren arloan duen ikuspegia nabarmendu da, Enkarterriko Bioeconomy HUB-a bereziki azpimarratuz. Ekintzailetza eta prestakuntza zentro honen helburua da bioekonomia zirkularreko proiektuak inkubatu eta bizkortzeko ekosistema sendo bat sortzea, espazio fisikoak, euskarri teknikoa eta finantzaketa eskainiz.

Horrez gain, bioekonomia garatzeko erronka nagusiei heldu die Barañanok, hala nola araudi malguago baten beharrari, azpiegitura eta teknologia aurreratuetan inbertsio handiagoari, eta egungo oztopoak gainditzea ahalbidetuko duen ekosistema kolaboratibo bati.

Eskualdeetako Bioekonomiari buruzko I. Goi-bilera mugarria izango da Europako eskualdeek karbono gutxiko ekonomia iraunkorrarekin duten konpromisoan. Euskadik NEIKERen bidez parte hartzea trantsizio horretan duen lidergoaren isla da, bai eta eragin globala duen tokiko ikuspegitik irtenbide berritzaileak emateko duen gaitasunarena ere.