Albisteak

BERRIA

Denbora errealeko diagnostikoa eta AA algoritmoak patatatan izurriteak eta gaixotasunak detektatzeko

12 abuztua 2024

 

  • NEIKERek PataFEST Europako proiektua gidatzen du, izurriteen eta hainbat patologiaren aurrean pataten erresistentzia geneak identifikatzeko metodoak garatzeko
  • Zehazki, zentroak tuberkulu horren 500 barietateren baino gehiagoren erresistentzia ebaluatzen ari da herdoil zilarkara eta antzeko arazoen aurka, zeinek laborearen kalitatea hondatu eta galera ekonomiko handiak sortzen dituzten

 

Nekazaritza sektoreak hainbat erronkari egin behar die aurre klima aldaketaren, izurri eta gaixotasun berrien agerpenaren eta pestiziden erabilera intentsiboaren ondorioz. Arazo horiek, laboreen produktibitateari ez ezik, ingurumenaren oreka eta elikagaien segurtasuna ere arriskuan jartzen dute.

Egoera horri heltzeko, Horizon 2020 programak finantzatutako PataFEST Europako proiektuak landareen osasuna hobetzeko eta nekazaritza praktika jasangarriak sustatzeko irtenbideak aurkitu nahi ditu. Helburu nagusia patatek izurrite eta gaixotasun espezifikoen aurrean duten erresistentzia handitzeko balioko duten praktikak garatzea da.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren menpeko NEIKER zentro teknologikoak funtsezko zeregina jokatzen du proiektuan. Zehazki, ekimenean egiten diren lan zientifiko-teknikoak gidatzen ditu, eta horien artean nabarmentzen da 500 patata barietatek baino gehiagok hainbat gaixotasunekiko duten erresistentzia ebaluatzea. Barietate horiek NEIKEReko germoplasma bankuan eta zenbait herrialdetako bildumetan aztertzen dira, hala nola Belgikan eta Alemanian.

Arlo honek patata aniztasun genetiko zabala gordetzen duen bilduma espezializatu bat du, hainbat patologiaren aurrean dagoen erresistentzia aztertu eta hobetzeko aukera ematen duena”, dio Amaia Ortiz NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babes Departamentuko buruak.

Gaixotasunen aurreko erantzuna

Zentroak, erresistentzia genetikoa ebaluatzeaz gain, gaixotasunak detektatzeko eta kontrolatzeko teknika berriak ikertzen eta probatzen ditu. Estrategia horiek landan bertan zein biltegian balioztatzen dira, nekazaritzako baldintza desberdinetan eraginkorrak direla eta ondo egokitzen direla bermatzeko.

Azterlan horren bidez, ekimenak patataren gaixotasun espezifikoak kontrolatzeko irtenbide jasangarriak garatu eta aplikatu nahi ditu, hala nola herdoil zilarkara, usteldura lehorra eta dartrosia. Patologia horiek ohikoak dira Europan, eta galera ekonomiko handiak eragiten dituzte, laboreen errendimendua nabarmen murrizten dutelako, patataren kalitatea hondatzen dutelako eta maneiu eta biltegiratze kostuak handitzen dituztelako.

Saiakuntzak Ekuadorren

Ikerketak ez dira soilik Europako kontinentera bideratzen. Ozeanoaren beste aldean ere garatuko dira, Europan oraindik erregistratu ez den baina batez ere Ekuadorren eragin handia izaten ari den “zebra txip” aztertzeko. Horri erantzuteko, pestizida kimikoak erabiltzea saihesten duen kudeaketa jasangarriko estrategia bat garatzeko lanean ari dira, ingurumena gehiago errespetatzen duten nekazaritza praktikak sustatzen dituen EBren 2030erako Biodibertsitate Estrategiaren ildotik.

Estrategia hori Hego Amerikako herrialdean landuko da, eta bertako zentro batek patogenoari aurre egiteko eta Europan zabaltzea saihesteko saiakuntzak egingo ditu”, ikertzaileak azaldu duenez.

Detekzio goiztiarra

Aldi berean, PataFESTek teknologia aurreratuak eta nekazaritzako praktika ekologikoak uztartzen ditu, denbora errealeko diagnostiko tresnak eta adimen artifizialeko algoritmoak integratuz izurriteak eta gaixotasunak goiz detektatzeko. Horrela, arazoei aurrea hartzeko eta neurri zuzentzaileak modu proaktiboan aplikatzeko aukera ematen zaie nekazariei.

Eragin soziala, zientifikoa eta ekonomikoa

Proiektuak eragin sozial, zientifiko eta ekonomiko handia izango du. Alderdi sozialari dagokionez, ekimenak nekazaritza jasangarriagoa sustatuko du, pestizidekiko mendekotasuna murriztuz, nekazari komunitateen mesedetan, elikaduran segurtasun hobea eta maneiuan kostu gutxiago izatea lortzeko.

Horrez gain, arlo zientifikoan, pataten erresistentzia genetikoan eta diagnostiko eta kontrol teknika berriak diseinatzen eta abian jartzen aurrera egiteko aukera emango du, teknologia aurreratuak erabiliz, hala nola adimen artifiziala.

Ekonomia mailan, ekimenaren esparruan garatzen ari diren jarduerek laboreen narriadurari lotutako galera eta kostuak murrizten, errentagarritasuna handitzen eta ingurumena errespetu handiagoz kudeatzen lagunduko dute.

Horrenbestez, PataFESTek, nekazaritzako ekoizpen eraginkorragoa eta ekologikoagoa lortzen laguntzeaz gain, sektorearen egungo erronkei aurre egiteko praktika jasangarriagoetarako trantsizio efizientea bultzatzea ere lortuko du.

Informazio gehiago: patafest.eu