Albisteak

BERRIA

Arrantza hondakinetan oinarritutako ongarri biologikoak: nekazaritza lurretarako aukera jasangarria

15 uztaila 2024

 

  • NEIKER zentro teknologikoak, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saileko erakundeak, materia organikoa lursailera ekartzen duten ongarrien eta bioestimulatzaileen garapena ikertzen du
  • Europako “Baserritik Mahaira” estrategiak ezarritako ongarri mineralen erabilera murriztea ahalbidetuko dute
  • Ekimen hau Europako SEA2LAND proiektuaren barruan dago, arrainaren hondakinetatik eta akuikulturarekin lotutako jardueretatik ongarri organikoak garatzeko
  • SEA2LAND: bioekonomia etorkizuneko eredu ekonomiko gisa bultzatzeko estrategia europarra eta bioekonomia jasangarrirako trantsizioa sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa

NEIKER zentro teknologikoa ongarri biologikoen eta bioestimulatzaileen garapena ikertzen ari da. Ongarri horiek materia organikoa ematen diote lurrari, eta arrantza-hondakinetatik abiatuta egiten dira. Hori dela eta, nekazaritza-lurzoruetarako alternatiba iraunkorra dira. Producing advanced bio-based fertilizers from fisheries Wastes (SEA2LAND) proiektu europarrak, NEIKERek koordinatuta, oinarri biologikoko ongarriak garatzen ditu arrainaren hondakinetatik eta akuikulturarekin lotutako jardueretatik abiatuta.

Nitrogeno, fosforo, potasio eta antzeko substantzia mineralez osatutako ongarri tradizionalak dira gehien aukeratzen direnak kontinenteko lurrak elikatzeko garaian. Aitzitik, horien ekoizpena energia kantitate handiak eskatzen dituzten eta ingurumen inpaktu handia eragiten duten prozesu industrialen mende dago.

Horregatik, ongarri jasangarriagoak bilatzea lehentasun bihurtu da Europako nekazaritza sektorearentzat, baina oraindik bide luzea dago egiteko. Izan ere, osagai mineraleko ongarriak Europako kontsumoaren %78 inguru dira oraindik ere.

Testuinguru horretan sortu da Europako Producing Advanced bio-based fertilizers from fisheries Wastes proiektua (SEA2LAND), Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den NEIKER zentro teknologikoak koordinatua, oinarri biologikoko ongarriak garatzeko helburuarekin, arrain hondakinetatik eta akuikulturari lotutako jardueretatik abiatuta.

NEIKER Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko erakundea da, eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko nekazaritza- eta basogintza-sektorea sustatzeko, garatzeko eta kudeatzeko diseinatzen dituen estrategiei erantzuten eta laguntzen die.

Azpiproduktu horiek nitrogeno, fosforo, potasio eta antzeko nutriente aprobetxagarriak dituzte, baita beste mikronutriente batzuk ere, oinarri biologikoko ongarriak ekoizteko aukera interesgarri bihurtzen dituztenak. “Arrain hondakinetako nutrienteak birziklatuz, lurzoruaren emankortasuna modu jasangarrian mantendu eta hobetu daiteke. Gainera, lurrari materia organikoa ematen diotenez, lurraren egitura eta ura atxikitzeko ahalmena hobetzen da eta higadura murrizten da”, azaldu du Marta Arangurenek, NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbazio Departamentuko ikertzaileak.

Hainbat baldintza klimatikotan probatzen

Eraginkortasuna egiaztatzeko, SEA2LAND proiektuaren barruan garatutako ongarri eta bioestimulatzaileei saiakuntza batzuk egin zaizkie Europako zenbait kokagunetan, ongarrietako nitrogenoaren aprobetxamendua lurzoruaren ezaugarrien eta baldintza klimatikoen araberakoa baita.

Proba horien artean, NEIKERek bi saiakuntza egin ditu jarraian Derioko (Bizkaia) bere instalazioetan 2023ko eta 2024ko brokoli uztetan. Horietan hiru ongarri mota probatu dira: arrain lohizko pelletak, arrain proteina eta arrain hondakinen produktu biolehorra.

Gainera, bi bioestimulatzaile probatu ziren (landareen nutrizio prozesuak estimulatzeko funtzioa duten substantziak): atun gatzunetan hazitako mikroalgak, Euskadiko atun kontserba hondakinetatik abiatuta sortutakoak, eta aminoazidoz egindako soluzio bat.

SEA2LAND proiektuan garatutako ongarri biologiko berriekin mineralek eskaintzen dituzten ongarrien errendimenduen antzekoak lortu ditugu, eta horrek esan nahi du alternatiba erreala izan daitezkeela, askoz jasangarriagoak izateko eta gutxiago kutsatzeko abantailarekin”, Arangurenen esanetan.

Bioestimulatzaileekin lortutako emaitzei dagokienez (askotan ongarriekin batera aplikatzen dira), “nitrogeno mineralaren dosia %30era arte murriztu ahal izan genuen errendimenduari eragin gabe, eta, beraz, ingurumena gehiago errespetatzen duen aukera baten aurrean gaude”, adierazi du ikertzaileak.

NEIKERek koordinatuta, SEA2LAND proiektuak 11 herrialdetako beste 25 bazkideren partaidetza du: Belgikako Université de Liège (ULIEGE), Fibl Europe – Forschungsinstitutfur Biologischen Landbau (FIBL EU) eta Universiteit Gent (UGENT); Kroaziako IPS Konzalting Doo Za Poslovne Usluge (IPS); Estoniako Nutriloop Ou (NUTRI) eta Eesti Taimekasvatuse Instituut (ECRI); Frantziako Center Regional D’Innovation et de Transfert de Technologie Agroressources (CATAR), Institut National Polytechnique de Toulouse (INPT) eta Chambre D’Agriculture des Pyrenees Atlantiques (CAPA); Italiako Universita Politecnica delle Marche (UNIVPM), Universita degli Studi di Milano (UMIL) eta Societa Cooperativa Pescatori Molluschicoltori (CO.PE.MO); Maltako Aquabiotech Limited (ABT); Norvegiako Gronn Gjodsel As (Grønn), Norsk institutt for biookonomi (NIBIO) y Norsk Landbruksradgiving Nord Norge (NLR-NN); Portugalgo Instituto de Soldadura e Qualidade (ISQ); Espainiako Barna SA, Caviar Pirinea SL, AZTI, Fundació Universitaria Balmes (UVIC-UCC), Fertinagro Biotech SL, Iniciativas Innovadoras Sal (INI); Suitzako Forschungsinstitut Fur Biologischen Landbau Stiftung (FIBL-CH) eta Txileko Investigaciones Agropecuarias (INIA).

SEA2LAND bioekonomia etorkizuneko eredu ekonomiko gisa bultzatzen duen Europako estrategiaren barruan txertatzen da. Halaber, Eusko Jaurlaritzak bioekonomiaranzko trantsizioa sustatzeko duen estrategiaren barruan kokatzen da.

Informazio gehiago: sea2landproject.eu