Albisteak

BERRIA

NEIKERen hirugarren Berdintasun Plana onartu dugu

24 martxoa 2023
  • NEIKERen berriki onartu dugu Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana, 2026ra arte lan-berdintasunaren alde egin dugun apustuaren barruan
  • Emakumeek osatzen dute gure langileen % 54 eta erdi-mailako lidergo-lanpostuen % 61
  • Berdintasuna funtsezko printzipioa da erakundearentzat, eta NEIKERen ardatz estrategikoetako bat

NEIKERen lan-ingurunean berdintasunaren alde egin dugun apustuaren barruan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana onartu berri dugu, 2023tik 2026ra bitarteko aldia barne hartzen duena.

Plan hau onartuz, berretsi egiten dugu emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna gure politika korporatiboaren eta giza baliabideen politikaren printzipio estrategiko gisa ezartzeko konpromisoa. Horri dagokionez, plantilla osatzen dugun 190 pertsonetatik % 54 emakumeak gara.

Genero-berdintasunaren alde, plan berriak lan-ingurunean berdintasuna sustatzea du helburu, lau ardatz nabarmenduz: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, ekonomiaren eta gizarte-antolaketaren eraldaketa eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak sustatzea.

Lehen ardatzaren barruan, gobernu onari buruzkoan, pertsonen kudeaketa ez-diskriminatzailea bermatzeko hainbat ekintza jarri ditugu abian, hala nola plantillan banaketa orekatua mantentzea, osasun-kanpainak egitea genero-ikuspegiarekin, gizonei eta emakumeei proba bereiziak eginez, edo soldata-arraila monitorizatzea, besteak beste.

Monitorizazio horren ondorioz, egokitu gabeko soldata-arraila kalkulatzeko egindako azken analisia – emakumeek eta gizonek lan egindako lanaldiaren edo denboraren arabera jasotako ordainsari efektiboaren aldea – % 7,39 izan zen emakumeen aldekoa 2021ean.

Komunikazioa, berdintasuna bultzatzeko bidea

Komunikazioa erakundearen barruan berdintasuna bultzatzea ahalbidetzen duen beste tresna bat da. Izan ere, 2021ean, NEIKEReko Berdintasun Batzordeak Hizkuntza Inklusiboaren Eskuliburua egin zuen gaztelaniaz, hizkuntzaren erabilera inklusiboa funtsezkoa baita lan-ingurunean berdintasuna eraginkortasunez sustatzeko.

Planaren bigarren ardatza erakundeko emakumeen ahalduntzea bultzatzea da. Ildo horretan, erabaki- eta lidergo-postuetan emakumeen ordezkaritza proportzionala sustatzeko lan egiten dugu, eta ondorioz gaur egun % 54 dira emakumezkoak lnapostu horietan. Era berean, parte hartzen dugun ekitaldietan, ponentzietan emakumeen parte-hartzea sustatzen saiatzen gara. Aldi berean, lankidetzan aritzen garen kanpoko erakundeentzat neurri berberak ezartzea iradokitzen dugu.

Gainera, NEIKERen ere parte hartzen dugu emakumeen ahalduntzea bultzatzeko hainbat ekimenetan, hala nola Emakumeen eta Neskatoen Nazioarteko Eguna Zientzian (otsailaren 8an); Emakumearen Nazioarteko Eguna (martxoaren 8an); edo Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna (azaroaren 25ean). Baita ere Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen STEAM Sare ekimenean, emakumezkoen artean zientzia bokazioak pizteko.

Hirugarren ardatzari dagokionez, ekonomiak eta gizarte-antolaketa eraldatu ahal izateko, funtsezkoa da emakumeen eta gizonen artean erantzunkidetasun sozial eraginkorra sortzea. Horregatik, erantzukidetasunaren arloan sentsibilizatzeko hainbat ekintza sustatzen ditugu, hitzarmenean jasotako bizitza pribatua eta profesionala uztartzeko neurriak zabaltzeko. Neurri horiek NEIKEReko pertsona guztien eskura daude, bai emakumeentzat, bai gizonentzat.

Era berean, eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak eratzeko -lau ardatz ditu planak-, sexuagatiko, sexu-orientazioagatiko, genero-identitateagatiko eta -adierazpenagatiko sexu-jazarpenerako protokolo bat dugu, bai eta aholkularitza konfidentzial bat ere, indarkeriarik gabeko ingurunea bermatzeko eta erasoen aurrean tolerantzia sustatzeko. Ekimen horren barruan, mintegiak egin dira langileen artean zabaltzeko, eta dokumentua intraneten argitaratu da, zentruko pertsona guztien eskura.

Ibilbide luzeko konpromisoa

NEIKERen beteranotasun handia dugu berdintasun-politiken garapenean, 2011tik gabiltza lanean arlo honetan. Urte horretan lehen diagnostiko-txosten bat egin genuen, plantillaren datu kuantitatiboen azterketan oinarrituta.

2018an erabaki genuen jauzi kualitatibo bat egitea berdintasun-politiken inguruko gure ibilbidean, Emakundek homologatutako aholkularitza-enpresa espezializatuen laguntzarekin eta Berdintasun Plana egiten eta haren jarraipena egiten parte hartu zuten pertsonen prestakuntzarekin.

Gainera, hirugarren plana onartze aldera, 2022an Berdintasunerako Negoziazio Batzorde bat eratu zen, enpresaren eta langileen legezko ordezkaritzaren ordezkaritzarekin, diagnostikoa eta III. Berdintasun Plana egin eta onartzeko helburuarekin.

Ekimen horiek ezingo ziren aurrera atera NEIKEReko pertsona guztien inplikaziorik gabe. Leire Barañano, NEIKEReko zuzendari nagusiaren hitzetan, “berdintasunaren aldeko apustua luzea da eta gure estrategiaren zeharkako ardatz bihurtu da, talde osoaren parte-hartzeari esker. Hirugarren berdintasun-plan hau eta aurreikusitako ekintzak onartuta, bide onetik jarraitzen dugu berdintasunaren arloan eredugarri izateko”.

Related posts