Albisteak

BERRIA

Lurzoruaren osasuna ezagutzeko laborategia

10 apirila 2025
  • NEIKERren, Baliabide Naturalen Kontserbaziorako Laborategiaren barnean, lurzoruaren mikrobio-parametroak aztertzeko zerbitzua eskaintzen du. Horren bidez, lurzoruko mikrobioen biomasa, jarduera eta biodibertsitatea zenbatetsi daitezke.

Lurzoruaren osasunak zuzenean eragiten dio nekazaritza-ekoizpenari; izan ere, laboreen hazkundea eta horien garapenerako ezinbestekoak diren mantenugaien eskuragarritasuna baldintzatzen ditu. Orain arte, lurzoruaren propietate fisikokimikoak —testura edo materia organikoaren kantitatea— aztertzea izan da ohikoena, lurzoruaren osaerari buruzko informazioa lortzeko. Nolanahi ere, analisi mota horrekin ezin daiteke ezagutu lurzoruko jarduera biologikoa, eta mikroorganismoek lurzoruaren emankortasunean eta mantenugaien birziklatzean zer-nolako eragina duten ere ez.

Horri aurre egiteko, NEIKERren, lurzoruaren analisi biologikoa egiteko zerbitzua eskaintzen dugu Baliabide Naturalen Kontserbaziorako Laborategian 2020. urteaz geroztik. Horren bitartez, nekazariek nahiz teknikariek, eta entitate interesdunek ere bai, zehatz-mehatz ezagutu ditzakete lurzoruko mikrobioen biomasa, jarduera eta biodibertsitatea.

Analisi biologikoak lurzoruaren gaineko ikuspegi osoagoa ematen du, zehazki, mikroorganismoek materia organikoarekin elkarreragin, eta laboreetarako aprobetxagarriak diren mantenugai bihurtzen duten moduaren gainekoa. Hala, laborategian aztertzen diren parametroetarik bat da lurzoruaren arnasketa; alegia, mikroorganismoek materia organikoa deskonposatzean jariatzen duten karbono dioxidoaren (CO) kantitatea neurtzen da.

«Prozesu hori izaki bizidunen arnasketa bezalakoa da: mikroorganismoen jarduera biziagoa da oxigenoa kontsumitu eta CO-a sortu ahala, eta lurzoruko prozesu biologikoen intentsitatearen eta prozesu horiek materia organikoaren deskonposizioan jokatzen duten paperaren erakusle da hori» diosku Arrate Lacalle, Baliabide Naturalen Kontserbaziorako Laborategiaren arduradunak.

Halaber, lurzoruaren jarduera entzimatiko zenbait ere aztertzen dira —funtsezkoak dira materia organikoa laboreentzako mantenugai inorganiko aprobetxagarri bihurtzeko—, lurzoruak mantenugaiak berez askatzeko duen gaitasunari buruzko datuak eskuratzeko.

Onurak

Zerbitzuaren onura nagusietarik bat da emaitzen interpretazioak klima-aldaketaren ondorioak apaltzeari buruzko ikerkuntzan laguntzen duela. Ikerketak eginda, lurzoruko mikroorganismo aktiboen kopurua zehaztu daiteke, baita zer-nola eragiten dioten lurzoruaren emankortasunari eta egonkortasunari ere.

Arrate Lacalleren  esanetan «askotariko mikrobiota aktiboa duen lurzoru batek materia organikoaren deskonposizioan lagun dezake, eta, horrek, landareentzako ezinbestekoak diren mantenugaiak askatzeaz gain, karbonoa atzitzen eta biltegiratzen ere lagun dezake, baita atmosferako CO2 kontzentrazioa murrizten eta klima-aldaketaren ondorioak apaltzen ere».

Gainera, analisi horien bidez, ongarrien erabilera optimizatu liteke. Mineralizatu daitekeen nitrogenoaren ebaluazioaren bitartez jakin daiteke mikroorganismoek nitrogeno organikoaren zer kantitate bihur dezaketen landareek xurga ditzaketen forma inorganiko. Informazio hori funtsezkoa da ongarritze-lanak doitzeko, produktu-kantitate gehiegi ez erabiltzeko eta nekazaritzaren ingurumen-inpaktua murrizteko.

Zerbitzurako sarbidea

Gaur egun, gure laborategiak 5.000 lurzoru-lagin prozesatzen ditu urteko, eta 40.000 bat parametro neurtzen ditu. Ekimen honekin, NEIKERrek tresna biologikoak eskaintzen dizkio nekazaritza-sektoreari, lurzoruaren osasuna aztertzeko.

NEIKERren Baliabide Naturalen Kontserbaziorako laborategiaren bidez, sektoreko profesionalek informazio erabilgarria eskura dezakete, ongarrien erabilera optimizatzeko, jasangarritasuna hobetzeko eta lurzorua modu efizienteagoan kudeatzeko.

 

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.