BERRIA
Kalitatezko bazken ekoizpena sustatzeko ekimena abian Euskadin abeltzaintza indartzeko
22 apirila 2025- NEIKER teknologia-zentroa sektorearekin elkarlanean ari da lanean bazken kalitatea eta eskuragarritasuna hobetzeko, kanpoko produktuekiko mendekotasuna murriztea eta abeltzaintza jasangarriagoa eta efizienteagoa lortzea helburu.
Larreetako belarra eta belar ondua bezalako bazkak dira ganaduaren elikaduraren oinarria, eta, ondorioz, bazkon kalitatea funtsezkoa da produktibitatea, abereen osasuna eta ustiategien errentagarritasuna bermatzeko. Euskadin, aldiz, bazken tokian tokiko ekoizpena baldintzatzen duten faktoreak daude, besteak beste, nekazaritzako lurzoruen gabezia, orografia, baldintza klimatikoak edo gero eta handiagoak diren presio urbanistikoa eta industriala. Ondorioz, sarri kanpoko intsumoen gaineko mendekotasuna handia izaten da.
Egoerari aurre egiteko, NEIKERren aktiboki bultzatzen dugu ikerketa tokiko bazkak hobetzeko. Nekazariekin eta abeltzainekin estuki lan egiten dugu eredu autosufiziente baterantz aurrerapausoak emateko asmoz, kostuak murriztea, abereen ongizatea hobetzea eta sektorearen jasangarritasuna indartzea ahalbidetuko duen eredua.
Testuinguru horretan, gertu ekoitzitako kalitatezko bazkak izatea funtsezkoa da, kanpoko elikagaiak erosteko beharra murrizteaz gain, ustiapenen efizientzia hobetzen baitu, tokiko ekonomia indartu eta sektorearen jasangarritasuna lagundu karbono-aztarna txikituz. Era berean, abereek elikadura egokia jasotzea bermatzen du, zuzenean abereen ongizatea hobetuz eta ustiategien errentagarritasuna areagotuz.
«Bazka on batek kopuru egokietan eman behar ditu energia, proteinak eta zuntza. Horrez gain, garbi eta ondo kontserbatuta egon behar du une oro berezko balio nutritiboa mantentzeko», nabarmendu du Idoia Goiri NEIKERreko Animalia Ekoizpeneko ikerlariak.
Horretarako, beharrezko da ekoizpen prozesu osoan zehar teknika egokiak erabiltzea, hazkuntzatik hasi eta kontserbaziora bitarte. Horrek, besteak beste, eskatzen du lurzoru osasuntsuak eta emankorrak izatea, tokiko baldintzetara eta abereen beharretara ondoen egokitzen diren espezieak eta barietateak hautatzea, eta larreak hazkuntza-une egokian moztea. Egokiena ez da beti larreek altura handiagoa lortu arte itxarotea, baizik eta bazken puntu ideala identifikatzea balio nutritiboa maximizatzeko.
Gainera, funtsezkoa da bazken kontserbazio egokia bermatzea bazkak behar bezala lehortuz, bai eta modu egokian siloratuz edo biltegiratuz ere.
«Teknika egokiak erabiltzeak abereen beharrak hobeto betetzen eta bestelako produktuen gaineko mendekotasuna murrizten laguntzen du. Ez hori bakarrik, abeltzaintza errentagarriago eta jasangarriago baterantz trantsizioa ere sustatzen du », azaldu du ikerlariak.
Abeltzaintza jasangarria eta kolaboratiboa
Abeltzaintza jasangarria eta kolaboratiboa posible egiteko asmoz, NEIKERrek ardi-azienden karbono-aztarna murriztea helburu duen LIFE GREEN SHEEP europar proiektuan parte hartzen du. Bazkak hobetzeko lan egitetik harago, proiektuak bestelako alderdiak ere baditu, adibidez, bazkek abeltzaintzako ekoizpenean eta emisioen murrizketan duten eragina neurtzea, helburu hartuta sektorearen jasangarritasuna hobetzea, baliabideen erabilera optimizatzea eta erabilera-praktika eraginkorragoak sustatzea.
Zentroko Animalia Ekoizpeneko ikerlari Aser Garciak nabarmendu bezala, «tokiko bazkak abereen beharrak hobetzeko lan egiten dugu, baina baita metano enteriko emisioak murriztu eta abeltzaintzak ingurumenean duen inpaktua txikitzeko ere».
Europako egitasmoan parte-hartzearekin bat, NEIKERrek IMIÑE talde operatiboan ere parte-hartzen du maila lokalean, Euskadiko nekazarien eta abeltzainen artean sare bat sortzeko asmoz kalitatezko bazken ekoizpena eta trukea errazteko. Sarea oraindik ere eratu ez den arren, dagoeneko emaitza positiboak ematen ari diren elkarlan puntualak martxan dira. Horri esker, adibidez, hazteko barietate egokiak identifikatu ahal izan dira, prezioak bazken kalitatearen arabera ezarri ahal izan dira edo bazkak garraiatzeko sistema logistiko bat definitu ahal izan da.