Nekazaritza birsortzaileko jardunbideak: nekazaritza eta abeltzaintzako lurzoruen kudeaketa jasangarri bat frogatzea

  • Finantzaketa: LIFE (LIFE12 ENV/ES/000232)
  • Ikerlari arduraduna: Dra. Nerea Mandaluniz
  • Iraupena: 2013-2016

LIFE REGEN FARMING proiektu berritzaile bat da, nekazaritza birsortzailearen jardunbideen onurak identifikatu, erakutsi eta transferitzeko helburua duena, larratze-sistemen kudeaketa eraginkorrago eta jasangarriago bat lortzeko eta, aldi berean, lurzoruaren kalitatea, osasuna eta biodibertsitatea hobetzen laguntzeko. Frogapen-proiektu hau ezaugarri agroklimatiko eta abeltzaintza-sistema desberdinak (esnetarako ardi-azienda eta okelatarako behi-azienda) dituzten hiru zonatan egiten ari da, Euskadin eta Nafarroan: Arkaute, Urduña eta Orreaga. Nekazaritza birsortzailearen jardunbideetan oinarritutako ikuspegi, metodo eta tresna berritzaileak garatzen eta frogatzen laguntzeko baliagarria izatea da proiektuaren xedea.

Helburu nagusia:

Hau da proiektuaren helburu nagusia: frogatzea jardunbide birsortzaileak bideragarriak direla eta haien efektuak lurzoruaren kalitaterako, ingurumenerako eta animalia-ekoizpenerako onuragarriak direla.

Bigarren mailako helburuak:
• Jardunbide birsortzaileak (kudeaketa holistikoa, gutxieneko laborantzako espezie belarditar iraunkorrak ereitea edo zuzeneko ereintza, ongarri organikoak erabiltzea eta larratze planifikatua) probatzea abeltzaintza konbentzionalaren alternatiba jasangarri gisa.
• Lurzoruen kalitatea ebaluatzeko metodologia sinple, azkar eta merkeak prestatzea; adibidez, agroekosistemetako lurzoruaren osasun-txartelak eta kromatogramak.
• Jardunbide birsortzaileek abeltzaintza-ustiategietan duten inpaktu sozioekonomiko eta ingurumenekoa monitorizatzea.
• Larreen erabileran eta larratzean oinarritutako ekoizpen-sistemekin erlazionatuta dauden eragile batzuk jardunbide birsortzaileen onurez kontzientziatzea.
• Nekazaritza-politika bateratuaren helburu orokorrei laguntzea, eta, bereziki, LIFE programakoei eta Lurzoruen Estrategia Tematikoari, ezagutza sortuz eta lurzoruen biodibertsitatearen garrantziari buruzko sentsibilizazioa landuz.