BASOAES II

Bandekiko itxurako tolerantzia duten intsinis pinuaren indibiduoen enbriogenesi somatikoa eta espezie alternatiboen in vitro ugalketa begetatiboa

  • Proiektuaren hasiera: 2022/01/01
  • Proiektuaren amaiera: 2025/12/31
  • Saila: Basogintza
  • Finantzatzailea: Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetza. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila. Eusko Jaurlaritza
  • Aurrekontua: 193.685 €

Basogintza-egurraren balio katea funtsezkoa da Euskadiko eremu sozioekonomikoan. Izan ere, intsinis pinua Euskadiko baso azaleraren %32 da, eta gure egur industriaren jardueraren %68.

Azken urteotan, espezie hori gaixotasun larri baten erasoa nozitzen ari da, azikulen banden gaixotasuna deritzona. Izen horrek hainbat pinu motaren eta beste konifero batzuen azikulei erasaten dieten onddo espezieen multzo bati egiten dio erreferentzia. Banda gorriak, funtsean, bi onddo espezie biltzen ditu, Dothistroma pini eta Dothistroma septosporum, eta banda marroikoa Lecanosticta acicola da; badirudi klima aldaketari lotutako faktoreek onddo horien eragina indartzen dutela.

Horrenbestez, onddoek koniferoetan hedatzeko izan ohi duten denbora kontuan hartuta, gaixotasunari azkar aurre egiteko alternatibetako bat intsinis pinuaren indibiduo toleranteak hautatzea eta horiek modu eraginkorrean ugaltzea da, ondoren onddoekin testatu ahal izateko eta, horrela, gaixotasunarekiko tolerantzia duen landare materiala identifikatzen eta lortzen saiatzeko. Estrategia horrekin batera, garrantzitsua da, halaber, Euskadin landatzeko interesgarriak izan daitezkeen beste espezie batzuk hedatzeko metodoak garatzea.

Horregatik, proiektu honen helburuak hauek dira: intsinis pinuaren indibiduoetatik datozen lerro zelularrak garatzea, bandekiko itxurako tolerantzia dutenak, eta lerro horietatik abiatuta landare somatikoa lortzea, patogeno fungikoekin testatzeko, eta in vitro hedapen sistemak garatzea eta optimizatzea (organogenesia eta/edo enbriogenesi somatikoa) EAErako interesgarriak diren espezie alternatiboetarako, batez ere, pinu hibridoetarako.