Albisteak

BERRIA

Zer da 3. mailako euspen biologikoko laborategi bat?

3 azaroa 2025

Euspen biologikoko laborategiak funtsezko instalazioak dira, arrisku-maila desberdinak dituzten agenteekin lan egiteko diseinatuta daudenak. Horien helburu nagusia zera da, ikertzaileak, ingurunea eta komunitatea babestea istripuzko esposizio edo askapenetatik. Halako instalazioen artean, 3. mailako euspen biologikoko (NCB3) laborategiak –P3 laborategi gisa ere ezagutzen direnak– patogeno arriskutsuak ikertzeko ingurune seguru eta kontrolatuenetakoak dira.

 

Biosegurtasunaren nazioarteko sailkapena

Laborategiak lau kategoriatan sailkatzen dira nazioartean, P1etik P4ra, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) edo Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroaren (ingelesez, CDC) jarraibideen arabera. Sailkapen hori funtsezkoa da, manipula daitezkeen agente motak eta horiei eusteko beharrezko neurriak zehazten baititu.

  • P1 maila: Oinarrizkoena da, eta pertsona osasuntsuei gaixotasunik eragiten ez dieten mikroorganismoetara bideratzen da, jardunbide mikrobiologiko estandarrak soilik aplikatzen baititu.
  • P2 maila: Langileei eragin diezaieketen baina komunitatearentzat arrisku txikia dakarten arrisku ertaineko agenteekin lan egiteko aukera ematen du. Segurtasun biologikoko kabinak eta arropa babesgarria barne hartzen ditu.
  • P3 maila (NCB3): Segurtasun-neurriak areagotu egiten dira; izan ere, gaixotasun larriak edo hilgarriak eragin ditzaketen baina, tratamendu edo txerto eraginkorrak daudenez, arrisku komunitario txikia duten patogenoak manipulatzen dira.
  • P4 maila: Gehieneko euspen-maila ahalbidetzen du, eta oso arriskutsutzat jotako eta ez terapiarik ez prebentzio-neurririk ez duten agenteetarako gordetzen da, hala nola ebola eragiten duen biruserako.

 

NCB3 instalazioetako euspenaren funtsezko ezaugarriak

Biosegurtasun-maila handitu ahala, instalazioek neurri konplexuagoak txertatu behar dituzte. P3 edo NCB3 laborategien kasuan, horrek esan nahi du material biologiko arriskutsuaren askapena galaraztera espezifikoki bideratutako diseinu eta funtzionamendua duela.

Euspen-maila hori beharrezkoa da, airez transmititu daitezkeen patogenoak manipulatzen direlako, hala nola tuberkulosia eta hegazti-gripea eragiten dutenak, horietako asko zoonotikoak izanik (hots, nola animaliei hala pertsonei erasateko gai direnak). Agente horien ihesa eragozteko, laborategiek elementu estrukturalak, teknologikoak eta operatiboak konbinatzen dituzte, eta modu koordinatuan dihardute ingurune seguru bat bermatzeko.

 

Airearen kontrola: presio negatiboa eta HEPA iragazketa

Airearen kontrola funts-funtsezkoa da instalazio horien segurtasunerako.

  1. Presio negatibo konstantea: P3 laborategiek presio negatibo konstantea dute. Horrek esan nahi du kanpoko airea barrurantz zirkulatzen duela arrail bat dagoenean (ate bat irekitzen denean, adibidez), eta beraz, kutsatzaileak ez dira kanpora irteten.
  2. HEPA iragazketa: Airea HEPA (High Efficiency Particulate Air) sistemen bidez iragazten da; agente biologikoen partikula txikienak ere atxikitzeko gai dira HEPA sistemak.
  3. Sistema erredundanteak: Sistema kritikoek –hala nola aireztapenak edo iragazketak– mekanismo erredundanteak dituzte; horregatik, euspenaren jarraitutasuna ziurtatuta dago, baita akats teknikoak gertatzen direnean ere.

Osagarri gisa, hondakin-urek eta beste efluente batzuek prozesu termikoak edo kimikoak jasaten dituzte tratamendu-instalazio espezializatuetan, eta edozein agente biologiko askatu aurretik inaktibatuko dela bermatzen da horrela.

 

Protokolo zorrotzak eta langile espezializatuak

P3 laborategi bateko segurtasuna ez da azpiegituraren araberakoa soilik; giza faktorea ere funtsezkoa da.

Instalazio horietan lan egiten duten langileek protokolo estandarizatu eta zorrozki kontrolatuei jarraitzen diete, eta langile baimenduek baino ez dute sarbidea. Arropa eta ekipamendu babesgarri espezifikoak erabiltzeak, biosegurtasuneko etengabeko prestakuntzako programekin batera, ziurtatu egiten du eragiketa guztiak ahalik eta zehaztasun handienez eta arriskuak minimizatuz egingo direla.

 

Funtsezko rola ikerketa eta osasun publikoan

Ezaugarri horiek direla-eta, P3 laborategiak funtsezko azpiegiturak dira biomedikuntzaren eta albaitaritzaren alorreko ikerketarako. Aukera ematen dute arrisku handiko agente infekziosoak segurtasunez aztertzeko, txertoak eta tratamenduak garatzeko, metodo diagnostikoak optimizatzeko eta zaintza epidemiologikoan laguntzeko. Gainera, funtsezko zeregina dute osasun-larrialdiei erantzuteko orduan, hala nola hegazti-gripearen agerraldiak edo entzefalopatia espongiforme transmitigarrien kasuak, langileen eta ingurunearen segurtasuna arriskuan jarri gabe betiere.

Laburbilduz, 3. mailako laborategiek agente biologiko arriskutsuak segurtasunez manipulatzeko aukera ematen dute, duten diseinuari eta euspen-sistemei eta aplikatzen dituzten protokoloei esker, kontuan izanik, gainera, laborategietan lan egiten duten langileek prestakuntza espezifikoa dutela. Instalazio horiek aukera ematen dute arrisku handiko patogenoak aztertzeko, txertoak eta tratamenduak garatzeko eta zaintza epidemiologikorako programak ezartzeko, osasun publikoa eta ingurumena babesten lagunduz.

 

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.