BERRIA
Ongarri eta bioestimulatzaile berriak hondakin organikoen aprobetxamendu jasangarriaren bidez
15 iraila 2021Ongarri eta bioestimulatzaile berriak hondakin organikoen aprobetxamendu jasangarriaren bidez
- Europako FERTILWASTES ekimenean parte hartzen dugu, hondakin organikoei balioa ematea ahalbidetuko duten teknika berriak garatzeko erronkarekin
- Mikroalgek zeregin nabarmena izango dute bioekonomia zirkularraren proiektu honetan: nekazaritzarako produktu berritzaileak eta balioa dutenak sortzen lagunduko dute
Hondakin organikoen aprobetxamendu edo balorizazioa ezinbestekoa da eskualde zein europar erakunde nagusiek ezarritako ekonomia zirkularreko politikak betetzeko, baita ingurumenean duten inpaktua murrizteko eta nekazaritza jasangarriagoa lortzeko ere. Aitzitik, material horiek eskala industrialean balorizatzea ahalbidetzen duten egungo teknologiak ez dira %100 efizienteak eta irteera bilatu behar zaien hondakinak sortzen dituzte.
Gaur egun, teknika horietatik sortutako hondakinak -koproduktu izenekoak- ongarri gisa erabiltzen dira batez ere, baina hainbat arrazoik mugatzen dute erabilera estentsiboa.
“Kimikoki konplexuak diren materialak dira, eta, masiboki aplikatuz gero, ingurumen arazoak sor ditzakete. Gainera, nutrizio gabeziak dituzte, eta horrek mugatu egiten du ongarritzeko duten balioa eta balio ekonomikoa. Gainera, gaur egun ekoizten den bolumena eskaera baino askoz handiagoa da, eta horrek arazoak sortzen ditu industrientzat kudeatzeko garaian”, azaldu du Miriam Pinto zentro teknologikoko Baliabide Naturalen Kontserbazioko Departamentuko ikertzaile NEIKER eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak.
Horregatik, estrategia berriak garatu behar dira, material horiek balorizatzeko. Horixe da, hain zuzen ere, NEIKERek parte hartzen dugunn FERTILWASTES proiektuaren helburua, “hondakin” horiek merkatuan duten balioa eta etorkizuna optimizatzeko.
Europako ekimenaren erronka da produktu berritzaileak eta balioa dutenak garatzea, esaterako, baratzeko material biodegradagarriak, ongarritzeko zereginarekin edo gabe, bioestimulatzaileak edo askapen geldoko ongarriak, nekazaritzako hondakinak tratatzeko hainbat teknologiaren bidez sortutako koproduktuetatik abiatuta. Horiekin, gaur egun dituzten nutrizio gabeziak zuzendu nahi dira, azken produktuen propietate agronomikoak hobetu, eta gaur egun merkatuan dauden beste produktu batzuetatik bereiztea lortu.
Laboreetarako mikroalgak
Zehazki, proiektuaren barruan, NEIKEReko ikertzaileek landuko dituzten nekazaritzako hondakinen artean daude biocharra (landare hondakinetatik lortzen den landare ikatza), digestatoak (landare-materialaren digestio anaerobikoko prozesu baten ondoren sortzen diren hondakinak) eta konposta. Hiru koproduktu horiek batu egingo dira, eta nahasketa horri mikroalgak gehituko zaizkio. Emaitza nutrizio balio handiko ongarri bat izango da.
“Mikroalgek gero eta aplikazio handiagoak eskaintzen dituzte nekazaritza modernoan. Laboreei mantenugai gehiago ematen dizkiete eta errendimendua hobetzen dute, lurzoruen emankortasuna eta egitura areagotzen dute eta gaixotasunen eragina murrizten dute”, zehaztu du Sonia Suarez ikertzaileak.
Gainera, mikroalgen hazkuntza nekazaritzako elikagaien industriako beste hondakin likido batzuetan landuko da. Hondakin horiek mikroalgak hazteko behar diren mantenugaiak emango dituzte, eta, horrela, bioekonomia zirkularreko sistema bat sortuko da, nekazaritzako elikagaien jarduera horietatik eratorritako hondakin likidoen ingurumen inpaktua murrizteko.
“Mikroalgak ekoizteko sistemetan ur zikin mota desberdinak integratzea benetako aukera da bioekonomia zirkularreko estrategiak garatzeko. Mikroorganismo horiek gai dira jatorri desberdineko hondakin likidoetan dauden konposatu organiko eta ez-organiko ugari barneratzeko, eta biomasa baliotsu bihurtzen dituzte, beste hainbat aplikazio eta sektoretan lehengai gisa erabiltzeko”, gaineratu du NEIKEReko adituak.
FERTILWASTES ekimena FEDER funtsen bidez finantzatzen da, APESAk (Association Pour l ‘Environnement et la Sécurité en Aquitaine) koordinatzen du, eta Euskadiko, Kataluniako eta Frantziako I+Gko 6 zentrok eta unibertsitatek osatutako partzuergo batek parte hartzen du: Beta-UVIC – CATAR Agroressources, UPC (Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa), NEIKER eta LaTEP (Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea).
Informazio gehiago: www.fertilwastes.com