BERRIA
Neurrira egindako soluzioak esnetako abeltzaintza iraunkorrago baterako trantsizioa bultzatzeko
12 abuztua 2025
- NEIKERen TEDY proiektu europarrean parte hartzen ari gara; ustiategi bakoitzari egokitutako estrategiak garatzeko, ikertzaileen, teknikarien eta abeltzainen sorkuntza bateratua sustatzen du egitasmoak.
Esnetako behi-azienden sektoreak erronka latzak ditu gaur egun errentagarritasunari eusteko jardueraren ingurumen-jasangarritasuna arriskuan jarri gabe. Belaunaldien ordezkapena bermatzea ere erronka itzela da. Horiek horrela, ekoizpen-eraginkortasunaren, emisio-murrizketaren eta tokiko baliabideak aprobetxatzearen inguruko betebeharrek gaur egungo ekoizpen-sistemak birplanteatu beharra jarri dute mahai gainean. Bada, aipatu arazoei ekiteko, TEDY proiektuan parte hartzen ari gara NEIKERen. TEDY Europako ekimen bat da, esnetako abeltzaintzan trantsizio agroekologikoa hauspotzea helburua duena, ekoizpen- eta abeltzaintza-sistema bakoitzaren bereizgarrietara egokitutako soluzioen bitartez.
TEDY proiektua Europar Batasunak finantzatzen du Agroecology Partnership programaren markoan, eta Europako 11 herrialdetako 15 bazkide biltzen ditu, ikuspuntu tekniko, ekonomiko eta ingurumenekotik abeltzaintza-sistema jasangarriago batzuetarantz aurrerapausoak emateko, lurralde bakoitza baldintzatzen duten faktore sozial eta kulturalak ere kontuan hartuta.
Irtenbide pertsonalizatuak
Irtenbide orokorrak aplikatu beharrean, ganadutegi bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuko dituen banan-banako ikuspegi baten aldeko apustua egiten du TEDYk. Asmoa da ganadutegi bakoitzaren baliabideak, beharrak, lehentasunak eta nahiak aintzat hartuta, ustiategiarekin elkarlanean identifikatzea eta ezartzea ganadutegiaren egoera zehatzera hobekien egokitzen diren praktikak. Hartara, eredu jasangarriago, errealistago eta lurrari egokituago baterantz pausokako trantsizioa bultzatu nahi du proiektuak.
NEIKERen bi lan-ildo nagusi ditugu TEDY proiektuarekin lotuta. Alde batetik, prozesu parte-hartzaile bat abiarazten ari gara Euskadin, sektoreko jardule nagusiekin batera, jakiteko nola ikusten den trantsizio agroekologikoa esnetako abeltzaintzan, eta zer aukera eskain ditzakeen geure testuinguruan. Bestalde, sektorearen esku jarriko dugu animalien nutrizioarekin zerikusia duten jardunbideetan dugun ezagutza teknikoa; esate baterako, bazkaren kalitatea hobetzea, pentsuen formulazioa optimizatzea, sojaren ordez tokiko lehengaiak erabiltzea, edo behiak larreetara ateratzea sustatzea.
«Gure helburua da laguntza ematea Euskadiko ganadutegiek aurrerapausoak eman ditzaten eredu jasangarriagoak eta ekonomikoki bideragarriagoak ezartzeko, betiere beren errealitate zehatzera egokituta. Horretarako, teknikoki, ingurumen aldetik eta sozialki kasu bakoitzari egokituko proposamenak egiten ditugu», nabarmendu du Roberto Ruiz, NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko Saileko ikertzaile eta arduradunak.
Jardunbide horien ondorioz espero diren emaitzen artean nabarmentzekoak dira intsumoen erabileraren eraginkortasuna hobetzea, ekoizpen-kostuak murriztea eta berotegi-efektuko gas gutxiago isurtzea, EAEko nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna indartzeko NEIKERek dituen helburuekin bat etorriz.
Saioak baldintza errealetan
Eguneroko errealitatean jarduketek nola funtzionatzen duten egiaztatzeko, proiektuak aurreikusten du egitasmoak ganadutegietan zuzenean aplikatzea Nekazaritza Laborategi Biziak edo Living Labs deituen bidez. Gune horiek aukera emango dute zenbait estrategia probatzeko, abeltzainekin, ikertzaileekin eta teknikariekin lankidetzan, eta haien eragina modu praktikoan eta lan-baldintza errealetan ebaluatu ahalko da.
«Ustiategi bakoitzaren ezaugarrien eta nahien araberakoak izango dira bertan testatu beharreko jarduketak, eta aintzat hartu ahalko dira belardiak edo silo-lanak hobetzea, bertan ekoitzitako olio-landareak erabiltzea, behiak hartzen dituzten larreak txandakatzea edo minden kudeaketa eraginkorragoa», azaldu du ikertzaileak.
Lankidetza eta ezagutzaren transferentzia
TEDY proiektuaren dimentsio europarrak sustatzen du era askotariko produkzio-sistemak dituzten eskualdeen arteko esperientzia-trukea, eta horrek aukera ematen du ikuspegiak alderatzeko, azterlanak aberasteko eta jardunbide iraunkorrak eskala handiagoan abian jartzea erraztuko duten gomendio funtsatuak sortzeko.
Gainera, mekanismo espezifikoak jarriko dira martxan ezagutza transferitzeko, proiektuaren emaitzak modu eraginkorrean hel daitezen sektoreko jarduleengana. Ekintza horien artean, tailer parte-hartzaileak azpimarratu behar dira; tailerretan, esnetako abeltzaintzaren erronka nagusiei buruz eztabaidatuko da, baita testuinguru zehatz bakoitzean agroekologiak eskain ditzakeen aukerei buruz ere.
Elkarlaneko ikuspegi horrekin, entzute aktiboan eta lurrari egokitzean oinarritua, TEDYk trantsizio agroekologiko praktikoa, eraginkorra eta sektorearen benetako beharrekin uztartua ahalbidetu nahi du.