Albisteak

BERRIA

NEIKER, NPB Sarearen topagune, landa-sektoreko berrikuntza sustatzeko

17 iraila 2025
  • Irailaren 23an eta 24an talde operatiboak bilduko dira, batetik, esperientziak trukatzeko eta, bestetik, nekazaritzako elikagaien sektorean balio erantsi handiko negozio-ereduak bultzatuko dituzten irtenbide berritzaileak transferitzea sustatzeko
  • Ekitaldian, landa-inguruneko eragileek (tartean, enpresek eta ikerketa-zentroek) arrakasta-proiektuen berri izango dute eta horiek kopiatu daitezkeen ebaluatu ahal izango dute
  • NEIKERek Arkautin duen egoitzan egingo da jardunaldia, eta landa-irteerak egingo dira Zanbranara, Ribavellosara eta Aramaiora

 

Nekazaritzako elikagaien sektoreak eta landa-inguruneak erronka konplexuak dituzte aurrez aurre, eta horiek irtenbide berritzaileak behar dituzte. Ildo horretan, EIP Agri talde operatiboen proiektuek ezagutza berriak eta esperientzia baliotsuak sortzen dituzte, eta, horrenbestez, ezinbestekoak dira elkarrengandik ikasi eta arazo komunetarako irtenbideak aplikatzeko berrikuntzatik abiatuta. NPE Sareak (Red PAC) topaketen sare bat diseinatu du elkarrekiko konexio horretan laguntzeko. Bada, 2025eko maiatzaren eta abenduaren artean egingo dira, eta askotariko lan-gaiak jorratuko dira.

NEIKER teknologia-zentroan egingo da elikakateko balio erantsi handiko produktuen negozio-ereduei buruzko jardunaldia. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren NPE Sareak (Red PAC) antolatzen du ekitaldia, eta NEIKERen Arkautiko (Araba) egoitzan egingo da.

 

Ezagutzen eta esperientzien trukea

Gai hauek izango ditugu hizpide: produktibitatea eta kalitate bereizia hobetzea, balio erantsia areagotzea, bide laburrak eta produktu berriak sortzea. Talde operatiboak, proiektu berritzaileen bultzatzaileak eta landa-inguruneko beste eragile batzuk (ikerketa-zentroak, enpresak eta kooperatibak) izango dira entzule nagusiak. Helburua da eragile horiek zuzenean izatea jada balidatu diren proiektuen berri, eta ebaluatu ahal izatea ea berrikuntza horiek beraien eskualdeetan kopiatu ditzaketen.

Zenbait proiektu aurkeztuko dira. Bi hauek, besteak beste: GO HIGOS, pikupasarako estrategia berritzaileei buruzkoa, eta GO E-LOCALHUB, nekazaritza estentsiboa digitalizatzeari buruzkoa. Gainera, fruitu lehorren laboreetako lurralde-proiektuei (GO NUECES DE NERPIO eta GO PISTACHO 4.0, adibidez) buruzko aurkezpenak egingo dira. Aurkezpenak ez ezik, aztertze-bisitak ere egingo dira. Hartara, bertaratuek proiektuen (esate baterako, «Labore alternatiboen proiektua: oskoldun fruta-arbola») bideragarritasunaren berri izango dute landan.

 

Berrikuntza sustatzea sektorean

Talde operatiboen eta Europako ikerketa- eta berrikuntza-proiektuei lotutako eragileen arteko elkarrizketarako tresna izango da ekitaldia. Hona ikuspegia: gainerakoen esperientzietatik eta jardunbide egokietatik ikasteko plataforma bat ematea; hartara, ideia berriak sortzea sustatuko da eta toki batean probatutako irtenbideak beste batzuetan ezarri ahal izango dira.

 

Izen-ematea eta logistika

Doakoa da jardunaldian parte hartzea, eta aurrez izena eman behar da. Joan-etorriak errazteko, Gasteizko erdigunea NEIKERen zentroa eta programatutako bisiten guneak bi norabideetan lotuko dituen autobus-zerbitzua egongo da.

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.