Albisteak

BERRIA

NEIKEReko hiru ikertzaile, berriz ere Stanfordeko rankingean

30 iraila 2024

 

  • Carlos Garbisu ingurumen-mikrobiologian adituak eta Ramón Juste animalien osasunean adituak seigarren urtez jarraian errepikatu dute “World ‘s Most Influential (Top 2) Scientists” rankinga, eta Inma Estévez, animalien etologian eta ongizatean zientzialari ezaguna, hirugarren aldiz
  •  Hirurak beren jakintza-arloaren munduko % 1,5ean agertzen dira, eta hori meritu handikoa da, kontuan hartuta NEIKERek ikertzaile kopuru mugatua duela zerrendan agertzen diren beste erakunde batzuekin alderatuta

Duela gutxi, Stanfordeko Unibertsitateak munduko ikertzaile onenen zerrenda eguneratu du, Scopus atariko argitalpen zientifikoen aipamenak oinarri hartuta. Aurten ere, unibertsitate amerikar ospetsuak NEIKEReko Zuzendari Zientifikoa den Carlos Garbisu doktorea, Animalien Osasun Saileko ikertzailea den Ramón Juste doktorea eta NEIKEReko Animalia Ekoizpen Saileko ikertzailea den Inma Estévez doktorea sartu ditu zerrenda honetan.

Munduko ikertzailerik aipatuenak zerrenda honetako kide dira, eta hori izugarrizko aintzatespena da zerrenda osatzen dutenentzat. Izan ere, une honetan, erreferentzia zientifikoko dokumenturik entzutetsuena da nazioartean, zientzialariek egindako lanaren inpaktua ezagutzeko.

Aitortzak, beraz, NEIKERen bikaintasun zientifikoa erakusten du, bereziki meritu handikoa NEIKEReko ikertzaile kopuru txikia kontuan hartuta, Stanfordeko rankingean sartzen diren beste zentro askorekin alderatuta, eta kontuan hartuta NEIKERek bere ikerketa lana lehen sektorearen zerbitzura eta transferentziara zuzentzen duela, horren balio erantsia gehitzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.

Ibilbide profesional nabarmena

Aurten, NEIKEReko egungo zuzendari zientifikoa den Garbisu doktorea berriro sartu da aipatutako Stanfordeko rankingaren % 1ean, 2023ko datuen arabera.

Garbisu doktorea lurzoruetan bizi diren mikroorganismoen ezagutzan egindako ekarpenengatik nabarmentzen da, bereziki nekazaritzako lurzoru eta kutsatutako lurzoruetan. Gaur egun, nekazaritza iraunkorrago baten ikuskera teorikoan eta praktikoan zentratuta dago, bereziki lurzoruaren osotasun funtzionalarekin eta mikrobio-biodibertsitatearekin lotutako alderdietan, bai eta lurzoruaren osasunaren eta pertsonen osasunaren arteko loturetan ere.

“Egungo ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-egoeran, ezinbestekoa da zerbitzu ekosistemikoen hornidura maximizatzea, oso produktiboak, erresilienteak, ingurumena errespetatzen dutenak eta sozialki arduratsuak diren nekazaritza-ekosistemetatik”, azaldu du Garbisuk. “Erronka horren barruan, bereziki interesatzen zaizkit pertsonen (nekazariak, agronomoak, zientzialariak, etab.), landareen (laboreak), animalien (abereak), mikroorganismoen (mikrobiotak), ingurumenaren eta naturaren arteko elkarreraginak”, gaineratu du NEIKEReko egungo zuzendari zientifikoak.

Bestalde, Ramón Juste doktoreak, NEIKEReko Animalien Osasun Saileko ikertzaileak, animalien osasunaren inguruan garatu du bere jarduera zientifikoa. Bere ekarpen zientifiko nagusiak mikobakteriosien azterketan oinarritzen dira, paratuberkulosia kontrolatzeko eraginkortasun epidemiologiko eta ekonomikoaren lehen eredu matematikoa garatuz eta txertaketaren babes espezifikoa eta ez-espezifikoa frogatuz.

“Oraintxe bertan, Hegoafrikako bufalo cafreari buruzko saiakera bat dugu argitaratzeke, Pretoriako Unibertsitatearekin, eta beste bat txahalei buruzkoa, Abeltzaintza, Nekazaritza eta Arrantza Ministerioarekin eta Uruguaiko Errepublikako Unibertsitatearekin, oso emaitza onak ematen ari baitira gure txerto inaktibatuarekin. Guztia Ehiza Baliabideen Ikerketa Institutuarekin (IREC) eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Albaitaritza Osasun Zaintzako Zentroarekin (VISAVET) batera gidatutako ekoizpen handiko lankidetza batean”, azaldu du Justek.

Azkenik, Inma Estévez doktorea, NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko Departamentuko ikertzailea, zerrendan % 0,6an agertzen dena, Zoologian lizentziatua eta Etologian doktorea da (animalien portaera) Kordobako Unibertsitatean. Bere ibilbide profesional luzean, ikertzaile lanetan aritu da Agriculture Canadan, Suediako Nekazaritza Zientzien Unibertsitatean, INRAn (Frantzia) eta Marylandeko Unibertsitatean (AEB), non Full Professor gradua lortu zuen. 2008an, IKERBASQUE Ikertzaile Senior gisa batu zen NEIKERreko plantillara.

Bere ibilbidean sari hauek nabarmendu behar dira: «Junior Faculty Award» (Marylandeko Unibertsitatea), Hy-Line Nazioarteko Ikerketa Saria eta Poultry Science Association-en Ekoizpenerako Hegaztien Ongizaterako Ikerketa Saria. ikerketa proiektu lehiakor ugari gidatu ditu bai AEBn bai Europan, betiere ekoizpenerako hegaztien portaerari eta ongizateari lotutako alderdien inguruan.

Bere ikerketa lana portaeraren ekologiaren oinarrizko ikuspegitik garatu da beti, eta, bereziki, dinamika sozialean egindako lanak nabarmentzen dira, baina erraz uztartuta ekoizpenaren eremuko aplikazioekin.