Albisteak

BERRIA

NEIKERek laborantza ekologikoko kalabazan, sojan eta erremolatxan egin dituen azken aurrerapenak aurkeztu ditu

29 ekaina 2023
  • NEIKER zentro teknologikoak urteko lehen bisita egin du gaur laborantza ekologikoko saiakuntza esperimentaletara, Arkautiko egoitzan (Araba), azken aurrerapenak erakusteko
  • Bisitan, barietate berri horiez gain, zentroa irin ekologikoa ekoizteko lantzen ari den gari mota komertzial berriak ere erakutsi dira
  • Ekoizpen ekologikoa osasungarriagoa da, eta azken kontsumitzaileen eskaerei erantzuten die, gero eta kontzientziatuago baitaude elikadura jasangarriago batekin

Nekazaritza ekologikoak Euskadin hektareak gehitzen jarraitzen du. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren datuen arabera (Ekolurra), urtetik urtera pixkanaka handitzen ari da laborantza ekologikora bideratutako azalera. Zehazki, 2022an zifra 9.104 hektareara igo zen, hau da, %15 baino gehiago handitu zen 2021arekin alderatuta, orduan 7.905 hektarea okupatzen baitzituen.

Testuinguru horretan, funtsezkoa da laborantza ekologikora ondo egokitzen diren barietate berriak ikertzea, nekazaritza ekologikoak hedatzen jarrai dezan eta hektareak irabazten jarrai dezan. Izan ere, Europar Batasuneko “Baserritik mahaira” estrategiak proposatzen du 2030erako Europako nekazaritza azaleraren %25 ekologikoan landatuta egotea. Horregatik, Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) kide den NEIKER zentro teknologikoak ohiko bisita egin du gaur Arkautiko egoitzara (Araba), nekazaritza ekologikoak Euskadin gaur egun eta etorkizunerako duen ahalmena berriro erakusteko.

Ekitaldian, nekazaritza sektoreko eragile nagusiek aukera izan dute zentroaren azken saiakuntza esperimentalak, udako laboreak, aurreko kanpainetako emaitzak eta etorkizuneko saiakuntzen proposamenak ikusteko.

NEIKERek, bisitan, erremolatxa, kalabaza eta soja barietate berriak aurkeztu ditu, giza elikadurarako landare proteina bihurtzeko, baita irin ekologikoa ekoizteko gari mota komertzial berriak ere, esaterako, Lanirina proiektuaren barruan sortutakoa.

“Labore ekologikoekin Euskadiko lursailen osasuna babestea lortuko dugu, eta, aldi berean, elikagai gero eta osasungarriagoak eta jasangarriagoak eskatzen dituzten azken kontsumitzaileen eskariak ase ahal izango ditugu”, azaldu du Roberto Ruiz de Arcautek, NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babes departamentuko ikertzaileak.

Jardunaldia zentroak Arkautiko egoitzan dituen zortzi hektareako eremu esperimentaletara egindako bisitarekin amaitu da. Horietan, labore ekologikoko barietateen saiakuntzak egiten dira eta produktu fitosanitario berriak ikertzen dira.

Nekazaritza ekologikoa sustatzen duten lan horiek Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Planaren barruan kokatzen dira (FOPE), zeina Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2014az geroztik bultzatu eta Ekolurrak eta NEIKERek dinamizatzen duten. Helburua da ekoizpen ekologikoa handitzea eta horri lotutako transformazio eta komertzializazio katea garatzea.

9.000 hektarea ekologiko baino gehiago Euskadin

Ekoizpen ekologikoak funtsezko zeregina du 2030 Agendaren barruan, planeta gehiago errespetatzen duten eta, aldi berean, izaki bizidunentzat osasungarriagoak diren elikagaiak sortzea ahalbidetzen duelako, plagizida kimiko eta ongarrien erabilera murrizten duelako. Hain zuzen ere, Europar Batasunak “Baserritik mahaira” estrategia bultzatzen du praktika hori sustatzeko eta 2030ean Europako nekazaritza lurren %25 laborantza mota horretan aritzea lortzeko.

Euskadin, pertsona gehiago aritzeari esker, eta ekoizleen eta erakundeen ahaleginei esker, praktika horretara bideratutako azalera pixkanaka handitzen ari da, 9.104 hektareara iritsita. Horietatik %57 Arabakoak dira, %19 Bizkaikoak eta %24 Gipuzkoakoak.

Laborantza tipologia horretan diharduten lagunen kopuruari dagokionez, iaz, ekoizpen ekologikoan ziharduten operadoreen kopurua %8 handitu zen, 658 pertsonatik 710era.

Laboreei dagokienez, hazkunderik handiena fruta arboletan egon zen, ia %3 gehiagorekin (404 hektarea izatetik 415 hektarea izatera); mahatsondoetan, ia %8 gehiagorekin (1.150 hektareatik 1.239 hektareara), eta larre, belardi, bazka eta oleaginosoetan, %19 gehiagorekin (5.684 hektareatik 6.766 hektareara).

Related posts