Albisteak

BERRIA

NEIKERek intxaurraren eulia borrokatzeko gakoak emango ditu intxaurrondoaren errentagarritasuna handitzeko

23 martxoa 2026
  • Teknologia-zentroak jardunaldi teknikoa antolatu du Lantaróngo udaletxean (Araba) martxoaren 26an, ostegunean, uztaren merkataritza-balioan eragina duen izurria kontrolatzeko 
  • Intsektuak fruituaren kanpoko aldea narriatzen du, zuritzea zailduta; ondorioz, intxaurraren merkataritza-interesa gutxitzen da, barnealdea kontsumorako egokia bada ere 
  • EAEk kontsumitzen dituen intxaurren % 20 baino ez ditu ekoizten; horrenbestez, aukera bat da laborantza profesionalizatzeko eta bertan landatutako sailen errendimendua hobetzeko

 

Intxaurrondoaren laborantzak negoziazio-aukera bat da EAEko lehen sektorearentzat, merkatuak gertuko produktuak gero eta gehiago eskatzen baititu. Alabaina, intxaurraren euliaren (Rhagoletis completa) hedapenak baldintzatzen du errentagarritasuna gaur egun. Intsektuak fruituaren azalari egiten dio kalte, eta nabarmen gutxitzen du haren merkataritza-balioa.

Sektorerako irtenbideak aurkezteko, NEIKERek Añanako Landa Garapenerako Elkartearekin batera, jardunaldi tekniko bat antolatuko du heldu den martxoaren 26an Lantaróngo udaletxean (Araba), profesional, administrazio eta kudeaketa-zentroentzat.

Hasieran Iparramerikan antzeman eta Europan Italiaren bitartez sartutako izurria kezka fitosanitario nagusia bilakatu da intxaurrondo-ekoizleentzat. Galiziatik sartu ondotik, intsektua Kantauriko itsasoko ertzean barna hedatzen joan da Gipuzkoa eta Bizkairaino iritsi arte, eta gero eta presentzia handiagoa du Arabako lurraldean.

«Larbek intxaurraren azal berdeaz elikatzean gertatzen da kaltea; fruitua ilundu egiten da, eta zailagoa izaten da hura zuritzea. Narriadurak eragina du intxaurraren kanpoko itxuran, eta horrenbestez, nabarmen murrizten du produktuaren merkataritza-interesa», azaldu du Amaia Ortiz zentroko Landare Ekoizpeneko eta Babeseko Departamentuko arduradunak.

Ondorioak arintzeko, NEIKERek zenbait ikerketa zuzentzen ditu kontrol integratuko teknikak garatzeko. Haiei esker, intsektuaren ziklo biologikoaren funtsezko uneetan jardun daiteke; intsektuaren zikloa lurpean garatzen da gehienbat.

Lantaróngo topaketan kalteak murrizteko estrategia eraginkorren berri emango dute; esaterako, feromonen eta bestelako amu erakargarrien bidezko tranpa-harrapatze masiboak, helduak arrautzak errun aurretik harrapatzearren. Halaber, kontrol biologikoaren arloko aurrerapenak aurkeztuko dituzte. Kontrol hori lurzoruan mikroorganismo naturalak (onddoak, adibidez) erabiliz egiten da; larben gainean jarduten dute, haiek deuseztatzeko, dela lurraren tenperatura neguaren ondoren handitzen denean, dela 10 gradutik gorakoa izanik ziklo biologikoa berriz aktibatzen denean. Horrez gain, hostoetan aplikatzen diren uxagarriak ere erabiltzen dira.

 

Merkatua profesionalizatzea

Neurriak aplikatzea funtsezkoa da merkatuko potentzial handiko laborantza profesionalizatzeko. EAEn, fruitu lehorren kontsumoa 4 kilotik gorakoa da urtean pertsonako, eta intxaurrak produktu nagusia dira kategoria horren barruan.

Eskaria gorabehera, bertako ekoizpenak merkatuko beharren % 20 baino ez ditu asetzen. Gaur egun, estatistika ofizialen arabera, 147 hektarea intxaurrondo daude EAEn. Urtez urte handitzen ari dira, Araban, Rivabellosan, haiek prozesatzeko, uzta bildu ondorengo unitate bat ezartzeari esker.

«Alde horrek agerian uzten du barreiatutako sail asko daudela, baserrietako autokontsumoarekin lotuta, baina profesionalizatzeko tarte nabarmena ere badagoela, bertako eskaria asetzeko», adierazi du ikertzaileak.

Ustiapenen errendimendua hobetzeko, teknologia-zentroa lankidetzan aritzen da Añanako Landa Garapeneko Elkartearekin Zambranako (Araba) lursail esperimental batean; bertan ebaluatzen da barietateak gaur egungo erronka fitosanitario eta klimatikoen aurrean nola egokitzen diren.

Landan sortutako ezagutzaren berri emango dute martxoaren 26ko saioan. NEIKEReko eta Bizkaiko nahiz Gipuzkoako Foru Aldundietako espezialistek parte hartuko dute, baita beste autonomia-erkidego batzuetako espezialistek ere. Gainera, jardunaldian Viveros Galbis enpresak barietate-erresistentziari buruz duen ikuspegi teknikoa ezagutuko dute, baita Seipasa eta SEDQ enpresen irtenbide teknologikoak ere.

Topaketaren bidez, NEIKERek ezagutza aplikatuaren transferentziarekin hartutako konpromisoa indartzen du, EAEko intxaurrondo-laborantzaren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzeko.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.