Albisteak

BERRIA

NEIKERek aurrerapausoak eman ditu gari ekologikoaren laborantzan, ekoizpen iraunkorragoa eta errentagarriagoa lortzeko

3 uztaila 2025

 

  • Zentro teknologikoak saiakuntzak egin ditu ekologikoan okin-gaitasuna duten gari-barietateekin, kanpoko intsumoak minimizatuz eta txandaketa egokiak eginez
  •  Azterketaren emaitzak gaur goizean aurkeztu dira labore ekologikoen entsegu esperimentalak ezagutzeko Arkautiko (Araba) egoitzara eta Eskalmendira egindako bisitan
  •  Lanok Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatutako Nekazaritza Ekologikoaren Sustapenerako Planaren (FOPE) parte dira

Nekazaritza ekologikoak hazten jarraitzen du Euskadin, bai ekoizpen eredu jasangarriagoen gizarte-eskariagatik bai lehen sektoreari eskaintzen dizkion aukerengatik. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren (Ekolurra) azken datuen arabera, 2024an % 18 hazi zen nekazaritza ekologikora bideratutako ziurtatutako azalera, 12.677 hektareara helduz, lurraldeko nekazaritzako lurzoruaren % 6,7.

Testuinguru horretan, joera hori egonkortzeko funtsezkoa da baldintza ekologikoetara egokitzen diren barietateen gaineko ikerketa. Horrela jasotzen du «Baserritik mahaira» Europako estrategiak ere, 2030erako helburu gisa ezartzen duena Europar Batasuneko nekazaritzako azaleraren % 25 era ekologikoan landatzea.

Helburu hori lortzeko ahaleginari ekarpena egin asmoz, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko erakundea den NEIKER zentro teknologikoak era ekologikoan landatutako lursailak bisitatzeko urtero antolatzen duen jardunaldia egin du gaur goizean Arkautiko (Araba) egoitzan. Bertan, egindako ekoizpen ekologikoko azken entseguen emaitzak nekazaritza sektoreko profesionalekin partekatzeko aukera izan dute NEIKEReko ordezkariek.

Bisitan zehar, parte-hartzaileek Euskalmendiren partzela esperimentalak bisitatzeko aukera izan dute. Arabako Foru Aldundiarenak diren lurretara egindako bisitan, aurreko urteetako kanpainetako aurrerapausoak bertatik bertara ezagutu dituzte bildutakoek, bai eta martxan dauden proposamenen berriak ere.

Kanpoko intsumorik gabeko gariak ogia egiteko

Jardunaldian zehar maneiu ekologikoko zenbait gari barietaterekin egindako entseguen datuak ere aurkeztu dira. Egindako entseguei esker egiaztatu ahal izan denez, zenbait barietatek ogia egiteko kalitate maila egokiak lortu dituzte ongarririk eta konpostik aplikatu beharrik gabe.

Entseguon ekarpen berritzailea ogia egiteko kalitate maila egokia laboreak txandakatuz lortu dela da. «Egiaztatu dugu posible dela ogia egiteko kalitate altuko gariak maneiu ekologikoarekin lortzea, ongarri gehigarririk erabili gabe, soil-soilik laboreak txandakatuz. Adibidez, gari landaketak labore leguminosoen landaketekin txandakatzeak lurzoruaren emankortasuna eta bizitza mantentzen laguntzen du», azaldu du Roberto Ruiz de Arcaute NEIKEReko Landare Ekoizpeneko eta Babeseko Departamentuko teknikariak.

Hobekuntzak errentagarritasun marjinetan

Barietateen hautaketa egiten laguntzeaz gain, entseguek frogatu dute ongi diseinatutako labore txandakatze sistemei esker posible dela produktibitatea mantentzea konpostik eta hostoetako ongarririk erabili gabe. Aipatu intsumoak aplikatu ziren partzeletan ez zen errendimendu hobekuntza esanguratsurik behatu, eta horrek intsumoak ez erabiltzearen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa indartzen du.

Kanpoko intsumoen erabilera murrizteak, jakina, ustiategien kostuak jaisten ditu, eredu ekologikoaren marjina ekonomikoak hobetuz. Aldiz, egitura komertzial egoki baten falta da oraindik ere laborantza estentsibo ekologikoa garatzeko oztopo handienetakoa, adibidez zerealen kasuan. «Entseguek emaitza esperantzagarriak utzi dituzten arren kalitateari eta kostuen murrizketari dagokienez, produktuak merkaturatzeko kate sendo bat ez izateak mugatu egiten du produktuon ezarpena lurraldean zehar», nabarmendu du amaitzeko ikertzaileak.

Sektorearen zerbitzura

NEIKERen nekazaritza ekologiko sustatzeko egindako lanak Nekazaritza Ekologikoaren Sustapenerako Planaren (FOPE) parte dira. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatzen du plana 2014tik eta Ekolurra eta NEIKER zentro teknologikoak berak dinamizatzen dute. Helburua ekoizpen ekologikoa bultzatzea da, baita eraldaketa eta merkaturatze katea indartzea ere.

Gaurkoa bezalako jardunaldiaren bitartez, NEIKERek sektorean jakintzaren transferentziako eragile gisa jokatzen duen zeregina indartzen du, ezagutza baliagarria sortuz eta lurraldearen benetako beharretara egokitutako irtenbide praktikoak bultzatuz. Azken helburua argia da: nekazaritza eredu jasangarriagoa eta lehiakorragoa sortzen laguntzea, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuta dagoena.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.