Albisteak

BERRIA

Monitorizazioaren arloko Europako adituak hartuko ditu NEIKERek, lurzoruen narriadura geldiarazteko

16 iraila 2025
  • Teknologia-zentroak nekazariak, zientzialariak eta enpresak hartuko ditu bere Arkautiko egoitzan, irailaren 15etik 17ra, lurzoruen osasunari buruz eztabaidatu eta gai horren inguruko esperientziak trukatzeko
  •  Europar Batasunak «A Soil Deal for Europe» misioa jarri du abian, Europako lurzoruen gutxienez % 75 2030erako egoera onean daudela ziurtatu nahi duena; bada, ekimena misio horren barruan sartzen da
  •  Saio teoriko laburrak egingo dira, eta, horiez gain, bisita eta jarduera praktikoak egingo dira NEIKERen epe luzeko saiakuntzen sareko labore, larre eta mahastietan

 

Lurzoruak ezinbestekoak dira elikagai-ekoizpenean, karbono-biltegiratzean eta ur-erregulazioan. Lurzoruek dute, gainera, lurreko biodibertsitatearen zati handi bat. Lurzoruen narriadurak zerbitzu horien % 60 konprometitzen ditu Europan eta arriskuan jar dezake gizarteak klima-aldaketara egokitzeko duen gaitasuna. Hori saihesteko, Europar Batasunak «A Soil Deal for Europe» (Mission Soil) ekimena kaleratu du Horizon Europe programaren barruan; Europako lurzoruen gutxienez % 75 2030erako egoera onean egotea da helburua.

Europar Batasunaren misio horrek oinarri du  living labak eta lighthouseak sortzea. Espazio horietan, nekazariek, zientzialariek eta enpresek irtenbide berritzaileak probatu ahal izango dituzte lurzoruaren osasuna hobetu eta beste eragile batzuk inspiratzeko jardunbide egokiak erakusteko.

Ehun bat living lab aurreikusten dira Europan (batzuk abian dira eta beste batzuk hasierako fasean daude) eta, horiei esker, modu koordinatuan egin ahal izango dugu aurrera lurzoruak lehengoratu eta monitorizatzeko lanean.

Ildo horretan, NEIKER teknologia-zentroak, Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko erakundeak, prestakuntza-topaketa bat hartuko du bere Arkautiko (Araba) egoitzan, irailaren 15etik 17ra. Europako adituak eta espazio horien kudeatzaileak bilduko dira bertan eztabaidatu eta esperientziak trukatzeko.

 

Epe luzeko saiakuntzak

NEIKERen topaketaren programan, hitzaldi laburrak eta landa-jarduerak daude. Lehenengo horiei esker, eztabaida eta parte-hartze aktiboa sustatuko dira. Teknologia-zentroak BALTSAN epe luzeko nekazaritza-saiakuntzen sareko labore, larre eta mahastietan egiten duen lanarekin lotuta dago dena.

«Saiakerek, batetik, lurzoruek baldintza errealetan duten bilakaera aztertzen dute eta, bestetik, zenbait praktika probatzen dituzte, hala nola artzaintza birsortzailea, mahastizaintza erresistentea eta ongarritze organikoa; horrela, informazioa sortzen da nekazaritza-sistema jasangarri eta erresilienteagoak lortzeko. Bada, saiakuntza horiek nola funtzionatzen duten azalduko dugu», adierazi du Lur Epelde NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbazio Saileko ikertzaileak.

 

Lurzoruak digitalizatzea

Soil Health Data Cuberi eskainitako espazio bat ere badu topaketak. Europako lurzoruen biki digital bat da hori, eta AI4SoilHealth proiektuaren esparruan garatu da. Tresnak klima- eta geografia-adierazleei eta edafologia-adierazleei (lurzoruaren ezaugarri fisiko, kimiko eta biologikoak) buruzko datu historikoak eta oraingoak ditu. Lurzoruaren egoera zehaztasun handiz erakusten duten mapa zehatzak sortzen ditu eta nekazaritza-eskualde eta -teknikek osasunari nola eragiten dioten ikusteko aukera ematen du.

«Soil Health Data Cubek lurzoruen bilakaera analiza dezake, eta lurzoruek hainbat faktoreren aurrean nola erantzuten duten aztertu. Faktore horiek dira, besteak beste, klima-aldaketa eta nekazaritza-teknika berriak aplikatzea. Sortzen den ezagutza baliatuko dugu eskala bakoitzera egokitutako erabaki zehatzak hartzeko», ziurtatu du ikertzaileak.

 

Living labak NEIKERen

Espainian zenbait living lab operatibo daude, hala nola NEIKER partaide den LILAS4SOILS. Hori horrela, NEIKER aukeratu dute EBren misioaren anfitrioi.

Nazioarteko profesionalek parte hartuko dute prestakuntzan eta, horri esker, zentroak ezagutza trukatu ahal izango du, eta jardunbide egokiak EAEren testuingurura ekarri. Bada, profesionalen artean Wageningengo Unibertsitateko Rachel Creamer eta UK Centre for Ecologyko David Robinson daude.

«Egunotan, lurzoruen monitorizazioaren eta kudeaketa jasangarriaren erreferentzia-puntua izango da NEIKER. Horrela, ikerketa aplikatuan dugun lidergoa indartuko dugu, eta lurzoruen osasuna hobetzen lagunduko dugu Euskadin eta Europan», esan du amaitzeko Epeldek.

Prestakuntza BENCHMARKS eta AI4SoilHealth (NEIKER partaidea da) proiektuek eta «A Soil Deal for Europe» misioak antolatu dute elkarrekin, Joint Research Centreren babesarekin.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.