Albisteak

BERRIA

Landare estalkiak eta ureztapena zatikatzea, mahastia klima aldaketara egokitzeko

25 apirila 2024

 

  • VITISAD 2 Europako proiektuak mahastizaintzako praktikak sustatu eta bultzatu nahi ditu, POCTEFA espazioaren mendebaldeko eremuko mahastiak klima aldaketara egokitzeko, Espainiaren eta Frantziaren arteko lankidetzaren bidez
  • Proiektuaren esparruan, muztioaren eta ardoaren kalitatea baldintza klimatiko txarretan hobetzeko, ureztatzeko uraren erabilera jasangarria optimizatzeko edo mahastiaren barietateen biodibertsitatea eta barietate artekotasuna handitzeko teknika batzuk jarriko dira abian.
  • NEIKER zentro teknologikoa mugaz gaindiko ekimenaren partzuergoko kideetako bat da, hainbat soluzio ebaluatuz mahastizaintza babesten saiatzeko.

Europa oso sentsibilizatuta dago klima aldaketa sektore produktiboetan eta jarduera ekonomikoetan sortzen ari den eragina dela eta, esaterako, mahastizaintza eta ardogintza sektorean. Testuinguru horretan, bai mahatsondoaren laborantza bai mahatsaren kalitatea baldintza klimatiko aldakor horien eraginpean daude.  Horregatik, klima aldaketara egokitzea ahalbidetuko duten praktika agronomikoen ebaluazioa sustatzen da.

Problematika horri mugaz gaindiko ikuspegi batetik helduz, egokitzapenerako hainbat estrategia agronomikoren baterako aplikazioa baloratzeak eta horiek ingurumen baldintza desberdinak dituzten eskualdeetan zer eragin duten aztertzeak aukera ematen du mugaren bi aldeetan egindako azterketak baliozkotzeko, eta, horrenbestez, emaitzak mahastizain eta upategietara transferitzeko berme hobeak lortzeko eta erabakiak hartzen laguntzeko.

VITISAD 2 proiektua mahastizaintza eta mahastizainak beren lurraldean zaintzeko erronkari erantzuteko sortu da, bazkide frantziar eta espainiarren arteko lankidetza plural, sendo eta orekatua lortu duten erakundeek ezarritako sinergien bidez. Frantziaren aldetik, Institut Français de la Vigne et du Vin, Chambre d’Agriculture des Pyrénées Atlantiques eta Tolosako Unibertsitatea 2-Jean JAURES erakundeek parte hartzen dute, eta Espainian, berriz, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak, Errioxako Gobernuko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak eta NEIKER zentro teknologikoak. Horiek guztiak POCTEFA jarduera lurraldearen barruan elkartu dira, zeinak muga Frantzia eta Espainia arteko mugatik gertu dauden departamentu eta probintziak biltzen baititu, Andorrako printzerriarekin batera.

Proposatutako ekintzen artean, honako hauek nabarmendu daitezke:

  1. Mahastietarako kudeaketa hidriko jasangarria eta ureztatzeko uraren erabilera eraginkorra, baliabide hori optimizatuz eta aplikatzeko estrategia egokituz, mahatsaren kalitatea handitzeko. Horretarako, teknika efizienteagoak garatuko dira, hala nola lurpeko ureztatzea, eta ureztatzeko estrategiak erabakiko dira landa neurrien eta neurri satelitalen laguntzaz, mahatsondoaren beharrak labore sail zabaletara egokitu ahal izateko.
  2. Klima aldaketari egokitutako barietate eta klonak hautatzea, aurreko VITISADen lortutako emaitzetan oinarrituta, haien portaera agronomikoaren azterketa zabaldu eta egoera hidrikoari, nutrizionalari eta fenologikoari buruzko informazio berria erantsiko duena, klima aldaketarekiko erresilientzia ebaluatuz.
  3. Landare estalki mota desberdinak erabiltzea, mahastiko lurzorua higaduratik eta jariatzetik babesteko, baita estalki desberdinak ere, landaketa ildoetan kokatuak, herbizidak erabiltzearen alternatiba jasangarri gisa.
  4. Mahats mordoak udako tenperatura handietan kontrolatzea eta babestea, itzala egiteko tekniken bidez.
  5. Proiektuan planteatutako mahastizaintza praktiken onargarritasuna eta transferentzia aztertzea, mahastizainek, agintari publikoek eta kontsumitzaileek proposatutako egokitzapen praktikei buruz dituzten iritziak aztertuz, eta horiek praktikan ezartzeko oztoporik dagoen analizatuz.

Ekintza horiek guztiak EBko politika berdeetan eta nekazaritza politiketan txertatuta daude, eta lurraldearen garapen jasangarria sustatzen laguntzen dute, aurkeztutako irtenbide berritzaileen bidez.

VITISAD 2ren emaitzen onuradun posibleen artean mahastizaintza eta ardogintza sektoreko eragileak, Administrazio Publikoak, Nekazaritzako Erakunde Profesionalak eta ardogintza sektorean eskumena duten Kontseilu Arautzaileak eta Ekoizpen Ekologikokoak daude.

VITISAD proiektuaren jarraipena

Mahastia egungo agertoki klimatikora egokitzeko mugaz gaindiko lankidetza proiektu hau joan otsailaren 21ean onartu zen, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg VI-A Programaren Agintaritza Kudeatzailearen behin betiko ebazpenaren bidez (POCTEFA 2021-2027), eta 2027ko otsailera arte iraungo du. Horrenbestez, aurreko VITISAD proiektuak egin zuen ekarpena aitortzen da, eta bertan lortutako emaitzak kapitalizatzeko beharra, aurretik garatutako lan ildoak zabaltzea eta etorkizuneko beste batzuk irekitzea baloratzen da.

VITISAD 2k 865.446,42 €-ko aurrekontua du, Europar Batasunak %65ean kofinantzatuta, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg VI-A Programaren bidez (POCTEFA 2021-2027). Programaren helburua da Espainia-Frantzia-Andorra mugaldeko integrazio ekonomiko eta soziala indartzea.

Bazkide guztiek aurretiazko proiektuan garatutako elkar ulertze eta lan handiak –2024an Espainiako Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioak #EuropaSeSiente proiektuen urteko lehiaketan saritu zuen– VITISAD 2 bultzatu du, klima aldaketak mahastira dakartzan ondorio negatiboak prebenitzeko, arintzeko, egokitzeko eta kudeaketa teknikak eta estrategiak sustatzeko eta zabaltzeko ekimen gisa.

Related posts