Albisteak

BERRIA

Labore belarkaren Estatuko unitate esperimental agrovoltaiko handiena inauguratu dugu Arkauitin, azpiegituron bideragarritasuna ikertzeko

24 apirila 2025
  • Unitatea 8.000 metro koadrotan banatutako 212 modulu fotovoltaikok osatzen dute, urtean 163.914 kWh sortuko dituztenak, gutxi gorabehera 50 etxebizitzaren urteko batez besteko kontsumoa
  • Ustiapen agrovoltaikoek lur-gainazal bera erabiltzen dute nekazaritzako jardueretarako eta eguzki-energiaren bitartez elektrizitatea sortzeko
  • Azpiegitura berria NEIKERek zuzendutako AgriPower proiektu europarra garatzeko erabiliko da, sistema agrovoltaiko adimendunekin probak egitea helburu duena

NEIKERek instalazio esperimental agrovoltaiko berritzaile bat aurkeztu du gaur, landa-lurzoru batean nekazaritzako ustiapena eta energia berriztagarriaren ekoizpena uztartzea posible den testatzeko erabiliko dena.

Azpiegiturak 8.000 metro koadroko hedapena du, eta, horrenbestez, labore belarkaren Estatuko unitate esperimental agrovoltaiko handiena da. Instalazioaren inaugurazioan Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredok eta NEIKEReko zuzendari nagusi Olatz Unamunzagak parte hartu dute.

Instalazio agrovoltaikoak ahalbidetuko du baldintza errealetan aztertzea eguzki-energia ekoizpenaren eta nekazaritzako ekoizpenaren arteko elkarbizitza, betiere landa-lurzoruaren bokazio produktiboa arriskuan jarri gabe. Guztira 212 modulu fotovoltaiko instalatu dira, egindako estimazioen arabera urtean 163.914 kWh sortuko dituztenak, gutxi gorabehera 50 etxebizitzaren urteko batez besteko kontsumoa.

Sortutako energia Arkautiko campusaren autokontsumorako erabiliko da osoki, eta, horrenbestez, sareko elektrizitatearen eskaria nabarmen murriztu ahal izango da. Horiek horrela, instalazioak ez du soilik energia-eredu jasangarriago baterantz aurrerapausoak ematen lagunduko, baizik eta baliagarria izango da zentroaren efizientzia eta autosufientzia hobetzeko ere.

Ustiapen agrovoltaikoa

Instalazio agrovoltaikoek lur-gainazal bera erabiltzen dute nekazaritzako jardueretarako eta eguzki-energiaren bitartez elektrizitatea sortzeko. Instalatutako irtenbide berritzailearen eskutik, sektorearen erronka nagusiei erantzun nahi zaie, besteak beste, nekazaritza klima-aldaketara egokitzea, landa-eremuetako diru-sarrerak dibertsifikatzea eta lurraldearen erabilera efizientea.

Unitatearen erdia (4.000 metro koadroko azalera) egitura agrovoltaikoan instalatuko da (nekazaritzako ekoizpena eta eguzki-panelen instalazioa), eta beste erdia kontrol-eremu gisa mantenduko da eta nekazaritzako erabilera esklusiboa emango zaio. Diseinu horrek aukera emango du zehaztasunez aztertu eta alderatzeko bi eremuotako nekazaritzako ekoizpenaren errendimendua.

«Instalazioak estrategikoki kokatzen gaitu ezagutza tekniko zehatza eta egiaztatua sortzeari dagokionez, eta horrek nekazaritzaren sektoreak bere baldintzetara egokitutako benetako irtenbideak eskuratzea erraztuko du. Helburua da aztertzea ea posible den energiaren sorkuntza eta elikagaien ekoizpena bateragarri egitea; bideragarria baldin bada, irtenbide oso egokia izan daiteke gure sektorearentzat», nabarmendu du Olatz Unamunzaga NEIKEReko zuzendari nagusiak.

Proiektu europarra

Azpiegitura berria NEIKERek zuzendutako AgriPower proiektu europarra garatzeko plataforma ere izango da, helburu duena sistema agravoltaiko adimendunekin probak egitea, betiere nekazaritzako ekoizpena mantentzea eta errendimendu energetikoa optimizatzea xede. Horretarako, zenbait labore belarkararekin probak egingo dira egitura agrovoltaikoen azpian, adibidez uhaza eta patata. Helburua laboreok baldintzotara nola egokitzen diren aztertzea da, nekazaritza eguzkia-energiaren ekoizpenarekin uztartzeko eta jasangarritasuna bultzatzeko.

Ildo horretan, Amaia Ortiz proiektuaren koordinatzaile eta NEIKEReko Ekoizpeneko eta Babes Begetaleko Saileko koordinatzaileak nabarmendu bezala, oso garrantzitsua da datu zientifiko sendoak sortzea laboreak eta instalazioaren diseinua behar bezala hautatu ahal izateko, betiere jasangarritasuna bermatuz nekazaritzaren, energiaren eta ekonomiaren ikuspuntuak aintzat hartuta. «Sektoreak ebidentziak behar ditu, benetako datuak, landa-lanetan baldintza errealetan lortutakoak, funtsezkoak baitira ondo oinarritutako erabakiak hartu ahal izateko. Gainera, datuok gako izango dira instalazio agrovoltaiko arduratsuak ezartzea erraztuko duten gobernantza-eredu eraginkorrak diseinatzeko», nabarmendu du Ortizek.

Egitasmoa Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Frantziako hegoaldeko erakundeen elkarlanarekin egiten ari da, eta, besteak beste, aurreikusten ditu baldintza errealetan egindako saioak, berrikusketa metodologikoa, ekoizleei laguntza emateko erreminten garapena, eta Iparraldean ustiapen agrovoltaikoak modu seguru eta eraginkorrean ezartzea sustatzeko politika publikoko gomendioen txosten bat.

«Ustiapen agrovoltaikoak aldi berean zenbait erronkari aurre egiteko aukera eskaintzen du: trantsizio energetikoa, klima-aldaketaren aurreko egokitzapena, ustiategien jasangarritasun ekonomikoa, eta elikagaien ekoizpenaren eta energia sorkuntzaren arteko bateragarritasuna», nabarmendu du amaitzeko ikertzaileak.

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.