Albisteak

BERRIA

“Hegazti-influentzak urtarokotasuna galdu du, eta kasuak agertzen dira udaberrian eta udan ere”

13 urtarrila 2026

 

Hegazti-influentzak jokabidea aldatu du. Lehen urtaro jakin bateko mehatxua zena, hotzari lotua, orain urte osoan zehar detektatzen da, eta espezie gehiagori erasaten die, sektorea etengabe alertan jarririk. Errealitate horren nondik norakoak ulertzeko, Marta Barral NEIKEReko Abereen Zientzia Saileko ikertzaileak birusaren bilakaera, ugaztunetara jauzi egiteko arriskuak eta, batik bat, EAEko abeletxeak gaur egun babesteko protokoloen eraginkortasuna azaldu dizkigu.

 

Hegazti-influentza kezka uxaezina bihurtu da sektorearentzat eta Administrazioarentzat. Izan ere, kasu «jario» etengabea aipatzen du hainbatek. Zein da benetako egoera gaurko egunez EAEn, eta zehazki zein birusi ari gara aurre egiten?

Baiki, «jario» moduko hori hauteman da basa hegaztietan, batik bat kaio hankahorian. Gaur egun hautematen ari garena patogenotasun handiko H5N1 azpitipoa da (PH H5N1).

Izan ez da birus berria, lehen aldiz Eskozian isolatu zen, 1959. urtean, eta ez dio eboluzionatzeari utzi ordutik hona. Gizakietara transmititu izanaren lehen kasua Txinan jazo zen, 90eko hamarkadan. Gero, Asian hedatu zen 2005. urtean, eta berriro agertu Europan, 2021ean. Asian 2003-2005 aldian agertu zen hartan, beste kontinente batzuetara ere hedatu zen, baita Europara ere. Berriki, 2021. urtean, berriro agertu da Europan PH H5N1 azpitipo horretako beste aldaera bat, eragin eta ezaugarri epidemiologiko desberdinekoa. Ordutik, birusa ia mundu osora hedatu da; EAEn, 2022an hauteman zen lehen aldiz basa hegaztietan.

 

Diozunez, ezaugarriak aldatu egin dira. Zer dela eta hautematen da gripea, lehen urtarokoa izaten zena, urte osoan?

Hori da aldaketa nagusietako bat. Orain arte, patogenotasun handiko kasuak urtaro hotzenetan metatzen ziren, neguan gehienbat. Baina 2021eko agerraldiez geroztik, urtarokotasunarena gero eta gutxiago sumatu dugu: kasu kopurua oso handia da udaberrian eta udan ere bai.

Esaterako, EAEn, lehen kasuak 2022ko maiatzean hauteman genituen, eta hurrengo urteko ekainera arte jarraitu genuen, eta 2025. urtean, lehen kasuak uztailean hauteman genituen. Uste dugu balitekeela horrek lotura izatea birusaren egituran gertatu diren aldaketekin, izan mutazioengatik, izan beste azpitipo batzuekin birkobinatzeagatik. Hala, ezaugarri berriak eskuratu ditu, eta, ondorioz, espezie gehiago infekta ditzake.

 

Birusak jauzi egin du basa ugaztunetara. Zer eragin du horrek abeltzaintzako ustiategien segurtasunean?

Abeltzaintzako ustiategien kudeaketa ez da deus askorik aldatuko. Etengabe bete behar dituzten biosegurtasuneko neurriak orain ere baliagarriak dira; izan ere, ustiategiei berei beste inori baino gehiago interesatzen zaie basa haragijaleak haien lurretan ez sartzea, esan beharrik ere ez dago. EAEn, hori bai, hegaztiak ez ezik, basa ugaztunak ere zaintzen ditugu, batik bat haragijaleak, baina basurdeak eta itsas ugaztunak ere bai.

 

Abere horiekin lan egiten pertsonek arriskurik ba al dute?

Oro har, herritarrentzako arriskua baxua da, baina lanean abere eriekin zuzeneko harremana duten langileentzako arriskua baxua eta moderatua da; beraz, norbera babesteko ekipoak erabiltzea eta haien kudeaketa egokia egitea gomendatzen da. Halaber, hegazti infektatuekin zuzeneko harremana duten pertsonek urtaroko giza gripearen aurkako txertoa jartzea komeni da. Helburua da hegazti-influentzaren birusak eta giza gripearenak aldi berean inor ez infektatzea, birkonbinazioak sortuko liratekeelako, eta horrek H5N1 birusaren eboluzioa bizkortuko lukeelako.

 

EAEn bada jarduketa-protokolo koordinatu bat (ELIKArekin, aldundiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin). Azalduko zeniguke zer gertatzen den basa hegazti hila edo sintoma susmagarriak dituena hautematen denetik aurrera?

Hegazti susmagarri bat topatzen denean, uzkiko eta orofaringeko laginak hartzen dira, eta hemen, NEIKERen, aztertzen ditugu. Abereak positibo ematen badu, laginak erreferentzia-laborategira bidaltzen dira, berrets ditzan, eta foku-izendapen ofiziala egiten da.

Aldi berean, aurkikuntza egin den ingurua berariaz zaintzen da, eta, oro har, EAE osoan, kasuak bizkor hautemateko, halakorik badago. Funtsezkoa da basa hegazti infektatuen gorpuak ingurunetik kentzea, birusa hedatzea eragozteko. Gainera, kasuren bat gertatzen bada, horren berri ematen zaio sektoreari, ustiategiek biosegurtasuneko neurriak zorroztu ditzaten eta zaintza handitu dezaten, gaitzaren susmoa izanez garo.

 

Hegaztien konfinamenduak kezka eragiten du, animalien ongizatea dela eta. Aire zabalera seguru ateratzeko aukerarik bada?

Bai, salbuespeneko neurri batzuek baimena ematen dute salbuespenez irten ahal izateko, baldin eta animaliaren ongizatea arriskuan bada, eta betiere baldintza zorrotz batzuk beteta.

Horretarako, ustiategiak fisikoki zedarritu behar du eremu txiki bat kanpoaldean, basa hegaztiak sartzea eragozteko hegazti-oihalez edo mekanismoren batez babestua, eta hegaztiei ustiategiaren barnealdean eman behar zaie jaten eta edaten, eta eragotzi behar da basa hegaztiek harremana izatea etxeko hegaztientzako elikagaiekin eta urarekin. Gainera, disuasio-neurri osagarriak ezar daitezke, hala nola txorimaloak, aldizkako soinu-igorleak eta zinta holografikoak. Funtsezkoa da, orobat, eremua aurrez garbitzea erakartzeko gune oro, hala nola putzuak eta hondakinak, ezabatzeko.

 

Bukatzeko, zer mezu helarazi nahi diozu sektoreari agertoki iraunkor hau dela eta?

Helarazi nahi dut aplikatzen ari diren protokoloak eta neurriak funtzionatzen ari direla, hegazti-influentza kudeatzeak dakartzan zailtasunak eta ahalegin gehigarria gorabehera.

Zoritxarrez, badirudi hegazti-influentzak segituko duela ingurunean, basa hegaztietan prebalentzia handiagoa edo txikiagoa izanik. Horregatik, dauden kasuak goiz hautemateko eta barreia daitezen eragozteko, eutsi egin behar zaio inplikatuta dauden eragile guztien lankidetzari, administrazio eta laborategietatik hasita abeltzain eta albaitarietara.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.