BERRIA
Gorrina eta zurinarekiko mahats erresistenteak mahastizaintza jasangarria bultzatzeko
2 abendua 2025
- NEIKER teknologia-zentroak Europako GRAPEBREED4IPM proiektuan parte hartzen du. Proiektuak gaixotasunekiko mahats-barietate erresistenteak erabiltzea bultzatzen du fungizida gutxiago erabil daitezen.
- Zenbait hautespen-lerro aztertzen dira, patologien kontrako erresistentzia genetikoa konbinatuta, eta ekoizpen-lurzatietan haien portaera nahiz errendimendua ebaluatzen dira benetako laborantza-egoeretan.
- Ekimenak honako hauen helburuei laguntzen die: Europako Itun Berdea, Biodibertsitate Estrategia 2030 eta Baserritik Mahaira ekimena.
Europako mahastizaintzaren bide-orrian helburu nagusi hauek daude: tratamendu kimikoak gutxitzea, ingurumena zaintzea eta mahatsaren kalitateari eustea. Helburuak betetzea erronka handia da, fungiziden bitartez kontrolatzen baitira zenbait gaixotasun; besteak beste, produktuaren ekoizpenari nahiz kalitateari eragiten dieten gorrina eta zurina. Hori horrela, sektorearentzat lehentasunezkoa da berrikuntzak bultzatzea aukera egon dadin intsumo edo sargai gutxiagorekin landatzeko, eta, aldi berean, mahastian eragina duten gaixotasunen kontrako erresilientzia handitzeko.
Asmo horrekin, NEIKER teknologia-zentroak Europako GRAPEBREED4IPM proiektuan parte hartzen du. Proiektuaren ardatza da gaixotasunekiko erresistenteak diren mahats-barietateak (DRVak, disease resistant varieties ingelesez) garatu eta sustatzea; hau da, eskualdeko lurzoruaren eta klimaren ezaugarrietara egokitzeko gai diren barietateak.
Hartarako, zenbait hautespen-lerro aztertzen dira, patologien kontrako erresistentzia genetikoa konbinatuta, eta ekoizpen-lurzatietan haien portaera nahiz errendimendua ebaluatzen dira benetako laborantza-egoeretan.
Ildo horretatik, NEIKERek, ardogintzaren sektorerako irtenbide jasangarrietan esperientzia handia izanik, laguntza teknikoa ematen du landare hobetuak hautatzeko, eta bertako mahastizainekin elkarlanean aritzen da barietate egokienak identifikatzeko; hau da, gaixotasunen aurrean portaera onena dutenak eta lurraldeko lurzoru eta klimetara behar bezala egokitzen direnak. «Tokian-tokian egindako lana oinarrizkoa da barietate berrien eraginkortasuna benetako laborantza-egoeretan ebaluatzeko», azaldu du Ana Díez zentroko Landare Ekoizpena eta Babesa Saileko ikertzaileak.
Emaitzak testuinguru zabalagoan jartzeko eta aplikagarritasuna balidatzeko, zentroak OSCAR behatokian parte hartzen du, Frantziako INRAEek eta IFVk bultzatutakoan. Sare horretan bilduta daude Europako zenbait ingurunetako barietate erresistenteak ekoizten dituzten lurzatiak. Sareak informazio teknikoa elkarri trukatzea errazten du, eta laguntzen du askotariko klima- eta lurzoru-ezaugarrietara egokitzen diren kudeaketa-estrategiak hobetzen.
Gainera, barietate berriek mahastiaren ekosisteman zer ondorio dituzten ulertzeko, NEIKERek biodibertsitatea ebaluatzen du DRVak dituzten lurzatietan, bai kudeaketa ekologikorako sistemetan, bai babes kimiko apaleko sistemetan. Hain zuzen ere, honako hau aztertzen dute: ea antropodorik dagoen, mahatsari lotutako mikrobiota, eta, halaber, barietate erresistenteen eta mahastiko ingurune naturalaren arteko interakzioa aztertzea ahalbidetzen duten bestelako adierazle ekologikoak. «Bildutako informazioak balio izango du jardunbide agronomikoak diseinatzeko, haien bitartez laborearen jasangarritasuna susta dadin, ingurumeneko eragina gutxitu dadin eta ekosistemaren oreka naturala lagundu dadin», adierazi du Díezek.
% 50 murriztea
DRVak aplikatzea onuragarria da hala ohiko nekazaritzarentzat nola nekazaritza ekologikoarentzat; izan ere, jatorri naturaleko produktuak erabiltzen dituen arren, tratamendu fitosanitarioen mende ere badago. Barietate erresistenteak erabiliz gero, mahastizainek ez dituzte horrenbeste intsumo kimiko erabili behar, eta areagotu egiten dituzte ustiategien efizientzia nahiz jasangarritasuna. Ikertzaileak esan bezala, «proiektua amaitutakoan fungiziden erabilera % 20 murriztea aurreikusi da, eta epe luzeko helburua % 50 murriztea da».
Jardunbideak sektorean zabal daitezen, honako hauek garatuko dira: erabakiari laguntzeko tresnak, kudeaketa fitosanitarioko gidaliburuak eta eskualde bakoitzeko ezaugarrietara egokitzen diren landatze-jarraibideak. Halaber, bide-orri pertsonalizatuak egingo dira errazago planifika dadin mahats-barietate berriak erabiltzea eta haien jarraipena egitea.
Oro har, GRAPEBREED4IPM proiektuak lagundu egiten die Europako Itun Berdearen, Biodibertsitate Estrategia 2030aren eta «Baserritik Mahaira» ekimenaren helburuei. Ekimenek sustatzen dute nekazaritzako elikagaien sektorean produktu kimiko gutxiago erabiltzea, biodibertsitate handiagoa egotea eta izurrien nahiz klima-aldaketen aurreko jardunbide jasangarri eta erresilienteagoak erabiltzea.
GrapeBreed4IPM
GrapeBreed4IPM, “Mahastizaintzarako irtenbide jasangarrien garapena, eragile anitzeko berrikuntzaren bidez, izurriteen maneiu integraturako hobekuntza genetikora bideratua”, 2024ko apirilean hasi zen eta 4 urteko iraupena izango du, 2028ko martxoan amaituz.
Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ikerketako Institutu Nazionala (INRAE) da proiektuaren buru, nazioarteko 19 bazkiderekin eta 2 bazkiderekin lankidetzan: Julius Kühn-Institut – Landare Landatuen Ikerketako Alemaniako Zentro Federala; Istituto di Genomica Applicata; Edmund Mach Fundazioa; Ardoaren eta Ardoaren Frantziako Institutua; Friburgoko Ardoaren Batzorde Nazionala; INRAE Transflow; Ludwigshafen-eko Enpresa eta Gizarte Zientzien Unibertsitatea; Rauscedo Mintegi Kooperatiboak; Horta; Ekonomia, Garraio, Nekazaritza eta Mahastizaintza Ministerioa; Ardoaren Plataforma Teknologikoa; Jatorri Deitura eta Adierazpen Geografikoa duten Ardoen Lanbide arteko Batzorde Nazionala; NEIKER; Mercier, mahastizaina; Alemaniako Mahatsondo-landareen Ekoizleen Elkartea; Onddoekiko erresistenteak diren mahatsondo-barietateak sustatzeko lan-taldea; Moët Hennessy; Polopriverdiko Primeneutika Institutua; Nekazaritza Organikoa eta Foncalieu Mahastiak Ikertzeko Institutua.
Hori inplementatzeko, GrapeBreed4IPMk 5.000.000 €-ko aurrekontua du, Europar Batasunak finantzatua, Horizon Europa programaren esparruan (diru-laguntza zenbakia: 101132223), eta 600.000 € baino gehiago Suitzako Hezkuntza, Ikerketa eta Berrikuntzako Estatu Idazkaritzak (SERI) emandakoak.




