Albisteak

BERRIA

Egokitzea eta arintzea, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintza sektorearen erronkak klima larrialdiari erantzuteko

14 azaroa 2021

Egokitzea eta arintzea, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintza sektorearen erronkak klima larrialdiari erantzuteko

Klima larrialdia maila globaleko desafioa da, eta, horretarako, ezinbestekoa da munduko, Europako eta tokiko erakunde nagusien eta, oro har, gizartearen, partaidetza. Hain garrantzitsua da, ezen 2015ean, eragile guztiak inplikatzeko helburuarekin -gobernuak, enpresak, gizarte zibila eta pertsona indibidualak-, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Garapen Jasangarriaren Agenda finkatu baitzuen, 17 helburu ezarriz, gure mundua eraldatzeko eta 2030. urterako energia berdeak eta jasangarritasuna bultzatzeko.

NEIKER, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zentro teknologikoa lehen sektorearen eta natura ingurunearen kontserbazioaren ikerketara zuzenduta dago, eta aktiboki parte hartzen du helburu horiek betetzeko, bi lan ildo nagusiren bitartez: egokitzea eta arintzea. Alde batetik, klima aldaketara egokitzea eta nekazaritzako jardueran eta natura ingurunean izan ditzakeen ondorioak aztertzea dago. Eta, bestetik, aldaketa hori arintzea, lehen sektorearen jarduerak jasangarriagoak izan daitezen eta berotegi efektuko gas gutxiago isuri dezaten.  Zentro teknologikoaren lan ildo horiek Basque Green Deal ereduaren bide orriaren parte dira; Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen eredua da, garapen ekonomiko bidezkoa eta jasangarria lortzeko, Green Deal edo Europako Itun Berdearen estrategia komunitarioarekin bat eginda.

Jarduera hori garatzeko, nekazaritzako jarduera bere osotasunean hartzen da kontuan, bai elikadura kateari dagokionez, bai basogintzaren kateari dagokionez. Ezagutza horri esker, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kidea den zentroak beharrezko metodologiak eta adierazleak inplementatu ditzake, eragin horiek modu objektiboan neurtzeko.

Halaber, klima aldaketara egokitzeari dagokionez, NEIKERen lana da gaur egungo laboreak, basoko espezieak eta abeltzaintzako ekoizpenak ezagutzea eta etorkizuneko agertokian nola egokituko diren iragartzea.  Zer portaera izango dute egungo espezie eta arrazek etorkizunean? Ekoizpen mailak mantendu ahal izango dira, jarraitzeko eta jasangarri izateko aukera bermatzeko moduan? Aukerarik ba al dago klima aldaketaren ondoriozko gorabeherak ondoen jasango duten aleak identifikatzeko eta, horietatik abiatuta, hautapen genetikoa egiteko? Edo, hobe da espezie alternatiboak bilatzea? Gure ekoizpen sistemak jokaleku berri horietara egokituta daude?

Galdera horiei erantzuteaz gain, NEIKERen klimaren baldintza berrietan azaleratuko diren gaixotasunak ere aztertzen dira, izan ere, baldintza horiek labore, baso eta animaliei erasotzen dieten mikroorganismoak agertzen eta garatzen laguntzen dute. Esparru horretan, horiek garaiaz detektatzeko eta azkar jardun ahal izateko alerta goiztiarreko sistemak ezartzen dira, gaixotasunak hedatzea galarazteko.

Ondorioak arintzeko jarduerei dagokienez, eta ekoizpen sistemek gero eta berotegi efektuko gas gutxiago isuri dezaten, zentroa aztertzen ari da horretan nola lagundu dezakeen abeltzaintzako espezieen elikadura aldatzeak, gas gutxien isurtzen duten animaliak identifikatu eta hautatzeak, edo laboreetan intsumoak zentzuz erabiltzeak (fitosanitarioak, ongarriak), baita ere gas gutxiago isuriz produktibitate maila altuak mantentzen dituzten barietateak hautatzeak.  Ildo horretan, NEIKERek karbono gehiago atzitzeko eta lurrean atxikitzeko nekazaritza eta basogintzako praktikak aztertzen ditu, karbonoa ez dadin atmosferara iritsi. Halaber, arlo horretan aurrera egiteko, funtsezkoa da metodologia eta adierazle berriak garatzea, ikerketa lanak errazteko. Horrenbestez, NEIKERek animalia jatorriko gasak, indibidualak zein ustiategi mailakoak, neurtzeko ekipamenduak ditu, eta adierazleak garatu ditu nekazaritzako jardueren karbono aztarna eta aztarna hidrikoa neurtzeko, azken aurrerapen teknologikoak eta adimen artifiziala erabiliz.

Azkenik, nekazaritzako jarduera ikuspegi holistiko batetik aztertu behar da. Produktuek ez dute gas kantitate berdina isurtzen erabiltzen dituzten intsumoak urrutitik ekarri beha badira edo produktua ekoizteko intsumoak hurbileko lekuetatik ekarri badira. Gizartea horretaz jabetu behar da, eta tokiko produktuen kontsumoaren alde egin behar du, planeta jasangarriago bat lortzen laguntzeko.