Albisteak

BERRIA

Bioestimulatzaileak, ustiapen agrovoltaikoa eta berrikuntza ureztapenean: NEIKERen proposamenak Expo Agritechen

29 urria 2025

 

  • Aurtengo edizioan eginkizun garrantzitsua dugu, nekazaritza-sektoreari soluzio teknologikoak eskaintzeko hitzaldietan parte hartuko baititugu
  •  Gure parte-hartzea AGRI-TECH proiektu estrategikoaren barruan kokatzen da. Proiektu horretan ari gara lanean duela bost urtetik hona, EAEko nekazaritza-sektorearen trantsizio teknologikoa sustatzeko

 

Nekazaritza-sektoreko 8.000 profesional baino gehiago bilduko dira aste honetan «Expo Agritech Málaga – Feria del Campo 4.0» azokan. Topaketa hori nekazaritzari eta abeltzaintzari aplikatutako azken berrikuntza teknologikoak ezagutzeko erreferente bihurtu da Estatuan.

Ildo horretan, NEIKERek presentzia nabarmena du aurtengo edizioan, nekazaritza-sektoreari soluzio teknologiko eta jasangarriak eskaintzeko bi hitzalditan parte hartuko baitugu.

Lehenengoak, «Eraginkortasun frogatua duten bioestimulatzaileak eta bioongarriak nekazaritza-sektore guztietarako al dira?» izenekoak, intsumo horien benetako eraginkortasuna aztertuko du, eta Amaia Ortiz doktoreak, NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babeseko Saileko buruak, parte hartuko du. Saio horretan, produktibitatea, lurzoruaren osasuna eta jasangarritasuna hobetuko dituzten bioestimulatzaileek eta bioongarriek labore eta baldintza guztietan berdin funtzionatzen duten aztertzen da, eta balio egiaztatua duten produktuak eta oraindik eraginkortasuna frogatu behar dutenak bereizteko aukera ematen duten emaitzak eta landa-esperientziak erakutsiko dira.

Ondoren, «Teknologia eta berrikuntza klima-agertoki gogorretan: estazio meteorologiko birtualak eta uraren aprobetxamendua. WATERPOSITIVE biderantz eraldatzeko funtsezko elementuak» izeneko hitzaldiak uraren kudeaketan eta berrikuntza teknologikoan jarri nahi du arreta. Hitzaldi horretan, Amaia Ortiz doktoreak, Landare Ekoizpen eta Babeseko Saileko buruak, azalduko du nola estazio meteorologiko birtualek eta uraren kudeaketa adimenduneko tresnek aukera ematen duten lehorteei eta muturreko fenomenoei aurrea hartzeko, ureztatzeak modu zehatzagoan eta eraginkorragoan planifikatzeko, eta nekazaritza-ustiategiak errentagarriagoak eta jasangarriagoak izaten laguntzeko, baita agertoki gogorretan ere.

 

Ikerketa eta berrikuntza, standean eskuragarri

Agenda teknikoan parte hartzeaz gain, stand propio bat dugu azokaren erakusketa-eremuan. Erakutsiko dugu nola erabiltzen diren ikerketa eta berrikuntza nekazaritza jasangarriagoa eta eraginkorragoa garatzeko tresna gisa. Gainera, arlo horretan ditugun azpiegitura nagusiak aurkezteko aukera izango dugu, hala nola labore belarkaren Estatuko unitate agrovoltaiko esperimentalik handiena, zeinak, Amaia Ortizek dioen bezala, «8.000 m²-tan, nekazaritza-ekoizpena eta eguzki-energiaren bidez elektrizitatea sortzea modu eraginkorrean konbinatzeko modua ikertzen baitu».

Era berean, bertatik bertara ezagutu ahal izango da 100 hektareako lursail esperimentaletan egiten den lana. Bertan, landa-eremuari aplikatutako praktika agronomiko berriak eta teknologiak probatzen dira. Gainera, klima-kontrola duten hidroponia- eta aeroponia-sistemez hornitutako berotegietan —lurrik gabe landatzeko aukera ematen dute, uraren eta mantenugaien erabilera optimizatzeko— egiten den lana ezagutu ahalko da. Bestalde, euspen biologiko handiko eremuak daude barruan (2-3 EBM eta 3-P EBM), laboreei eragiten dieten gaixotasunak modu seguruan ikertzeko funtsezkoak direnak. Saiakuntza guztietan segurtasuna bermatzen dute.

Azpiegitura horiekin batera, zentroak berrikuntza-proiektu nagusiak erakutsiko ditu, hala nola barazkien indoor ekoizpen bertikala optimizatzea, errendimendua handitu eta baliabideen kontsumoa murriztu ahal izateko; bioponian bioestimulatzaileak erabiltzea landareen osasuna hobetzeko; doitasunezko nekazaritza aplikatzea ureztatzerakoan eta ongarritzerakoan, satelite bidezko irudien bidez; abeltzaintzarako hesi birtuala (HESIA), larreen kudeaketa errazteko; eta patataren Y birusaren detekzio goiztiarra (PVY), ikaste automatikoaren bidez.

Ekimen horiek zentroak duela bost urtetik lantzen duen AGRI-TECH proiektu estrategikoaren barruan kokatzen dira. Proiektu horren bidez, EAEko nekazaritza-sektorearen trantsizio teknologikoa bultzatu nahi da, ingurumenaren ikuspegitik errentagarriagoak, produktiboagoak eta jasangarriagoak diren ekoizpen ereduetarantz.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.