BERRIA
Bioestimulatzaileak eta fungizidak: mahastietan fitosanitario kimiko gutxiago erabiltzeko konbinazioa
9 abendua 2025- NEIKER jatorri naturaleko produktuak kimikoekin txandakatzeko aukera ikertzen ari da, gorrina kontrolatzeko eta mahastizaintza jasangarriagoa bultzatzeko.
Gorrina mahatsondoaren zati berdeei (hostoak, kimu gazteak eta mahats-mordoak) eragiten dien gaixotasun bat da, eta erronka nagusietako bat EAEko mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorerako. EAEn euri ugari eta hezetasun-maila altuak daudenez, kanpaina orotan agertu eta hedatu ohi da gaixotasuna; ondorioz, mahastizainek maiz aplikatu behar dituzte tratamenduak, eta kudeaketa-jardunbideak egokitu behar dituzte, mahatsaren ekoizpena nahiz kalitatea galtzea eragozteko.
Gaixotasun honi aurre egiteko tresna berriak eskaintzeko asmoz, NEIKER bioestimulatzaileen eta bioongarrien erabilera aztertzen hasi zen. Jatorri naturalekoak izanik, mahatsondoaren nutrizioaren osagarri gisa balio dute, eta horrez gain, hobetu egiten dute estres-egoerei erantzuteko gaitasuna.
Eraginkorrak izango zirela egiaztatzeko, lehenik kontrolatutako kondizioetan egin ziren saiakuntzak, eta horrela, ebaluatu ahal izan zen landareek gorrinari nola erantzuten zioten, kanpoko faktoreen eraginik gabe. Probetan ikusi zen produktuetako batzuek onddoaren aurrerapena mugatzen zutela, eta mahatsondoaren babes-gaitasuna hobetzea zekartela.
Aurkikuntza horietatik abiatuta, tratamenduak mahasti komertzialetan aplikatu ziren, laborantza-kondizio errealetan zer portaera zuten aztertzeko; orduan, bioestimulatzaileen efikazia aldakorragoa izan zen. «Mahastian bestelako elementuak egoten dira —adibidez, euria eta beroa—; halakoak ezin dira beti kontrolatu, eta tratamenduak degradatu edo garbitzen dituzte», azaldu du NEIKEReko Landareen Ekoizpen eta Babes Saileko ikertzaile Ana Díezek.
Behaketak oinarri hartuta, estrategia konbinatu bat garatu zuen zentroak, gorrinaren kontrola optimizatzeko eta pixkanaka fungizida kimiko gutxiago erabiltzeko diseinatua.
Hain zuzen ere, honako hauen aplikazioa txandakatzean datza estrategia: fungizidak (onddoari zuzenean eragiten diote) eta produktu bioestimulatzaileak (landarea indartzen eta haren erresistentzia naturala hobetzen dute). Tratamendu bakoitzaren plangintza egokitu behar da mahatsondoaren ziklo begetatibora eta kanpaina bakoitzeko kondizio klimatikoetara, produktuak beharrezkoak direnean eta dosi egokian baino ez aplikatzeko.
«Asmoa da bioestimulatzaileak aplikatzea landarearen defentsa naturalak indartzen dituzten faseetan, eta fungizidak, berriz, infekzio-arrisku handieneko uneetan erabiltzea. Horrela, laborea babesten da, eta ekarpen kimikoa pixkanaka murrizten da», adierazi du ikertzaileak.
Eragina jasangarritasunean
Estrategia horrek ere baditu ondorioak mahastien jasangarritasunean eta ekonomian. Aplikazio kimikoak murriztuz gero, lurzoruan eta uretan gutxitu egiten dira substantzia toxikoak, eta mikrofauna zaintzen da; gainera, kate trofikoko hondakinak ere murrizten dira.
Halaber, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreak aukera du jasangarritasun-irizpideak baloratzen dituzten merkatuetan sartzeko, eta ekoizpen ekologikorako trantsizioa errazten du. Euskadiko Jatorri Deituren testuinguruan (adibidez, Txakolina eta Arabako Errioxako Ardoa), jardunbide horiek indartu egiten dute nekazaritza-jasangarritasunaren irudia; izan ere, ardoaren kontsumitzaileei jakinarazi ahal zaie ekoizleen sektorea bat datorrela politika berdeekin eta ingurumen-kontzientzia duela.
Ezagutzak sektorera irits daitezen, jardunaldiak eta mahastiaren lurzati komertzialetarako bisitak antolatzea aurreikusten du zentroak, teknikariek eta mahastizainek bertatik bertara ikus dezaten tratamendu-konbinazioak nola funtzionatzen duen eta laborearen eguneroko kudeaketan nola integratzen diren.
«Esperientzia honek laborategian eta lursail komertzialetan lortutako emaitzak eguneroko jardunarekin lotzen ditu; horrek tresnak mahastien ohiko erabileran txertatzea errazten du, eta kudeaketa jasangarriagoa eta efizienteagoa sustatzen du», ondorioztatu du Díezek.




