BERRIA
Biodibertsitate funtzionala: nekazaritzako elikagaien sistemaren erronkei aurre egiteko tresna
26 abuztua 2025
- Europako POLITA ekimenak azpiegitura ekologikoak sustatu nahi ditu mahastietan eta sagardietan sargai kimiko gutxiago erabili behar izateko eta landare-osasuna hobetu ahal izateko, eta gu ekimenaren buru gara
Azken hamarkadetan, lurzoruaren erabilera intentsiboa, produktu fitosanitarioen eta ongarrien aplikazio orokortua eta laborantza-paisaiaren sinplifikatzea direla eta, nabarmen murriztu da biodibertsitatea eta, aldi berean, laboreak kalteberagoak dira izurrite, gaixotasun eta muturreko fenomeno klimatikoen aurrean. Egoera horrez gain, klima-aldaketaren ondorioak ditugu eta araudiaren eta gizartearen aldetik gero eta presio handiagoa dago sargai kimiko gutxiago erabiltzeko. Horrek guztiak, bada, erronka garrantzitsuak planteatzen ditu nekazaritzako elikagaien sistemaren jasangarritasunerako.
Arazo horri erantzuteko, Europako POLITA ekimenak biodibertsitate funtzionala sustatu nahi du mahasti eta sagardietan, artropodo onuragarriak polinizatzaile eta izurriteetarako harrapakari natural gisa sustatzearen bidez. Bada, NEIKER ekimenaren buru da. Interreg Sudoe programaren finantzaketa du proiektuak eta helburu du labore horien landare-osasuna optimizatzea eta, aldi berean, izurriteak eta gaixotasunak kontrolatzeko tratamendu fitosanitarioekiko mendekotasuna murriztea.
Hori lortzeko, POLITAk zenbait azpiegitura ekologiko ezartzea aurreikusten du; esate baterako, hauek: lore-lerroak, zuhaixkak eta landare-estalkiak. Gainera, laborantza-jardun jasangarriagoak ebaluatzea ere aurreikusten du. Jarduketa horien helburua da paisaia funtzionalak leheneratzea; hartara, gai izango dira komunitate biologiko dibertsifikatuak hartzeko eta horiek oinarrizko ekosistema-zerbitzuak eskainiko dituzte (horien artean, polinizazioa eta kontrol biologikoa).
«Sagarrondoaren kasuan, polinizazio efektiboagoak inpaktu zuzenagoa izan dezake errendimenduan; mahastiaren kasuan, berriz, fauna lagungarria egoteak ekar dezake substantzia kimiko gutxiago baliatu behar izatea izurriteetan eta, beraz, ekoizpena jasangarriagoa izatea», azaldu du Isabel Albizu NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babeseko Saileko ikertzaileak.
Mikrobiota eta amaierako produktuaren kalitatea
Proiektuak alderdi agroekologikoa du, baina, horrez gain, ikerketa-lerro berritzaile bat du, mikrobiotak landare-intsektu-fruitu sisteman zehar duen trazabilitatea hizpide duena. Helburua da, batetik, landareditik eta intsektuetatik fruitura transferitzen diren mikroorganismoak identifikatzea eta, bestetik, hartziduran (beste prozesu batzuen artean) eta ardoaren eta sagardoaren ezaugarri organoleptikoetan nola eragiten duten analizatzea.
«Hurbilketa horri esker, zehaztasun handiagoz ezagutu ahal izango dugu zer eragin duten nekazaritza-praktikek intereseko mikrobiotan, produktu horien ekoizpenean. Gainera, biodibertsitatearen, kudeaketa agronomikoaren eta amaierako produktuaren kalitatearen arteko balizko loturak esploratu ahal izango ditugu», esan du ikertzaileak.
Landan aplikatzeko erronkak
POLITAn proposatutako neurriak praktikan aplikatzeko, hauek baloratu behar dira lehenengo: bideragarriak ote diren landan eta bateragarriak ote diren nekazaritza-ustiategien errentagarritasunarekin. Azpiegitura ekologikoak eta biodibertsitatea hobetzeko beste praktika batzuk produktibitatea arriskuan jarri gabe gaur egungo sisteman integra ote daitezkeen frogatzea; horra hor erronka nagusietako bat.
Paraleloan, ikerketa-ildo emergente bati heltzen dio proiektuak; landareen, intsektuen eta fruituen artean transferitzen diren mikroorganismoak aztertzea du ardatz. Zeregin hori zaila da teknikoki; izan ere, analisi-tresna aurreratuak behar dira zehaztasunez identifikatzeko zer mikroorganismo dauden ekosisteman eta zer eragin izan dezaketen amaierako produktuaren kalitatean.
Bestalde, nekazaritzako sektoreak estrategia horiek bere gain hartuko ditu baldin eta erraz aplika badaitezke eta inguru bakoitzera egokitu badaitezke. Horretarako, praktikan erraz ezartzeko ekintzak aurreikusten ditu POLITAk (material teknikoak eta berariazko tresnak), eta neurriak benetako laborantza-baldintzatan baliozkotuko ditu.
Dibulgazio eta kolaborazio transnazionala
Sortutako ezagutzak sektorera iristen direla bermatzeko, dibulgazio- eta kolaborazio-estrategia aktiboa du proiektuak. Estrategiaren barruan dauden jardunaldi teknikoak eta erakusteko lurzatietarako bisitak antolatzea, dibulgaziozko materialak egitea zenbait hizkuntzatan eta nekazaritzako elikagaien sektoreko azoka eta topaketetan parte hartzea. Gainera, administrazio publikoekin bilduko gara emaitzak nekazaritzako ingurumen arloko politiketan sartzen laguntzeko eta biodibertsitatea sustatzeko.
Ikuspegi horren bidez, POLITA Europako estrategia nagusiekin lerrokatu da (Biodibertsitateari buruzko 2030erako EBren Estrategia eta Europako Itun Berdea, adibidez), bai eta 2024ko abuztuan indarrean jarri den Natura Leheneratzeko Legearekin ere. Azken horrek helburu lotesleak ezartzen ditu polinizatzaileen gainbehera lehengoratzeko, nekazaritza-habitatak leheneratzeko eta produktu fitosanitario gutxiago erabiltzeko.
Espainiako, Frantziako eta Portugaleko entitateek hartzen dute parte proiektuan eta, horri esker, Europako hego-mendebaldeko eremuko baldintza agroklimatikoetan aplika eta egiazta daitezke ekintzak. Alderdi transnazional horri esker, balio erantsia du; izan ere, esperientzia- eta ikuspegi-trukea ahalbidetzen du biodibertsitate funtzionalaren, nekazaritza-mikrobiologiaren eta laboreen kudeaketa jasangarriaren arloetan eta beste batzuetan.