BERRIA
Animalien eta gizakien artean gaixotasunak hedatzea prebenitzeko diagnostiko goiztiarra
19 maiatza 2025- NEIKERen One Health ikuspegia aplikatzen dugu agente infekziosoen detekzio goiztiarrerako, gizakien nahiz animalien osasunerako arriskuak prebenitzeko
Gaixotasun zoonotikoak —alegia, animalien eta gizakien artean transmititutakoak— dira osasun publikorako oraingo erronka nagusietako bat. Hedatzeko gaitasuna, animalien nahiz gizakien osasunean duten eragina, eta ingurumen-faktoreekiko lotura direla-eta, ikuspegi orokorra behar dute, barne hartuta giza osasuna, animalien osasuna eta ingurunea. Ikuspegi horri One Health esaten zaio.
Horiek horrela, NEIKERen urteak daramatzagu diagnostiko-teknikak garatzen eta aplikatzen, hau da, era horretako gaixotasunak eragiten dituzten agenteak modu goiztiar eta zehatzean detektatzea ahalbidetzen dutenak. Helburua argia da: erantzun azkarra eta eraginkorra sustatzea, babesteko, batetik, abeltzaintzako ustiategiak, eta bestetik, gizarte osoa.
«Agente infekzioso baten presentzia goiz detektatzeak aukera ematen du erabaki azkarrak eta egoera bakoitzari egokituak hartzeko, dela animalia susmagarriak bakartuz, dela tratamendu espezifikoak emanez, dela txertaketa-kanpainak abian jarriz. Lehen zantzutik jardutean, nabarmen murrizten da gaixotasuna hedatzeko probabilitatea», azaldu du Gorka Aduriz Abereen Osasun Saileko ikertzaileak.
Erantzuteko gaitasuna funtsezkoa da aise transmititzen diren gaixotasunetan, esate baterako transmisio-bide gisa airea eta bektoreak —alegia, animalien eta pertsonen artean patogenoak garraiatzen dituzten akainen eta eltxoen tankerako organismoak— dituztenetan.
Ez erabiltzea alferrikako tratamendurik
Prebenitzeko eta eusteko eginkizunaz gain, diagnostikoak laguntzen du botikak modu arrazionalagoan erabiltzen. Zehaztea ea gaixotasunaren jatorria birus bat —eta, horrenbestez, ez du antibiotikorik behar— edo bakterio bat —tratamendurik egokiena hautatzea ahalbidetzen duena— ezinbestekoa da baliabide terapeutikoak optimizatzeko.
«Zehaztapenak animalien osasuna hobetzeaz gain, laguntzen du antibiotikoen alferrikako erabilera murrizten, erresistentziak agertzea mugatzen du, eta elikagaietan eta ingurumenean hondakin gutxiago agertzea dakar», gehitu duGorka Adurizek.
NEIKERen ikuspegia aplikatzen dugu askotariko ikerketa-ildoetan. Adibide bat da zenbait gaixotasunetan egiten dugun lana, hala nola hausnarkarien tuberkulosian eta paratuberkulosian. Halakoetan diagnostikatzeko metodo efikazagoak erdietsi ditugu kutsatutako animaliak azkarrago identifikatzeko, eta horrela, azkarrago eta zehatzago jarduteko; horri esker, gaixotasunen kontrola optimizatzen da, eta haien hedapena murrizten.
Halaber, Q sukarraren ikerketan ari gara aurreratzen, patogenoaren genetikako ikuspegi baten bitartez, diagnostikatzeko teknikak hobetzeko. Heltzen diegu, gainera, basafaunak, abereek eta pertsonek partekatzen dituzten gaixotasunei, bai eta bektoreek transmititutako infekzioei ere; haien prebalentzia hertsiki lotuta dago ingurumen- eta klima-faktoreekin.
Aurrerapen hauek guztiok diagnostiko-laborategiaren bitartez bideratzen dira. Laborategiak ingurunean bildutako laginak aztertzen ditu ustiategien egoera sanitarioari buruzko informazio oso baliagarria emateko. Datuoi esker, prebenitzeko eta kontrolatzeko estrategiak denbora errealean egokitu daitezke, erabaki informatuekin eta testuinguruaren araberakoekin.
Sareko lana
Lan diagnostikoa ez da bakarturik egiten. Etengabeko lankidetza dugu, besteak beste, enpresekin, erreferentziako zentroekin, unibertsitateekin, albaitari taldeekin eta RE-LAB sarearekin, eta horri esker aukera dugu gure teknikak eguneratzeko, esperientziak partekatzeko eta sektorearen beharrei erantzuteko.
Emaitzak interpretatzea ere badago eskaintzen dugun zerbitzuaren barnean. «Txosten teknikoaz gain, zuzeneko laguntza ematen diogu sektoreari diagnostikoaren gaineko argibiderik behar duenean», adierazi du Gorka Adurizek. Horri gehitzen zaizkio profesionalentzako informazio-saioak eta argitalpen zientifikoak, aurrerapenik nabarienak biltzen dituztenak.
Teknologiak berriak ezartzea
Gaitasuna indartzeko, NEIKERen teknologia emergenteak erabiltzen ditugu diagnostikoa zehatzagoa, azkarragoa eta efikazagoa izan dadin. Haien artean, adimen artifizialaren (AA) erabilera nabarmentzen da; hain zuzen, datu-bolumen handiak aztertzeko eta agerraldiak aurreikusten laguntzen duten ereduak detektatzeko. «Adimen artifizialaren bitartez, hedatzeko joerak identifika ditzakegu, eta erabaki informatuagoak har; horri esker, agerraldi berriak aurrerapen handiagoz aurreikus ditzakegu», azaldu du Gorka Adurizek.
Era berean, irudia aztertzeko teknika aurreratuak aplikatzen ditugu animalien nahiz landareen gaixotasunen zeinu klinikoak detektatzeko, baita urrutitik ere. Teknologion bitartez, urrutitik, diagnostiko azkarrak eta zehatzak erdiesten ditugu, eta hori funtsezkoa da gaixotasunak kontrolatzeko orduan, batez ere animaliak nekez iristeko moduko eremuetan direnean.
Gainera, eredu epidemiologikoak garatzen ari gara izan litezkeen arrisku-egoerak aurreratzeko, era horretan errazagoa izan dadin prebentzio-erabakiak hartzea agerraldiak hedatu baino lehen.