Albisteak

BERRIA

Animalia-osasunaren eta biosegurtasunaren alorreko ikerketaren sustapena berritutako instalazio batzuekin

12 azaroa 2025

 

  • NEIKER institutuaren egoitzako 3. mailako euspen biologikoko instalazioak zabaltzeko lanek barne hartzen dituzte animalia-ongizate estandar zorrotzenetara egokitutako bost laborategi independente eta esperimentazio-eremu berriak.

 

3. mailako euspen biologikoko eraikinaren (NCB3) zaharberritze integral bati esker, indartu egin da NEIKER institutuan dugun ikerketa- eta biosegurtasun-gaitasuna (P3 ere baderitzo laborategi horri); hala, orain segurtasun eta efizientzia handiagoz egin dezakegu lan gaixotasun larriak –hala nola tuberkulosia eta hegazti-gripea– eragiten dituzten arrisku handiko agente patogenoekin.

«Behi eroen gaitz» deritzonagatiko osasun-alerta dela-eta, 2002az geroztik halako laborategi bat dugu Derioko gure egoitzan. 5 milioi euroko inbertsioarekin, Estatuko Ikerketa Agentziak –eta neurri handiagoan, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak– finantzatuta, birmoldaketa oso bat egin dugu: laborategiaren azalera 900 metro koadroraino handitu dugu, segurtasun, bioeuspen eta efizientzia energetikoko sistemak modu integralean modernizatzeaz gainera; hala, gure instalazioak Europako aurreratuenen artean kokatzen dira dagokien kategorian.

 

Berrantolaketa integrala

Erreformak languneen erabateko berrantolaketa ekarri du berekin, eta bost laborategi independente eta esperimentazio-eremu berri sortu dira, egungo araudietara eta animalien ongizate-estandar gorenetara egokituta daudenak. Zehazki, animalia txikietarako lau areto, animalia handietarako lau box, nekropsia-gela bat eta hainbat gune komun ditu, agente patogenoen ikerketa eta erabilera segurua errazten dutenak.

Gainera, airea girotzeko eta iragazteko sistemak berritu egin dira efizientzia handiko HEPA iragazkien bidez, eta efluenteak tratatzeko instalazio berri bat eta errausteko labe berri bat gehitu dira, biak bioeuspen-eremuan kokatuak, hondakinak modu seguruan ezabatzeko, tratamendu egokirik gabe laborategitik ezer ere ez dela aterako bermatuz.

Hobekuntza nagusiei dagokienez, ekipo kritikoen –hala nola iragazketa-sistemen edo ate bikoitzeko autoklabeen– erredundantzia ere bada nabarmentzekoa, eragiketen jarraitutasuna bermatzen baitu, segurtasun-kondizio maximoak une oro mantentzeaz gainera. Era berean, nola airea girotzeko hala ur sanitarioa berotzeko geotermia-sistema bat txertatzeak energia-kontsumoa murriztea eta funtzionamendu-eredu jasangarriago baterantz aurrera egitea ahalbidetzen du.

Hobekuntza teknologiko horien osagarri gisa, arrisku-patogenoak maneiatzen eta biosegurtasuneko protokolorik zorrotzenak betetzen oso espezializatuta eta trebatuta dagoen eta alor horretan esperientzia duen giza ekipo bat dago. «Giza ekipo horren ezagutza eta gaitasun teknikoa funtsezkoak dira ikerketa modu seguruan, efizientziaz eta zorroztasun zientifiko handienarekin egingo dela bermatzeko», azaldu du Joseba Garrido NEIKER Institutuko Abereen Osasun Saileko arduradunak.

 

Europako erreferentea

Berrikuntza horrekin, zentroa Europako erreferente gisa finkatu zen animalien osasunari eta biosegurtasunari buruzko ikerketan, abangoardian jartzeaz gain nola animaliei hala osasun publikoari eragiten dieten gaixotasunen azterketan, diagnostikoan eta kontrolean.

Gainera, azken belaunaldiko instalazio horiei esker, ikerkuntza-ekipoak efikazia handiagoz egin diezaieke aurre animalien osasunaren egungo eta etorkizuneko erronkei, gaixotasun infekziosoen agerpenak eta berragerpenak markatutako testuinguru global batean.

Lan hori guztia One Health ikuspegiaren arabera egiten da; ikuspegi horrek animalien, gizakien eta ingurumenaren osasunaren arteko interdependentzia aitortzen du, eta zentroko lana nekazaritzako elikagaien sistema seguruago, jasangarriago eta erresilienteago batera bideratzen.

 

Motzean

Arrisku handiko agente patogenoen azterketan segurtasun eta efizientzia handiagoz lan egiteko instalazioa.

900 metro koadroko bioeuspen-eremua, Derion kokatua eta honela banatua:

  • bost laborategi
  • animaliategia, animalia txikietarako lau aretorekin
  • animalia handietarako lau box
  • nekropsia-gela
  • eremu komunak

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.