Albisteak

BERRIA

Ana Díez: “Mahats-barietate erresistenteek pestiziden erabilera murriztea eta mahastizaintza jasangarrirantz aurrera egitea ahalbidetzen dute”

14 azaroa 2025

 

Gorrina, zurina eta usteldura grisa dira mahatsondoaren gaixotasun ohikoenetako eta kaltegarrienetako batzuk, eta mahastietan ekoizpen- eta kalitate-galera handiak eragin ditzakete. Produktu kimikoak erabili beharrik gabe haiei aurre egiteko, Europako GRAPEBREED4IPM proiektua sortu da, patologia horiekiko erresistenteak diren mahatsondo-barietateak garatzea eta erabiltzea bultzatzen duena. NEIKER zentro teknologikoak proiektu horretan parte hartzen du, landareen hobekuntzan eta mahastietako biodibertsitatearen ebaluazioan duen esperientzia eskainita, mahastizaintza jasangarriago eta Europako Itun Berdearen helburuekin bateratuago baterantz aurrera egiteko; erronka horrek, Ana Díezek azaldu bezala, berrikuntza, lankidetza eta ezagutzaren transferentzia konbinatzea eskatzen du.

 

Zein erronka nagusi konpondu nahi du GRAPEBREED4IMPk mahastizaintza-ardogintza arloan?

Proiektuaren helburua da pestizida kimikoekiko mendekotasuna murriztea, mahatsondoaren gaixotasun problematikoenekiko erresistenteak diren barietateak garatuta eta erabilita; gorrina, zurina, usteldura beltza eta usteldura grisa dira gaixotasun horietako batzuk. Barietate horiek tokiko klimaren eta lurzoruaren baldintzetara egokitzen dira, eta horrek aukera ematen du modu efizienteagoan eta jasangarriagoan ekoizteko, bai nekazaritza konbentzionalean, bai ekologikoan, eta mahastiak prestatzen ditu sor daitezkeen mehatxuei modu erresilienteagoan erantzuteko.

 

Nola laguntzen dute barietate erresistenteek (DRV) pestiziden erabilera murrizten?

Erresistentziara bideratutako hobekuntza genetikoari esker, fungizida bidezko tratamenduen kopurua murriztu daiteke, eta, ondorioz, kimiko gutxiago erabiltzeagatik, mahastiak jasangarriagoak dira. Europan, mahasti ekologikoak nekazaritza-lurren % 3 inguru dira, eta, 2019an, Europar Batasuneko mahastien % 12,1 nekazaritza ekologikoaren pean kudeatzen ziren, batez ere Espainian, Frantzian eta Italian. DRVei esker, ustiategi horiek fungiziden erabilera are gehiago murriztu eta, beraz, ekoizpenaren efizientzia eta jasangarritasuna handitu dezakete.

 

Zein ekarpen egingo dio NEIKERek proiektuari eta, parte-hartze horretatik, zer onura lortzea espero du?

NEIKERek tokiko laguntza emango du hobetutako landareak hautatzeko, eskualdeko nekazariekin batera lan eginda. Horren ondorioz, VCR bazkideak tokiko intereseko barietateetatik sortutako lerro erresistenteak landatuko dira.

Gainera, OSCARen parte hartuko dugu; OSCAR INRAEk eta IFVk Frantzian sortutako partaidetza-behatokia da, barietate erresistenteak dituzten ekoizpen-lursailak biltzen dituena. Lan kolaboratibo horrek barietate-erresistentzia eta izurriteen kudeaketa integratua bateratzea du helburu, kontrol jasangarriko hainbat estrategia konbinatuta.

Funtsezko beste ardatzetako bat izango da biodibertsitatea ebaluatzea, bai laborantza ekologikoko mahastietan, bai laborantza konbentzionalekoetan. Baietan artropodoek eta mikrobiotak duten presentzia aztertuko dugu, barietate berriek mahastiaren ekosisteman zer ondorio duten hobeto ezagutzeko.

 

Barietate erresistenteez ari garela, zer onura dakarkiete laborantza-sistemei, bai ekologikoei bai konbentzionalei?

Barietate erresistenteek abantailak eskaintzen dituzte bi ekoizpen-sistemetan. Nekazaritza ekologikoa ere, jatorri naturaleko produktuak erabiltzen dituena, neurri batean, tratamendu fitosanitarioen mende dago. Barietate erresistenteak garatzeak mendekotasun hori murriztea ahalbidetzen du, eta, beraz, kostuak murriztea eta mahastien jasangarritasuna hobetzea.

Gainera, nekazaritza ekologikoan Europako erreferentea den FiBLk proiektuan parte hartzen du, eta horrek bermatzen du garatutako soluzioak eremu horretara erabat egokituta daudela. Oro har, GRAPEBREED4IPMk Europako Itun Berdearen, 2030eko Biodibertsitate Estrategiaren eta Baserritik Mahaira ekimenaren helburuei laguntzen die, ingurumen-inpaktu txikiagoa eta baliabideen erabilera arrazionalagoa duen mahastizaintza sustatuta.

 

Zer eragin ekonomiko espero da mahastizaintza eta ardogintzaren sektorean?

Proiektua amaitutakoan fungiziden erabilera % 10 murriztea aurreikusi da, eta epe luzerako helburua % 25 murriztea da. Horrek kostuetan zuzenean aurreztea dakar, eta ustiategietako lana hobeto antolatzea ahalbidetzen du; izan ere, lehen tratamendu kimikoei eskaintzen zitzaien denbora beste lan batzuetan inbertitu daiteke, eta horrek efizientzia handitzea eta nekazari-familien bizi-baldintzak hobetzea dakar.

 

Nola lortzen da balio-kateko alderdi interesdunek parte hartzea?

GRAPEBREED4IPMk eragile anitzeko eta partaidetzazko ikuspegi bati jarraitzen dio, nekazariekin, aholkulariekin eta balio-kateko beste eragile batzuekin batera lan eginda. Horrek aukera ematen du proiektuaren emaitzak modu praktikoan garatzeko eta eremu horretan erabiltzen dituztela ziurtatzeko.

Ildo horretatik, aditu-foroek mugak eta balizko soluzioak identifikatzen laguntzen dute, eta horrela, tokiko eragileek laborantzara, merkaturatzera eta barietate berrien hedapenera egokitutako bide-orriak diseinatzeko erabiltzen duten ezagutza sortzen da eta barietate erresistenteak eraginkortasunez inplementatzen direla bermatzen da.

 

Zer tresna eta jarraibide garatuko dira barietate erresistenteen ezarpena sustatzeko?

Erabakiak hartzen laguntzeko tresnak (DSS), maneiu fitosanitarioko gidak eta laborantza-eremu bakoitzera egokitutako landaketa-jarraibideak sortuko dira. Tresna horiei esker, mahastizainek erresistentzia iraunkorraren eta izurriteen kudeaketa integratuaren kontzeptuak ulertzen dituzte, eta hortaz, mahastietan praktikoki aplika ditzaketela ziurtatzen da.

 

Hobekuntza genetikoaz haratago, nola ziurtatzen da ezagutza erabilgarria dela eta sektoreak bere egiten duela?

Mahasti frogagarriak ezarriko dira hainbat eskualdetan, eta nekazariek eta aholkulariek barietate erresistenteak benetako baldintzetan ebaluatu ahal izango dituzte.

Ildo horretatik, prestakuntza-jarduera pertsonalizatuak egingo dira, barietate horien abantailak ulertzen eta tokiko baldintzen arabera aukerarik egokiena hautatzen laguntzeko. Gainera, ardoaren kalitate-ezaugarriak aztertuko dira, barietate-berrikuntza ekoizpenarekin eta merkatuarekin lotuta, mahastizainek erabakiak ondo informatuta hartu ditzaten.

 

Azkenik, zer hedapen- eta komunikazio-ekintza egingo dira ekimena komunitateari ezagutarazteko?

Proiektuak komunikazio-estrategia integral bat izango du, honako hauek barne hartuko dituena: webgune eguneratu bat, dibulgazio-materialak, argitalpen teknikoak eta sektorearen eskualde, nazio eta nazioarte mailako 80 ekitalditan baino gehiagotan presentzia izatea.

Horrela, ziurtatuko dugu GRAPEBREED4IPMn sortutako ezagutza eragile guztiengana iritsiko dela eta benetako eragina izango duela Europan mahastizaintza jasangarriagoa eta erresilienteagoa izateko trantsizioan.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.