Albisteak

BERRIA

Aitor Cevidanes: «Ingurumen-faktoreek eragina dute eltxoen hedapenean eta horiek transmititzen dituzten gaixotasunetan»

8 urria 2025

Bektoreak animalien eta pertsonen artean patogenoak transmititzen dituzten organismoak dira, eta ingurumen- eta gizarte-aldaketen arabera agertu ohi dira. Aitor Cevidanes NEIKEReko Animalien Osasuneko Saileko ikertzaileak azaldu du Euskadin egiten den jarraipen zientifikoak aukera ematen duela halako espezieen hedapena ebaluatzeko eta kudeaketa-neurri egokiak aplikatzeko.

 

Zer dira bektoreak eta zer-nolako eragina dute osasun publikoaren eta animalia-osasunaren esparruan?

Bektoreak organismoak dira —esaterako, eltxoak edo kaparrak—, animalien eta pertsonen artean patogenoak transmititzeko gai direnak. Bektoreen ekologia eta banaketa ingurumen-faktore askoren araberakoak dira, eta horrek esan nahi du gure planetak bizi dituen aldaketen araberakoak ere badirela, argi eta garbi. Aldaketa globalaz ari garenean, hainbat prozesuri buruz ari gara: klima-aldaketa, biodibertsitate-galera, nazioarteko merkataritza eta mugikortasuna, lurzoruaren erabileraren arloko aldaketak, ingurumen-kutsadura, etab.

Faktore horiek guztiek zuzeneko eragina dute bektoreen ekologian eta, ondorioz, baita transmititzen dituzten gaixotasunen epidemiologian ere. Organismo horiek aztertzea, honenbestez, baliagarria da hobeki ulertzeko zuzeneko zer eragin duen gure ingurune aldakorrak gizakien eta animalien osasunean.

 

Faktore horiei dagokienez, nola eragiten dute klima-aldaketak, urbanizazioak eta nazioarteko merkataritzak?

Batera dihardutenean, faktore horiek elkar indartzen dute. Adibidez, nazioarteko merkataritzak espezie exotikoen etorrera errazten du; lurzoruaren erabileran eta urbanizazioan jazotako aldaketek, gainera, bektore horien ezarpenerako egokiak diren habitat berriak sortzen dituzte. Gainera, bektoreen ugalketa eta iraupenerako gero eta faboragarriagoak diren ingurumen-kondizioak sortzen ditu klima-aldaketak. Faktore-konbinazio hori dela eta, bektoreak gero eta azkarrago ugaritzen dira eta, horrez gain, bektore horiek transmititzen dituzten patogenoen zirkulazioa ere bizkortzen da, eta, horrenbestez, gorabidean diren gaixotasunak izateko arriskua handitzen.

 

Eltxo tigrea prozesu horien adibide argi gisa aipatu ohi da. Zergatik?

Eltxo tigrea (Aedes albopictus) kasu paradigmatikoa da. Europan nazioarteko merkataritzaren bidez sartu zen bektore hori, eta oso ondo egokitzen da ur-bolumen txikietara, hala nola loreontzi-plateretan, kuboetan eta hiri-kanaletetan egon ohi direnetara. Horri esker, hiri-espazioak efikazia handiz aprobetxa ditzake ugaltzeko. Gainera, urbanizazioaren hedapenak ugaritu egiten ditu hazkuntza-puntu horiek, eta, klima-aldaketaren ondorioz neguak gero eta leunagoak direnez, errazago iraun dezake bizirik lehen hotzak mugatzen zuen eskualdeetan.

Beste faktore garrantzitsu bat da bere bizi-zikloa osatzen dueneko abiadura tenperaturaren araberakoa dela zuzenean: zenbat eta bero handiagoa egin, orduan eta egun gutxiago behar ditu eltxoak garatzeko eta, horrenbestez, orduan eta belaunaldi gehiago jaioko dira urtean.

Oro har, eltxo tigrearen inbasioaren arrakasta ez da faktore bakar batengatik gertatzen, faktore guztien konbinazioagatik baizik; horregatik, errazago egiten zaio Europako hainbat eremutan hedatzea eta gorabidean diren gaixotasun berrien bektore gisa jardutea.

 

 

Euskadin, zer eltxo-espeziek dakarte gaur egun osasun-arriskua?

Eltxo tigreari (Aedes albopictus) ematen diogu arreta gehien, bai eta Culex generoko eltxoei ere. Lehenengoak dengea, chikungunya, Zika eta halako gaixotasunak transmiti ditzake. Oraindik ezein kasu autoktonoren berri ez dugun arren, urtero agerraldiak izaten dira Europan. Bestalde, Culexak oso ohikoak dira, eta Mendebaldeko Niloko birusa transmititzeko ahalmena dute, nahiz eta orain arte ez den gure erkidegoan kasurik antzeman.

Gainera, ez ditugu ahaztu behar beste bektore batzuk, hala nola kaparrak, artropodoek transmititutako gaixotasunen arazo beraren parte direnak eta gizakien eta animalien osasunerako arriskutsu handiak ekartzen dituztenak.

 

Euskadira beste espezie inbaditzailerik iritsi delako kasutik detektatu al da?

Bai. 2020tik baieztatu da Aedes japonicus eltxo inbaditzailea penintsularen iparraldean hedatzen ari dela. Eltxo tigrearen osasun-garrantzi bera ez duen arren, birus batzuk transmiti ditzake, eta agerian uzten du bektore berriak gure ingurunera egokitzeko gaitasuna hartzen ari direla.

Bestalde, Arabako hegoaldean Hyalomma generoko kaparrak daudela egiaztatu da, eta horiek iparralderantz izaten ari diren hedapenak klima-aldaketarekin du zerikusia. Kapar horiek bektore garrantzitsuak dira bai osasun publikoan bai animalien osasunean, Krimea-Kongoko sukar hemorragikoaren birusa eta Theileria annulata protozooa —behien theileriosi mediterraneoa eragiten duena— transmiti baititzakete.

Adibide horiek agerian uzten dute aldaketa globala dela-eta errazago egiten zaiela espezie berriei gure lurraldera iristea eta hemen finkatzea.

 

Zer egin dezake NEIKERek erronka horien aurrean?

NEIKERen hainbat ildotatik heltzen diogu arazoari. Batetik, zaintza entomologikoa gauzatzen dugu: espezie inbaditzaileen presentzia monitorizatzen dugu, eta interes sanitarioa duten populazio lokalen jarraipena egin. Aldi berean, ezagutza eta baliabide teknikoak transferitzen dizkiegu udalei eta toki-entitateei, euren gaitasunetara egokitutako prebentzio- eta kontrol-planak gara ditzaten.

Funtsezko beste ildo bat klima-aldaketaren esparruan etorkizunean egongo diren arriskuak aurreikustea eta ebaluatzea da, balizko egoerei aurrea hartu eta osasun publikoan, animalien osasunean eta ingurumen-kudeaketan erabakiak hartzeko informazio erabilgarria emate aldera. Hori guztia zenbait proiektutan kokatzen da, hala nola hauetan: LIFE URBANKLIMA —bektoreei lotutako arriskuak osasun publikoko politiketan txertatzeko tresnak eta adierazleak garatzen ditu— eta Interreg POCTEFA PYRTICK —Pirinioetan kaparrak eta patogenoak zaintzea du ardatz—.

 

Nola bihurtzen dira ikerlan horiek komunitaterako onura zehatz?

Oinarri zientifiko sendoa eskaintzeko aukera ematen digute, erakundeek erabaki informatuak har ditzaten. Osasun publikoan, eltxoen eta kaparren gaineko zaintza funtsezkoa da arriskuak aurreikusteko eta prebenitzeko, hala nola eltxoek transmititutako birusak agertzen hastea edo kaparrekin lotutako gaixotasunak hedatzea.

Nekazaritzan eta abeltzaintzan, etxeko animaliei eta basa-faunari eragiten dieten patogenoei buruzko informazioa ematen dugu, animalien osasuna hobetzen laguntzeaz gainera. Gainera, hiri-espazioen kudeaketari dagokionez, gure lana lagungarria da ingurune seguruagoak diseinatzeko, ekintza positiboak direla eta (birnaturalizazioa eta berdeguneen sorkuntza, esate baterako) ez daitezen ugaritu eltxoak.

Azken batean, sortzen dugun ezagutza, laborategian geratu beharrean, bektoreek hainbat sektoretan transmititutako gaixotasunen zaintza eta prebentzioa osatzen duten baliabide praktikoetara eramaten da, One Health ikuspegiaren arabera betiere.

 

Gaixotasun zoonotikoei gagozkiela, zein dira garrantzitsuenak Euskadin?

Eltxoek transmititzen dituzten gaixotasunen artean, batzuek ziklo zoonotikoa dute, hala nola Mendebaldeko Niloko birusak. Hegaztien artean zirkulatu ondoren, zaldi eta pertsonengana irits daiteke. Beste batzuek (dengeak, Zikak eta chikungunyak, adibidez), jatorriz zoonotikoak baziren ere, gaur egun, Europan, gizakitik gizakira transmititzen dira eltxoen bitartez. Euskadin ez da detektatu Mendebaldeko Niloko birusa, gertuko eremuetan bai, ordea; beraz, ezinbestekoa da oraindik ere zaintza.

 

Etorkizunari begira, zer agertoki aurreikusten duzue Euskadin hurrengo 10 edo 20 urteetarako?

Eredu klimatikoek adierazten dutenez, areagotu egingo dira eltxo inbaditzaileak (eltxo tigrea, adibidez); urteko belaunaldi gehiago eta presentzia handiagoa izango dira, negu epelak eta euri biziak direla eta. Errotik kentzea jada ez da errealista: populazioak kontrolatzea eta haien inpaktua murriztea izango da helburua. Areagotu ahal izango dira, halaber, Culex eltxoen kopurua eta Mendebaldeko Niloko birusaren arriskua eta ikusiko dugu kaparrak iparralderago dauden guneetara joango dira. Aldaketa globalak prozesu horiek bizkortzen ditu; beraz, ezinbestekoak izango dira zaintza eta egokitzeko gaitasuna.

 

Azkenik, zer egin dezakete herritarrek beren buruak babestu eta prebenitzen laguntzeko?

Prebentzioa funtsezkoa da. Eltxo tigrearen kasuan, eraginkorrena zera da: ur geldia duten ontziak kentzea atari, lorategi eta terrazetatik. Herritarren laguntza ezinbestekoa da; izan ere, foku gehienak jabetza pribatuetan daude. Erakundeek sentsibilizazio-kanpainak bultzatu behar dituzte, udal-langileak prestatu behar dituzte eta prebentzio- eta zaintza-planak izan behar dituzte. NEIKERen, udalei laguntzeko, gidak eta baliabide teknikoak egiten ditugu ebidentzia zientifikoan oinarrituta, betiere One Health ikuspegiarekin. Elkarlan handi honekin bakarrik hartu ahal izango diegu aurrea arriskuei eta erantzun ahal izango diegu efikaziaz aldaketa globalaren erronkei.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.