Proiektuaren helburu orokorra da Pinus elliotii X Pinus caribaea landare hibridoa enbriogenesi somatikoaren bitartez ekoizteko protokolo bat garatzea, egonkortasun genetikoa ziurtatzeko eta ehun enbriogenikoaren kontserbazioa ahalbidetzeko.
NEA eskualdean (Argentina) espezie honen genetika hobetzeko programen barruan sartuta dauden metodoak garatzen lagundu nahi da. Aztertuko den espeziea oso ondo moldatzen da ingurune baldintza askotara; beraz, interes handiko espeziea da basoak sortzeko eta birsortzeko klima aldaketak ekarriko duen egoera berrian.
Helburu espezifiko hauek proposatzen dira:
- Enbriogenesirako sistema bat garatzea, prozesuaren etapa guztien arrakasta bermatzeko moduan: ehun enbriogenikoaren hasiera, masa enbriogenikoen ugaltzea, enbrioi somatikoak gauzatzea, enbrioi somatikoen erneketa eta lortutako landare somatikoaren egokitzapena eta gizentzea.
- Sortutako ehun enbriogenikoa kontserbatzeko metodoak aztertzen hastea, eta egun enbrioiak kapsulatzeko dauden metodoek dituzten osasun arazoak gainditzea, bai eta gai enbriogenikoaren krio-kontserbazioari lotutako kostu ekonomiko handia ere, sistema horiek basoen hobekuntzarako programetan aplikatzea zailtzen dute eta.
Proiektu hau egiteak ahalbidetuko du Pinus generoan prozesu enbriogenikoak aztertzen jarraitzea. Prozesuko etapa guztiak baldintzatzen duten faktoreen analisiari ekingo zaio, landaketarekin hasten denetik mikro landareen ondorengo erneketa, aklimatazio eta gizentze etapetaraino. Lan gehiena prozesuaren arrakasta dakarten mekanismo batzuk aztertzea izango da, pinu espezien landareak ekoizteko sistema hauen gainean dauden oinarrizko ezagutzak handitzea ziurtatzeko.