Albisteak

BERRIA

Larratze estentsiboan arrisku sanitarioko eremuak identifikatzeko 250 GPSren sare bat

24 otsaila 2026
  • NEIKER zentro teknologikoa proiektu bat zuzentzen ari da Gorbeian orografiak eta baliabide naturalek animalia taldeen arteko harremana laguntzen duten puntu kritikoak identifikatzeko
  •  Ekimenak GPSa erabiltzen du animalien ibilbideak monitorizatzeko. Informazioa arrisku-mapa batean sartzen da, eta horrela sektoreak aukera du gaixotasunak taldeen artean kutsatzeko arriskua aurresateko eta prebenitzeko
  •  NEIKERek jardunaldi teknikoak antolatu ditu aste honetan —Seguran (otsailak 24), Orozkon (otsailak 25) eta Zigoitian (otsailak 26)— jakintza sektoreari helarazteko

 

Onura publikoko mendietako (OPM) larratze estentsiboko sistemetan, abereek jarduera egokitzen dute paisaiaren arkitektura naturalaren arabera. Maldak, larraguneak eta iturriak egoteak animalien tokialdaketak baldintzatzen ditu, eta horrek dakar ustiategietako animalia taldeak toki beretan elkartzea. Animaliak mendiko gune zehatz batzuetan metatzeak handitu egiten du elkarrekin kontaktuan egoteko probabilitatea, eta, ondorioz, gaixotasunak errazago hedatzen dira abereen artean.

Egoera horri aurre egin nahian, NEIKER Elikadura, Eusko Jaurlaritzako Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko erakundea paisaia-epidemiologian oinarritutako azterketa zuzentzen ari da.

Metodologia horrek ahalbidetzen du identifikatzea elkargune modura zer elementu naturalek jokatzen duten eta zer nolako eragina duten animalien osasunean; izan ere, harremanen ereduak eta patogenoen inguruneko iraunkortasun ereduak egituratzen ditu.

 

Elkarlaneko irtenbidea

Gorbeiako parke naturalean egiten ari dira azterketa, Living Labeko ereduari jarraikiz. Benetako esperimentazio-ingurune horrek aukera ematen du ohiko laborategi batean erreproduzitu ezin diren prozesu ekologikoak atzemateko; adibidez, behiak, ardiak, behorrak eta ahuntzak aldakortasun klimatiko naturalaren pean batera egotea. Lan-esparru horretan, NEIKERez gain, honako hauek ere parte hartzen dute: Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiak, abeltzainen elkarteak, Digitanimal enpresa, Gorbeialde landa-garapenerako elkartea eta LURSAIL.

Sektorearekin batera diseinatutako eredu batean oinarritzen da proiektua, eta abeltzainek beraiek partaidetza aktiboa dute bertan, 250 bat GPS gailuz osatutako sarean lortutako datuak ematen baitituzte. Gailuak «animalia lider» deritzenei jartzen zaizkie; hau da, portaera naturalagatik talde osoaren norabidea eta denborak zuzentzen dituzten animaliei.

«Banakoak monitorizatuta talde osoaren ibilbideak fideltasunez berreraiki ditzakegu, eta zuzenean behatuz identifikatu ezin izango genituzkeen harreman-fokuak atzeman ditzakegu», adierazi du Isabel Albizuk (NEIKEReko Baliabide Naturalak Kontserbatzeko saileko ikertzailea).

 

Puntu kritikoen identifikazioa

Ustiategiek emandako informazio guztia kutsatzeko arrisku-mapa batera eramaten da. Tresna horren bitartez transmisioa gertatzeko probabilitaterik handien duten eremuak identifikatzen dira, hala animalia taldeen artean nola espezieen artean, barne hartzen baitu ingurunea partekatzen duen fauna basatiaren portaera (basurdeak eta orkatzak, adibidez).

Orain arte egindako azterketek erakusten dutenez, paisaiak arrisku sanitarioa determinatzen du. «Adibidez, pistetatik gertu dauden eremu lauek animalia taldeak maizagotan nahastea errazten dute. Halaber, ura duten guneak eta sastrakadiak, animaliek babesleku termiko eta atsedenerako bilatutakoak, funtsezko tokiak dira zenbait gaixotasun kutsatzeko, hala nola behien tuberkulosia eta akainen bitartez transmititutakoak», adierazi du ikertzaileak.

Datuei esker, bai kudeatzaileek bai abeltzainek ebidentzietan oinarritutako prebentzio-erabakiak har ditzakete, hala nola azpiegiturak birdiseinatzea, larratze-presioa murriztea eta igarobide seguruak planifikatzea, betiere One Health ikuspegiranzko bidean, paisaia, fauna eta abeltzaintzako ekoizpena sistema integratu gisa azterturik.

 

Jardunaldi teknikoak

Jakintza sektoreari helarazteko, NEIKERek jardunaldi teknikoak antolatu ditu aste honetan Seguran (otsailak 24), Orozkon (otsailak 25) eta Zigoitian (otsailak 26).

Topaketen helburua da, batetik, aztertzea digitalizazioak zer-nolako eragina duen abeletxeen errentagarritasunean, eta bestetik, zehaztasunezko tresnetan dauden azken berritasunak aurkeztea. Bizkaiko eta Arabako saioak baliatuko dira, halaber, abeltzainek azken kanpainako gailuak eraman ditzaten, behar diren mantentze-lanak egiteko. Era horretan zaintza sanitario partekatuko ereduaren jarraitasuna bermatuko da.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.