Albisteak

BERRIA

Lau hamarkada lanean ardi latxa genetikoki hobetzeko Euskadin

24 uztaila 2025

 

  • 1980ko hamarkadaz geroztik hona, NEIKERek hobekuntza genetikoko programa garatzen lagundu du, eta, programa horri esker, ekoizpena handitu eta errape-morfologia hobetu dugu, esnearen kalitateari kalterik eragin gabe betiere, ardien sektorearen erronkei erantzute aldera

 

Euskadiko 200 abeletxek baino gehiagok 140.000 ardi latx inguru —historikoki gure lurraldeari lotutako barietate autoktonoko da— biltzen dituzte gaur egun. Artalde horien % 50 inguru Idiazabal Jatorri Deituran integratuta daude, eta % 20 inguruk arraza genetikoki hobetzeko programan parte hartzen du. 70eko hamarkadaren amaieran, ordea, ardi latxak ez ziren oso produktibotzat jotzen, eta egoera sanitario txarrean zegoenez barietatea, ustiategien bideragarritasuna kolokan zegoen.

80ko hamarkadaren hasieran, ordea, NEIKER (garai hartan, CIMA) abeltzaintza-aziendaren kontrol sanitarioa lantzen hasi zen Eusko Jaurlaritzarekin batera; hala, agalaxia, bruzelosia, tuberkulosia eta halako gaixotasunetan esku hartu zuen. Aldi berean, ardi latxa genetikoki hobetzeko programaren oinarriak ezarri genituen, 1982an esne-kontrola ezartzeaz gainera. Hala, kanpaina bakoitzeko esne-ekoizpen indibiduala balioetsi ahal izatea lortu genuen, eta horrek bide eman zion datu objektiboetan oinarritutako hautaketa-sistema bati, programaren ondorengo garapena bideratzeko.

 

Etengabeko bilakaeran dagoen sistema

1984an intseminazio artifiziala erabiltzen hasi zen NEIKER, eta inflexio-puntua izan zen urrats hori, zeren eta, horri esker, ahari onenen material genetikoa artaldeetako ardi hoberenekin konbinatu zen, populazioa hobetze aldera. «Intseminazio artifiziala funtsezkoa izan da ardi latxaren hobekuntza genetikoan aurrera egiteko eta sektorearen lehentasunei zuzenean erantzuten dien sistema bat finkatzeko», adierazi du Itsasne Granado Tajada NEIKER erakundeko ikertzaileak.

Erreminta horren bidez, scrapie gaixotasunari erresistentzia genetiko handiagoa zioten animaliak ere —bereziki intseminazio zentroetan erabilitako ahariak— hautatu ahal izan ziren; scrapiea ardien nerbio-sistemari eragiten dion gaixotasun neurodegeneratiboa da.

Lehen hamarkadetan, esne-ekoizpena handitzea izan zen programaren helburu nagusia, eta esne-ekoizpenak hobera egin du: gaur egun, edoskitze batean ardi bakoitzak 100 litro sortzen ditu. Geroago, balorazio funtzional berriak sartu ziren, hala nola esnearen gantz- eta proteina-edukia (gaztaren errendimenduarekin zuzenean lotuta egonik) eta errape-morfologia, zeinaren alderdiek —hala nola titiburuaren lotuneak eta sakontasunak edo orientazioak eta tamainak— errape-osasunari eta jetzialdi mekanikoari eragiten baitiote.

Lan-ildo horiek aktibo mantendu dira, eta beste batzuekin zabaldu dira, hala nola nutrizioarekin, non tokiko baliabideen erabilera optimizatu nahi den (larreak eta bazkak), bai eta animaliei eskainitako gehigarriak ere (pentsuak), esnearen eta haragiaren ekoizpenean eragina duten gehigarriak eta azpiproduktuak ebaluatzeaz gainera. Abereen ongizatea neurtzeko protokoloak ere landu dira artalde komertzialetan. Gainera, 2013az geroztik, NEIKEReko artaldean txandakako artzaintzako sistema bat aplikatzen dugu, mota horretako artzaintzak karbono-bahitzean, lurzoru-osasunean eta ekosistema-orekan duen eragina epe luzera aztertzea izanik horren xedea.

 

Erronka berrietara egokitzea

Gaur egun, hobekuntza-programak jasangarritasunean eta klima-aldaketara egokitzean funtsatutako ikerketa-ildo berriak ere biltzen ditu. Estrategia horren barruan, termotolerantzia, bizitza funtzionala luzatzea, jatorri enterikoko metano-emisioen murrizketa eta halako ezaugarriak aztertzen dira, ARDI2 eta SUMASHEEP proiektuen eta beste batzuen esparruan garatuak. Ebaluatzeko fasean dauden arren, azterlan horiek lehentasunezko ildoak markatzen dituzte, ekoizpen-sistemaren erresilientziara bideratutako hobekuntza genetikoari begira.

Gaur egungo beste erronketako bat da ardien sektoreko belaunaldiarteko erreleboa. «Azienda gobernatzea errazteko tresna teknologikoak aztertzen ari gara, hala nola hesi birtualak edo abereen egoera monitorizatzeko sistemak, etorkizunean sektorean sartuko direnentzat eskuragarriagoa izan dadin abeltzain-lana», adierazi du Itsasne Granado Tajadak.

Hasiera-hasieratik, CONFELAC taldearekin, abeltzain elkarteekin, intseminazio-zentroekin (ARDIEKIN eta INTIASA) eta lurralde bakoitzeko kudeaketa-zentroekin lankidetzan garatu da programa. Horrez gain, aliantzak egin dira Espainiako nahiz atzerriko erreferentziazko ikerkuntza-entitate eta -erakundeekin.

Espainiako eta Europako proiektuetan parte hartzeaz gain, Hazkuntza Programan aplikatzen diren balio genetikoak lantzen ditugu NEIKERen, horien jarraipen teknikoan laguntzeaz gainera. Jardunaldien, topaketen eta prestakuntza-jardueren medioz, zuzenean transferitzen ditugu aurrerapen zientifikoak, lurraldeko abeltzaintza-ustiategietan errazago ezartze aldera.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.