Albisteak

BERRIA

Amaia Ortiz: “Alderdi energetikoak nekazaritzako jardueraren osagarri izan behar du ustiapen agrovoltaikoan, ez ordezko”

8 uztaila 2025

 

Ustiapen agrovoltaikoa lursail berean elikagaien eta energiaren ekoizpena bateragarri egiteko alternatiba berritzailea da, jarduera batek bestea ordezkatu beharrik gabe. Elkarrizketa honetan, Amaia Ortiz NEIKEReko ikertzaile eta AgriPower Europako proiektuaren koordinatzaileak azaldu du zergatik izan daitekeen ustipen agrovoltaikoa funtsezkoa lehen sektorearen trantsizio ekologikoan. Aipatu teknologia landa eremuentzat onuragarria izan dadin zer baldintza bete behar diren ere xehatu du.

 

Zer da zehazki ustiapen agrovoltaikoa?

Ustiapen agrovoltaikoa nekazaritza-jarduerarako eta eguzki-panelen bitartez elektrizitatea sortzeko lursail bera erabiltzean datza. Garrantzitsuena, hori bai, honakoa da: abeltzaintzaren edo nekazaritzaren bitartez elikagaiak ekoizteko jarduerak nagusi izaten jarraitzea. Energiaren ekoizpena osagarri izan behar da, ez ordezko jarduera. Helburua nekazaritza-jardueraren produktibitatea mantentzea da, are, baita hobetzea ere. Horretarako, lurra normaltasun osoz landatzea edo animaliei normaltasun osoz bazkatzea ahalbidetuko dieten sistemak diseinatu behar dira. Hori horrela, egitura fotovoltaikoak dira lursailaren beharretara egokitu behar direnak, ez alderantziz.

 

Zer zeregin jokatzen du ustiapen agrovoltaikoak Europako landa eremuen trantsizio energetikoan eta jasangarritasunean?

Ustiapen agrovoltaikoak hiru erronka handiri aldi berean heltzeko aukera eskaintzen du: deskarbonizazioan aurrerapausoak ematea, klima-aldaketara egokitzea eta saihestea elikagaien eta energiaren ekoizpenak elkarren lehian aritzea lurzoruaren erabileran.

Bruselak teknologia hau bultzatzeko marko komun bat finkatzeko interes argia du, europar definizioan bertan bermatuz panelak instalatu ondoren ere lurrak nekazaritzako erabilera izaten jarraitu behar duela. Era berean, estazio esperimentalen sorkuntza sustatzen du ezagutza zorrotza sortzeko, eta horren adibide da NEIKERen martxan duguna. Espainian, dagoeneko aitortu da ustiapen agrovoltaikoa Nekazaritza Politika Bateratuarekin bateragarria dela, eta, horri esker, nekazariek laguntzak jasotzen jarrai dezakete ekoizpena mantentzen badute.

 

Zer oztopo daude egun horrelako proiektuak Espainian eta Europan aurrera eraman ahal izateko?

Oztopo nagusia nekazaritzaren ikuspuntutik datu fidagarriak falta ditugula da. Europako egitasmo gehien-gehienak oraindik ere proiektu pilotuak dira eta ia ez dago estazio esperimentalik horrelako instalazioek laboreengan zer-nolako eragina duten zientifikoki aztertzeko. Horrek esparru hau argitasunez arautu ahal izatea zailtzen du. Herrialde batzuek definitu dituzte dagoeneko irizpideak gutxieneko eta kalitatezko nekazaritzako ekoizpena bermatzeko, eta erreferentzia ona izan daitezke. Bien bitartean, NEIKERen, araudi irmoagoa eraikitzeko aukera emango duen informazioa eskaintzeko ari gara lanean.

 

Batzuetan, eguzki-panelek lurzoruaren nekazaritzako erabilera arriskuan jartzen duten pertzepzioa nagusitzen da. Zer eskain dezake ustiapen agrovoltaikoak beldur horri aurre egiteko?

Kezka oso ulergarria da, eta, horregatik, NEIKERen oso presente dugu beldur hori. Egoerari aurre egiteko, ustiapen agrovoltaikoak premisa argi batean oinarritu behar du: lurrak produktiboa izaten jarraitu behar du. Erabilitako egiturek ezin dute eragotzi ohiko makineria igarotzea eta ahalbidetu behar dute lurrak landatzea eta animaliek bazkatzea. Gainera, aintzat hartu behar da ongi diseinatutako sistema agrovoltaikoek onura gehigarriak ekar ditzaketela, adibidez laboreak babestea txingor-zaparradetan edo estres termikoa dagoenean, edo ganaduaren ongizatea hobetzea itzalguneak eskainiz. Gauzak ondo eginez gero, ustiapen agrovoltaikoa klima-aldaketara egokitzeko tresna ere izan daiteke.

 

Arkautiko unitate esperimentalaren kasuan, zer laborerekin ari zarete probak egiten? Eta zergatik aukeratu dituzue?

Labore estentsibo belarkarekin ari gara lanean, laboreak txandakatuz, adibidez zerealak, bazka, baratzeko laboreak eta patata. Inguru honetako nekazaritzaren erakusle direlako eta produktibitate handikoak direlako aukeratu ditugu. Ardien jokabidea eta larreen biodibertsitatearen gaineko inpaktua ere aztertzen ari gara.

Oraindik ere azkarregi da ondorioak ateratzeko, baina badakigu eguzki-panelen presentziak zenbait aldagai mikroklimatiko aldatzen dituela, adibidez fotosintetikoki aktiboa den erradiazioa, lurzoruaren eta airearen tenperatura, edo euri-uren banaketa. Gure helburua ondorio horiek ahal bezain ondo ezagutzea da, horrela maneiu agronomikoa moldatzeko eta ondoen egokitzen diren barietateak aukeratzeko.

 

Ba al daude duten argi beharragatik edo bereziki sentikorrak direlako sistemokin ondo funtzionatzen ez duten laboreak?

Oraindik ez dugu datu nahikorik argi eta garbi horrelakorik esateko, baina jakin badakigu labore guztiek ez dutela berdin erantzuten. Posible da argi asko behar duten laboreek, edo tenperatura eta hezetasun aldaketen aurrean oso sentikorrak direnek, zailtasun gehiago izatea eguzki-panelen azpian. Hain justu, horregatik ari gara lanean NEIKERen ustiapen agrovoltaikoarekin batera erabiltzeko barietate espezifikoak aukeratzeko, zer espezie edo barietate egokitzen diren hobeto baldintza mikroklimatiko berrietara identifikatzeko.

 

Ekoizpen energetikotik harago, zer beste ingurumen-inpaktu nabaritu dituzue lurzoruan, uraren erabileran edo biodibertsitatean?

Ondorio agerikoenetako bat lurzoruaren mikrokliman emandako aldaketa da. Egiturek eguzki-erradiazioa, tenperatura eta hezetasuna aldatzen dituzte, eta, horrek, jakina, eragina izan dezake uraren erabileran. Adibidez, AgriPower proiektuko entseguetako batean, ureztatzeko lakuen gaineko panel flotagarriek ebapotranspirazio arriskua murrizten duten aztertu behar dugu.

Biodibertsitateari dagokionez, floraren, polinizatzaileen eta larreen bilakaera aztertzen ari gara, baita ganaduaren jokabidea ere. Hasieratik bertatik helburu horrekin diseinatuz gero, ustiapen agrovoltaikoak efektu babeslea izan dezake, jarduketa jasangarriak sustatu ditzake.

 

AgriPower proiektua ez da eguzki-panelak jartzera mugatzen. Zer beste elementu ditu eta nola aztertzen dira bildutako datuak?

AgriPower proiektuak ikuspuntu integrala du. Entsegu pilotuez gain, barne hartzen ditu gomendio politikoen langintza, ekoizleei laguntzeko erreminten diseinua eta lurralde bakoitzean diziplinarteko lantaldeak sortzea.

Arkautin sentsore aurreratuak ditugu nekazaritzarekin eta energiarekin lotutako parametroak denbora errealean neurtzeko: lurzoruaren hezetasuna, hazkunde begetala, lurzoruaren osasuna, laboreen errendimendua, animalien jokabidea, biodibertsitatea, ekoizpen energetikoa, karbono-aztarna… Datu horiek guztiak gurutzatu egiten dira ondo oinarritutako erabakiak hartu ahal izateko eta aurresate-balioa duten ereduak baliozkotzeko; energiaren arloan, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean egiten dugu.

 

Zer zeregin du NEIKERek AgriPower proiektuan eta nola ari da tokiko nekazaritza-sektorearekin elkarlanean?

NEIKERek proiektua koordinatzen du Europa mailan, eta, hala, metodologia komuna ezartzeko ardura du. Arkautiko unitate esperimentala sistema agrovoltaikoen azpian labore belarkarak hazten dituen Estatuko handiena da. Gainera, euskal nekazaritza sektorearekin bi egitasmo pilotutan ari gara estuki lanean: bat laboreen txandakatzean zentratuta dago eta, bestea, maneiu birsortzailean oinarritutako etxalde bateko artzaintzan. Helburua gure ikerketa lana errealitatean aplikatzea da, eta, horregatik, ondoren landa eremuetan erraz asko balia daitezkeen materialak eta diseinu komertzialak erabiltzen ditugu. Era berean, hasiera-hasieratik bultzatzen dugu sektoreko kooperatiben, elkarteen eta enpresen partaidetza.

 

Zer eredu agrovoltaiko izan daiteke egokiena Euskadin erabiltzeko?

Ikusten ari garenez, ez dago irtenbide unibertsalik. Instalazioak ustiategi eta labore bakoitzaren ezaugarrietara egokitu behar dira. Euskadin, labore belarkaren txandakatzea eta artzaintza esanguratsuak dira, eta, horrenbestez, errealitate horri erantzungo dioten ereduekin ari gara lanean.

Etorkizunean beharrezkoa izango da sistema agrovoltaikoak lekuan lekuko baldintza agroklimatikoak eta produktiboak aintzat hartuta diseinatzen eta dimentsionatzen lagunduko duten erremintak izatea. Azken batean, gakoa pertsonalizazioa izango da beti.

 

Zer laguntza beharko lirateke teknologia honen hedapena nekazaritza sektorearekin eta lurraldearekin gatazkan sartu gabe emateko?

Lehenik eta behin, funtsezkoa da nekazaritzako jarduera mantentzen dela bermatuko duen araudi argi eta bateratua izatea. Era berean, beharrezkoa da aztertzea zer lurzoruk duten potentzial agrovoltaikoa eta lurralde-antolamendu egoki bat egitea. Ikuspuntu teknikotik, estazio esperimentaletan inbertsioak egiten jarraitu beharra dago, barietateen aukeraketa hobetu behar da, eta elikagaien eta energiaren ekoizpena optimizatzeko egiturak diseinatu behar dira.

Azkenik, laguntza ekonomikoak behar dira nekazariei hasierako inbertsioak egiten laguntzeko, aukera izan dezaten egiaztatzeko epe luzera eredu errentagarria izan daitekeela. Hori guztia, jakina, nekazariak erdigunean jarrita egin behar da, lurra lantzen duenarentzat ona ez baldin bada, teknologia honek ez baitu inolako zentzurik.

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.