Albisteak

BERRIA

Mahastietan fitosanitario gutxiago erabiltzeko eredu prediktibo eta bioestimulatzaileak

24 otsaila 2025
  • NEIKERen ekoizpenaren fase guztietan txertatzen dugu agritech kontzeptua, laboreetan izurriak eta gaixotasunak hobeto kudeatzeko
  • Bioestimulatzaileen dosifikazioa eta erabilera optimizatzeak mahastietako fitosanitarioak % 50 murriztea ahalbidetu digu

 

NEIKEReko Landareen Ekoizpen eta Babes Sailak 20 urte baino gehiago daramatza mahastizaintzaren eta ardogintzaren arloan lanean, sektoreak dituen erronka nagusiei irtenbideak bilatzeko. Horietako bat da mahastietako tratamendu fitosanitarioak optimizatzea haien erabilera murrizteko, betiere laboreak babestea baztertu gabe. Tresna teknologikoak ikertuz eta garatuz, produktuon aplikazioa egokitu nahi dugu sail bakoitzaren benetako beharren arabera, fitosanitarioak beharrik gabe aplika ez daitezen eta ingurumenean nahiz ingurune orokorrean duten inpaktua gutxitzeko.

Erronka nagusietako bat da fitosanitarioak bereizi gabe ez aplikatzea; hau da, ez daitezela erabil gaixotasunak kontrolatzeko aldez aurretik aztertu gabe patogenoak agertzeko benetan zer kondizio dauden, horrek baitakar produktu kimikoak beharrik ez dagoenean erabiltzea. Ana Díez NEIKEReko Landareen Ekoizpen eta Babeseko Saileko ikertzaileak zera azaltzen du: «maiz, tratamendu fitosanitarioak aplikatzen dira egutegi finkoei jarraikiz, kontuan hartu gabe laborearen momentu fenologikoa, dosi egokia eta klima-kondizioak».

Testuinguru horretan, agritechek funtsezko eginkizuna betetzen du, ekoizpenaren fase guztietan berrikuntza txertatzen baitu fitosanitarioen erabilera optimizatzeko. Hain zuzen ere, NEIKERen teknologia aurreratuak erabiltzen ditugu, hala nola sentsore meteorologikoak, datu-plataformak eta adimen artifizialean nahiz big dataren azterketan oinarritutako eredu prediktiboak. Haiek guztiek aukera ematen digute ingurumenaren eta labore bakoitzaren egoera denbora errealean aztertzeko, tratamenduak noiz eta non aplikatu behar ditugun zehaztasunez jakin dezagun.

«Aurrerapen horiei esker, gaixotasunen arriskua hauteman dezakegu gaixotasunok azaldu baino lehen, eta horri esker, tratamenduak zehaztasun handiagoz eta benetan behar duten tokietan bakarrik aplikatzen ditugu. Era horretan, ingurumenean fitosanitarioen karga murrizten dugu eta alferrik aplikatzea saihesten dugu», adierazi du ikertzaileak.

% 50eko murrizketa eta bestelako aukera jasangarriak

Arriskuak are zehatzago hautemateaz gain, fitosanitarioen dosifikazioa optimizatzeko ere ari gara lanean. Laborearen nahiz klimaren egoera kontuan hartuta aplikatutako kantitatea egokituta, lortu dugu halako produktuen erabilera % 50 ere murriztea mahastietan egindako saiakuntzetan.

NEIKERek aurrera eramandako beste estrategia bat izan da ohiko fitosanitarioen ordezko aukera jasangarriagoak bilatzea. Ildo horretatik, bioestimulatzaileak eta elizitoreak erabiltzea aztertu dugu. Substantzia horiek landareen defentsa naturalak indartzen dituzte, eta erresistenteagoak bihurtzen dituzte gaixotasunen aurrean. «Tratamendu tradizionalekin uztartuta, produktu hauek emaitza positiboak ekarri dituzte, eta, ondorioz, izurriak eta gaixotasunak kontrolatzeko behar diren fitosanitario kimikoen kantitatea murriztu ahal izan dugu», adierazi du ikertzaileak.

Era berean, estrategia ekologikoak ikertzen ari gara jatorri kimikoko fitosanitarioen erabilera guztiz ezabatzeko. Alabaina, haien inplementazioa erronka bat da oraindik zenbait laboretan, haien eraginkortasuna aldatzen baita gaixotasun-motaren eta ingurumen- eta lur-baldintzen arabera.

Haien bideragarritasuna bermatzeko eta benetako inguruneetan zer inpaktu duten ebaluatzeko, lankidetzan aritu gara eskualdeko upategiekin, eta haietan praktikok aplikatu dira nekazaritzako sektorearen konpromisoarekin. Ekimenean parte hartutako upategien artean honakoak daude: Agrícola Labastida, Ostatu, Bodegas y Viñedos Artuke, Eguren Vines, Gil Berzal, Beldio Txakolina, Casa Primicia, Loli Casado eta Gorka Izagirre upategiak. Horiek horrela, elkarlaneko ikuspegia bultzatu dugu ekoizpen-eredu jasangarri bateranzko trantsizioa laguntzeko.

Bestelako laboreak

Mahastietan aplikatzeaz gain, gure estrategiak zurezko eta belarrezko beste labore batzuetara ere hedatu ditugu (esaterako, patata, erremolatxa eta sagarrondoa). Kasu horietan, landare-osasunerako produktuak garaiz detektatzeko eta behar bezala doitzeko lanean ari gara, produktu kimikoen erabilera murrizteko, produktibitatea arriskuan jarri gabe.

Ildo horretan, Euskalmetekin eta Arabako Nekazaritza eta Abeltzaintza Batasunarekin (UAGA) batera eredu prediktibo espezifikoak baliozkotzen ari gara zenbait gaixotasunetarako, hala nola gorrinarako (patata), zerkosporarako (erremolatxa) eta karpokapsarako (sagarrondoa). Tresna horien bitartez kontrol-estrategiak doitu daitezke lurzati bakoitzeko ezaugarri partikularren arabera, eta horretan, ez da aplikatzen behar ez den tratamendurik eta fitosanitarioen kudeaketa efizienteagoa bermatzen da.

Ekimenok bat datoz fitosanitarioen erabilera jasangarriari buruzko Europako araudiekin (adibidez, 2009/128/CE Zuzentaraua) eta «Etxaldetik Mahaira» planarekin, zeinek helburutzat baitute gutxitzea pestizidak erabiltzeak giza osasunari eta ingurumenari ekarritako arriskuak. Araudi horiek izurrien kudeaketa integratua sustatzen dute, ordezko teknikak lehenetsita —hala nola metodo ez-kimikoak—, eta horrek, epe luzera, nekazaritza jasangarriagoa eta efizienteagoa laguntzen du.