BERRIA
NEIKEReko hiru ikertzaile, Stanfordeko rankingean berriro
16 urria 2023- Carlos Garbisu ingurumen mikrobiologiako espezialista eta Ramon Juste animalia osasuneko aditua “World Scientists: World´s Most Influential (Top 2%) Scientists” rankingean sartu dira bosgarren urtez jarraian, eta Inma Estevez animalien etologia eta ongizateko zientzialari ezaguna ere bigarrenez.
- Aitortza bereziki meritu handikoa da, NEIKEReko ikertzaile kopuru txikia kontuan hartuta, Stanfordeko rankingean sartzen diren beste erakunde batzuekin alderatuta, eta kontuan hartuta NEIKERek bere ikerketa lana euskal lehen sektorearen zerbitzura eta transferentziara zuzentzen duela, horren balio erantsia gehitzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.
Stanfordeko Unibertsitateak berriro eguneratu du munduko ikertzailerik onenen zerrenda, horien argitalpen zientifikoei buruz Scopus atarian egiten diren aipamenetan oinarrituta.
Aurten ere, Amerikako unibertsitate ospetsuak Carlos Garbisu doktorea, NEIKEReko zuzendari zientifikoa, Ramon Juste doktorea, Animalia Osasuneko Departamentuko ikertzailea, eta Inma Estevez doktorea, NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko Departamentuko ikertzailea sartu ditu indize horretan.
Munduko ikertzailerik aipatuenak daude zerrenda horretan, eta hori oso errekonozimendu handia da zerrenda osatzen dutenentzat. Izan ere, une honetan, rankinga erreferentzia zientifikorik entzutetsuena da nazioartean, zientzialariek egindako lanaren eragina ezagutzeko.
Aitortzak, beraz, NEIKERen bikaintasun zientifikoa erakusten du, bereziki meritu handikoa NEIKEReko ikertzaile kopuru txikia kontuan hartuta, Stanfordeko rankingean sartzen diren beste zentro askorekin alderatuta, eta kontuan hartuta NEIKERek bere ikerketa lana lehen sektorearen zerbitzura eta transferentziara zuzentzen duela, horren balio erantsia gehitzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.
Ibilbide profesionala
Aurten, Garbisu doktorea, NEIKEReko egungo zuzendari zientifikoa, Stanfordeko rankingaren Top %1ean sartu da berriro, 2022. urteko datuen arabera. Garbisu doktoreak aurrerapen handiak egin ditu lurzoruetan bizi diren mikroorganismoen ezagutzari buruz, batez ere nekazaritza lurrei eta kutsatutako lurrei erreparatuz, eta aitzindari da Euskal Autonomia Erkidegoan Lurzoruko Mikrobio Ekologiaren garapenean. Gainera, ezagutza teoriko eta praktiko garrantzitsuak eman ditu lurzoru degradatuak berreskuratzearen arloan. Gaur egun, bere ikerketaren zati handi bat ingurumenean antibiotikoekiko erresistentzien agerraldian eta barreiatzean oinarritzen da.
Horrez gain, Ramon Juste doktoreak, NEIKEReko Animalia Osasuneko Departamentuko ikertzaileak, animalien osasunaren inguruan garatu du bere jarduera zientifikoa. Bere ekarpen zientifiko nagusiak mikobakteriosien azterketan zentratzen dira, eta paratuberkulosia kontrolatzeko eraginkortasun epidemiologiko eta ekonomikoaren lehen eredu matematikoa garatu du eta txertaketaren babes espezifikoa eta ez-espezifikoa frogatu du. Gaur egun, xede nagusia ildo horri jarraitzea da, hanturazko gaixotasun motelen sortzetiko immunitate mekanismo komuna argitzeko eta immunoterapia aktiboaren bidezko kontrolean aplikatzeko.
Azkenik, Inma Estevez doktorea, NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko Departamentuko ikertzailea, Zoologian lizentziatua eta Etologian (animalien portaera) doktorea da Kordobako Unibertsitatetik. Bere ibilbide profesional luzean, ikertzaile lanetan aritu da Agriculture Canadan, Suediako Nekazaritza Zientzien Unibertsitatean, INRAn (Frantzia) eta Marylandeko Unibertsitatean (AEB), non Full Professor gradua lortu zuen. 2008an, IKERBASQUE Ikertzaile Senior gisa batu zen NEIKERreko plantillara. Bere ibilbidean sari hauek nabarmendu behar dira: «Junior Faculty Award» (Marylandeko Unibertsitatea), Hy-Line Nazioarteko Ikerketa Saria eta Poultry Science Association-en Ekoizpenerako Hegaztien Ongizaterako Ikerketa Saria. ikerketa proiektu lehiakor ugari gidatu ditu bai AEBn bai Europan, betiere ekoizpenerako hegaztien portaerari eta ongizateari lotutako alderdien inguruan. Bere ikerketa lana portaeraren ekologiaren oinarrizko ikuspegitik garatu da beti, eta, bereziki, dinamika sozialean egindako lanak nabarmentzen dira, baina erraz uztartuta ekoizpenaren eremuko aplikazioekin.