BERRIA
Labore ekologikoen gure saiakuntza esperimentaletara aurtengo lehen bisita ospatu dugu eta bertan azken aurrerapenak aurkeztu ditugu
15 uztaila 2022Nekazaritza ekologikoa zabaltzen ari da Euskadin
- Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren (Ekolurra) datuen arabera, 2021ean, %16 handitu da labore ekologikora bideratutako azalera, 2020ko datuekin alderatuta, 6.789 hektarea izatetik 7.905 hektarea izatera igaro baita.
- Testuinguru horretan, NEIKER zentro teknologikoak gaur egin du ber labore ekologikoen saiakuntza esperimentalen urteko lehen bisita, saiakuntzen azken aurrerapenak aurkezteko
- Arkautiko (Araba) zentroko lursailetara egindako bisitan, erremolatxa, kalabaza, arto eta edamame sojaren eta irin ekologikoa ekoizteko gari barietate berrien saiakuntzak aurkeztu dira
Europar Batasunaren arabera, etorkizunera begira elikagaien ekoizpen osasungarriagoa eta ingurumena errespetatzen duena lortzeko, 2030ean laboreen %25ek ekologikoak izan beharko dute Europan. Euskadiren kasuan, kontsumitzaileen eskaera gero eta handiagoari eta ekoizleen eta erakundeen ahaleginari esker, ekoizpen ekologikoa lur hektarea gehiago hartzen ari da urtez urte. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren (Ekolurra) datuen arabera, 2021ean, %16 handitu da labore ekologikora bideratutako azalera, 2020ko datuekin alderatuta, 6.789 hektarea izatetik 7.905 hektarea izatera igaro baita.
Labore ekologikoak lurraldean zabaltzen jarraitu dezan, oso garrantzitsua da barietate berriak ikertzea. Testuinguru horretan, Arkautin (Araba) ditugun lursailak nekazaritza ekologikoaren oraina eta etorkizuna behatzeko erakusleiho bihurtu dira gaur. Nekazaritzaren sektoreko eragile nagusiek zentroko instalazioetan elkartzeko aukera izan dute, NEIKERek labore ekologikoen saiakuntzekin dituen lursailetara ohiko bisita ofiziala egiteko.
Bisitan, udako laboreekin egindako saiakuntzen azken garapenak, aurreko kanpainetako saiakuntzen emaitzak eta etorkizuneko saiakuntzetarako proposamenak azaldu ditugu. Nobedade gisa, erremolatxa, kalabaza, arto eta edamame sojaren barietate berriak aurkeztu ditugu (ekarpen nutritibo handikoak), baita irin ekologikoa ekoizteko gari barietate komertzial berriak ere. Zehazki, gari barietate batzuek errendimendu handia erakutsi dute alean eta kalitatean, eta Euskadin ekoitzitako irin ekologikoarekin ogia egiteko balio lezakete. Hala azaldu du ekitaldian Roberto Ruiz de Arcautek, NEIKERen Landare Ekoizpen eta Babeserako Departamentuko ikertzaileak.
Ondoren, zentroak Arkautiko lursailean dituen soro esperimental ekologikoetako bisita ofiziala egin da: guztira zortzi hektarea dira, eta bertan labore ekologiko batzuen barietateekin saiakuntzak egiten dira, hala nola giza kontsumorako sojarena edo artobeltzarena, eta ongarri berrien ikerketak ere bai, besteak beste.
Landa lan hauek Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta NEIKERek eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoko Kontseiluak (Ekolurra) dinamizatzen duten Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Planaren (FOPE) barruko lanak dira. Ruiz de Arcautek azpimarratu duenez, “horrelako saiakuntzak funtsezkoak dira FOPEren erronka nagusiak betetzeko, hau da, nekazaritza sektoreari ekoizpen ekologikoa handitzen laguntzeko; eraldaketa eta merkaturatze katea garatzeko, eta, aldi berean, tokiko produktu ekologikoaren eskaria indartzeko”.
Ekoizpen ekologikoa, gorantz
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren (Ekolurra) datuen arabera, 2021ean, %8 handitu da labore ekologikoko operadoreen kopurua, 2020ko datuekin alderatuta, 658 izatetik 710 izatera igaro baita. Laboreen arabera, hazkunderik nabarmenenak erregistratu dira fruta arboletan (375 hektareatik 404 hektareara, %8 gehiago), mahatsondoetan (984 hektareatik 1.150 hektareara, %16 gehiago), fruitu lehorretan (26tik 39ra, %50 gehiago) eta larre, belardi, bazka eta oleaginosoetan (4.502tik 5.684 hektareara, %26 gehiago). Lurraldeei dagokienez, 2021ean, Araban kontzentratzen ziren labore ekologikoko hektareen %59, eta Bizkaia eta Gipuzkoa, berriz, zati berdinetan banatzen ziren gainerako hektareak.
Euskadin, Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Plana (FOPE) da ekoizpen ekologikoaren hazkundearen palanketako bat, Euskadin ekoizpen ekologikoa sustatzeko eta gizarteak produktu ekologikoengatik duen gero eta eskaera handiagoari erantzuteko sortu baita plana. Ekoizleen eta erakundeen ahaleginari esker, labore ekologikoak pixkanaka-pixkanaka lur hektarea gehiago hartzen ari dira Euskadin.
2014an abian jarri zen plan horren helburu nagusia da ekoizpen ekologikoa handitzea eta horri lotutako eraldaketa eta merkaturatze katea garatzea. Halaber, epe ertain eta luzera lortu nahi diren helburuetako batzuk dira operadore eta transformatzaileen kopurua eta tokiko kontsumoa handitzea, eta ekoizpen ekologikoan landutako azalera eta produkzioaren errentagarritasuna areagotzea.
Saiakuntzak erakusteko urtean bitan egiten diren ate irekien jardunaldi hauek Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Planaren (FOPE) barruko jardueretako bat dira, eta nekazaritza ekologikoaren sektorearen eragileak networking-ean aritzeko aukera ere badira.