NEIKER-Tecnaliak mahasti atlantikoetan mahastizaintza iraunkorra sustatzen du, fitosanitarioak murriztuz

Euskadin txakolin lursail batean gauzatuko dute Gesviña proiektua

Emaitzak hiru Jatorri Izendapenetara estrapolatzeko modukoak izango dira:Arabako Txakolina, Bizkaiko Txakolina eta Getariako Txakolina

NEIKER-Tecnalia Gesviña proiektuan parte hartzen ari da, eta proiektu horren helburua da, hain zuzen, mahasti atlantikoaren mahastizaintza iraunkorra sustatzea, fitosanitarioen erabilera murriztuz, sektorea aplikaziorako ekipamenduak kalibratzeko trebatuz eta higadura arintzeko eta jarduera biologikoa zein lurzoruaren emankortasuna hobetzeko landare estalkiak erabiliz, eta, hala, herbizidak gutxiagotu edo desagerraraztea.

Euskadin, txakolin lursail batean gauzatuko dute Gesviña proiektua, eta lortutako emaitzak hiru Jatorri Izendapenetara estrapolatzeko modukoak izango dira:Arabako Txakolina, Bizkaiko Txakolina eta Getariako Txakolina; izan ere, hiruretan antzekoak dira nekazaritza eta klima baldintzak, bai eta mahastian izan ohi diren arazoak ere.

Espero diren emaitzen artean, nabarmentzekoak dira, batetik, gaixotasunen kontrolerako sintesi kimikoko fitosanitarioak ez diren beste produktu batzuk aurkitzea, eta mahastizain ugarik horiek aplikatzea; eta, bestetik, ekipoak zuzen kalibratuko dituzten mahastizainen kopurua ugaritzea.Era berean, gure klima baldintzetara egokitutako landare estalkiak ebaluatzea espero da.Eta, azkenik, mahasti atlantikorako praktika onen eskuliburu bat idatzi, eta emaitzak sektoreko eragileen artean banatuko dira.

Mahasti atlantikoen ohiko arazoak

Mahasti atlantikoek hainbat arazo izan ohi dituzte; esaterako, hauek: minifundismoa, plubiometria altua eta tenperatura leunak, eta horiek guztiek tratamendu fitosanitarioak areagotzeko premia dakarte (batez ere, fungizidak); orografia malkartsua, higadura bultzatzen duena; kobrearen erabilerarekiko gehiegizko mendekotasuna (batez ere, erabilera mugekin eta lurzoruaren kutsadurarekin lotutako arazoak dituzten eredu ekologikoetan); eta batez besteko adin handi samarra duten mahastizainak, kontrolerako teknika berri iraunkorrak aplikatzeko zailtasunak dituztenak.Gainera, mahastizaintza ustiategi atlantikoek berezkoak dituzten baldintzek are zailagoa egiten dute legediak eskatutako aldaketak gauzatzearena, zeina geroz eta murriztaileagoa den produktu fitosanitarioen erabilerari dagokionez.

Azken urteetan, aldatzen ari da egoera; izan ere, gazteak ari dira mahastizaintzaren munduan sartzen, eta horiek iraunkortasun irizpideen araberako laborantza egiten dute.Ardo ekologikoen eskaera geroz eta handiagoa denez, eta sintesi kimikoko produktu fitosanitarioen erabileran dauden geroz eta murrizketa handiagoak direla tarteko, produktu alternatiboak ikertzen hasi dira, ingurumenarekin errespetu handiagoz jokatzen dutenak, eta laborantza teknika berrietara eramango gaituztenak; hala nola landare estalkiak, lurzorua narriaduratik babestu, eta karbono isurbide gisa jokatzen baitute.Arrazoi horiek direla tarteko, beharrezkoa da sektoreko kideei erabateko kontzientzia harraraztea euren mahastizaintza jardunak alda ditzaten, laborantza iraunkorragoa gauzatze aldera.

Gesviña proiektuak honako hauetara bideratuko ditu bere emaitzak: upategietara eta mahastizainetara; Jatorri Izendapena arautzen duten kontseiluetara; nekazari eta ustiapen zein eraldaketa enpresetara; eta nekazaritzarekin, ingurumenarekin eta landa garapenarekin zerikusia duten administrazio publikoetara.

Autonomia erkidegoaz gaindiko taldea

Gesviña taldeak, hots, mahasti atlantikoetan kudeaketa iraunkorra gauzatzeko helburua duen autonomia erkidegoaz gaindiko taldeak, Galizia, Asturias eta Euskal Herriko eskualdeak barne hartzen ditu.Mahastizaintzako eta ardogintzako Arousana Sozietate Kooperatiboa (Paco&Lola Upategia) enpresak koordinatzen du, eta NEIKER-Tecnaliak ez ezik, honako hauek ere parte hartzen dute: Elikagaien Kalitateko Galiziako Institutua (INGACAL), Asturiasko Printzerriko Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Garapenerako Eskualdeko Zerbitzua (SERIDA), Cangasko Kalitatezko Ardo Elkartea (Cangas Jatorri Izendapena) eta Galiziako Unibertsitate-Enpresa Fundazioa (FEUGA).