Lehen sektorearen euskarazko ikerketa zientifikoa babestuko dute NEIKERek eta Elhuyarrek

Elkarlanean dihardute gazteengan bokazio zientifikoak pizteko eta gizartean kultura zientifikoa sustatzeko

Bi erakundeek berritu duten elkarlanerako hitzarmenean jasotzen dira bi esparru horiek

NEIKER-Tecnalia Nekazaritzaren Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak eta Elhuyar Fundazioak 2016. urtetik duten lankidetza-hitzarmena berritu dute, lehen sektoreko ikerketa gizartera hurbiltzeko eta sektoreko euskarazko terminologia normalizatzeko.

Lehen sektorearekin lotuta euskaraz egindako ikerketak saritzea da NEIKER-Tecnaliaren eta Elhuyarren arteko lankidetzaren helburuetako bat. CAF-Elhuyar sariei “NEIKER sari berezia” kategoria gehitzea izan zen horretako adostu duten bidea. CAF-Elhuyar sarien helburuak dira zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea. Hala, aurten ere “NEIKER sari berezia” kategoria sariketaren beste kategoria hauei gehitu zaie: dibulgazio-artikulu orokorrak, egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak, zientzia-kazetaritzaren arloko lanak, eta zientzia gizartean sorkuntza-beka. Aurreko edizioetan 2.000 euroz hornitutako “NEIKER sari berezia” honako lan hauek jaso dute: Mikel Etxeberria Okarizen Udara bat ardiekin, senari jarraikaeta Iñaki Odriozola Larrañagaren Euskal Herriko mendiak: herbiboro handiek zizelkatutako paisaiak.

 

Elhuyarren beste proiektu estrategiko batekin bat egitea ere adostu dute NEIKER-Tecnaliak eta Elhuyarrek: Zientzia Azoka, gazteen zientzia-bokazioak pizteko, gizartearen kultura zientifikoa sustatzeko, eta bertako eta gaur egungo zientzia hedatzeko ekimena. NEIKER-Tecnaliak bere zentroak bisitatzeko aukera emango die Zientzia Azokan parte hartzen duten gazteei, eta egonaldiak eskainiko dizkie saridunei.

 

Hitzarmenak jasotzen duen beste elkarlan-esparruetako bat da lehen sektorean eta elikagaigintzan erabiltzen den terminologia eleaniztunaren bilketa eta kudeaketa egoki bat egitea. 1.500 kontzeptu espezializatu lau hizkuntzatan jasoko dituen hiztegi bat izango da lan horren emaitza.

 

NEIKER, erreferentziazko zentroa lehen sektorearentzat

NEIKER-Tecnalia, Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikita dagoen erakunde publikoa da, eta honako I+G helburuak erdiesteko konpromisoa hartua du: nekazaritzako ekoizpen-sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea; ustiapenetan kudeaketa-teknologia berriak garatu eta aplikatzea; nekazaritzako elikagaien eraldaketa-industriari, balio bereizgarria duten produktuei eta, oro har, kontsumitzaileei dagozkien kalitate-baldintzak betetzea. Horretarako, azpiegitura teknologiko bat osatu du, mehatxu biologikoei, ekoizpen-sistemari berari eta herritarrei erantzuteko asmoz.

I+G proiektuez gain, NEIKER-Tecnaliak transferentzia eta prestakuntza mailako ekintzak egiten ditu, eta horretarako, baliabide eta azpiegitura propioak dauzka, baita punta-puntako prestakuntza daukaten langileak ere.

 

Elhuyar, euskara sustatzea zientzian eta teknologian

Elhuyarren xedea honakoa da: euskaratik, teknologiaz eta ezagutzaz baliatuz, eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzalea eraiki nahi dugu.

 

Horretarako, zientzia eta teknologiaren esparruan, dibulgazio-, ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jarduerak egin eta sustatzen ditu, bai eta euskararen garapen osoaren bidean –normalizazioaren zein estandarizazioaren eremuetan- aholkularitza-, dibulgazio-, ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jarduerak egitea eta sustatzea ere, euskal gizarte eleaniztunaren testuinguruan.